Xabier Egea idazkariak egindako txosten horrek PSE-EE eta PP alderdien bozkak bakarrik izan zituen, oposizioko gainontzeko taldeek batzar aretoa utzi baitzuten gai hori jorratzen hasi baino lehen.
Oposizioaren ondorioak
Udalbatzarra amaitu ondoren, aretoa utzi duten oposizioko alderdiko, Ezker abertzalea, EAJ, LOHP, H1! eta EB, zinegotziek prentsaurrekoa eskaini zuten.
Honetan, alderdi bakoitzak diru laguntzen batzordeari eta txostenari buruzko ondorioak eskaini zituen.
Ezker abertzaleak ondorioen txostenean guztien iritzirik ez dagoela salatu zuen eta beraz, idazkariak aurkeztutako idatzia “partziala eta eskasa” zela adierazi zuten.
Honetaz gain, jakinarazi zuten PSE-EEk ondorioetan onartu dutela, esate baterako, kudeaketa pertsonalizatua eta kooperazioko teknikoa berandu kontratatu izana.
Galderak PSE-EEri
Eta ezker abertzaleko zinegotziek bi galdera luzatu zieten PSE-EEko kidei: “alderdi sozialistari nahikoa al zaio, ez al du ardurarik eskatuko? Eta non daude ardura ekonomikoak?” Izan ere, adierazi zutenez, Udalak eman dituen 100 milioi euro ez daude justifikatuak eta “herritarren poltsikoetatik ateratakoak” dira.
EBko Rikardo Ortegak “Ana Urchueguiak hasieratik bere erantzukizuna onartu izan balu, PSE-EE garbi geratuko litzateke” adierazi zuen.
Gainera, teknikoek urtetan diru laguntzen arloan ikusitako irregulartasunak alde batera utzi eta Udalak 2009ra arte ezer ez egitea salatu zuen.
“PP eta PSE-EEren ustez ongi itxi dute batzordea, baina ez da horrela” aipatu zuen EBko ordezkariak.
LOHPko zinegotziak, PSE-EEk hasieratik jarritako trabak eta PP eta PSE-EEk egindako paktuak ikerketa batzordea lurperatu izana salatu zuen.
Hamaika bateko zinegotziak, berriz, batzordeak ezer argitu ez duela eta auditoria eta kooperazioko teknikoaren laguntza eskasa izan direla azpimarratu zuen. “Ez dakigu proiektuak egin diren edo ez,” aipatu zuen.
EAJko zinegotziak batzordea hasieratik itxurakeria zela eta orain PSE-EEk gaia amaitutzat eman nahi izana salatu zuen.
Bestalde, alderdi jeltzaleko zinegotziak ondorioen txostenean idazkariak bere iritzia ematean, epaile lana egin izana egotzi zion. “Bere lana alderdien ondorioak hartu eta idaztea zen. Berak bereak egin ditu eta sententzia eman du” adierazi zuen.
Era berean, maiatzaren 22ko hauteskundeetan eman den indar aldaketaren ondorioz, hurrengo legealdian zerbitzu juridiko baten laguntzaz kudeaketaren ardurak argitzen saiatuko direla jakinarazi zuten EAJko eta LOHPko zinegotziek.
Adarra kaleko BOEk
Honetaz gain, Udalbatzarrean, diru laguntzen banaketari buruzko txostenaren gaiaren aurretik, Adarra kalean doazen etxebizitza babestuen prozedura behin-behinean onartu zen alderdi guztien bozkei esker.
Era berean, herritar batek prozedura honi jarritako alegazioa atzera bota zuten, erregistroan sartzeko bost urtetan herrian erroldatua egon behar dela berretsiz.