Plataforma eta PSE-EEren arteko tirabira

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 10a

Hauteskunde garaian ahalik eta boto gehien eskuratzearren alderdien artean izaten diren ika-mika eta tirabirak ez dira Lasarte-Orian hauteskunde ondorenean baretu. Behin alderdi politiko bakoitzak izango dituen zinegotzi kopurua jakinda, agintzeko gehiengo erosoa bilatzeko negoziaketa eta ahaleginak, bulegoetatik iritzi publikora iritsi dira aste honetan. Asteartean Jesus Maria Zaballos PSE-EEko alkategaia LOHPri buruz eta hauekin izan dituen negoziaketez aritu zen, eta asteazkenean hauek erantzun egin zioten.

Lasarte-Oriako behin behineko alkate eta PSE-EEko alkategai, Jesus Maria Zaballos, ekainaren 11n egingo den alkate izendapenari begira, LOHPrekin izan dituen elkarrizketei buruz mintzatu zen, asteartean, prentsaren aurrean eta hurrengo egunean erantzun egin zion plataforma honek komunikabideetara bidalitako prentsa ohar baten bidez, Zaballosek esandakoen zehaztasun falta kritikatuz. Plataformak asmakizun eta gezurtzat jo zituen Zaballosen adierazpenak.
Jesus Maria Zaballos-ek esandakoak argitzeko LOHPk bidalitako oharraren arabera, maiatzaren 22ko hauteskundeen ondoren, eta PSE-EEk jaso zituen emaitzak jakinak izanik, bere bulegora deitu zituen zinegotzi izango diren LOHPko bi hautagaiak eta bilera horretan, PSE-EEk bere programako 100 proposamenak irakurri zizkien. Plataformako kideek aipatu dutenez, "ezagutzen genituen arren oso adi entzun genituen proposamenak" eta ondoren bi baldintza jarri omen zizkioten Zaballos alkategaiari beraien botoak eskuratu ahal izateko: "baldintzak zintzotasuna eta erantzukizuna baino ez ziren izan, ez zioten beste ezer ere eskatu" plataformak azaldu duenez: are gehiago "besaulki eta prebendak, soldatak eta bulegoak arbuiatu egin genituen".

Negoziaketetan alboratu

LOHPk adierazi du behin eta berriz soilik zintzotasuna eta erantzukizuna eskatu zitzaiela eta Zaballosek ondorengo erantzuna eman ziela: “Zuentzako ezer nahi ez duzuela badiozue, eta zintzotasuna eta erantzukizuna eskatzen badidazue, nik, baldintza horiekin, negoziaketetan albo batean utzi behar zaituztet”.
Honen aurrean LOHPk argi utzi nahi izan du "Lasarte-Oriako alkate izan nahi duena ez bada zintzotasunez eta erantzukizunez jardun behar duela esateko gai, uste dugu ez duela kargua merezi, eta beraz, udaleko beste ordezkariak, derrigorrez, beste bide batzuk aztertzera behartzen ditu".
Era berean, aipamen honi jarraiki eta asteartean Jesus Maria Zaballosek publikoki esan zituen "gezur” eta “LOHPko kideen aurkako deskalifikazio guztien ondorioz, bi partidu hauen artean egon zitekeen nolabaiteko hurbiltasuna zaildu egin da. Horregatik bere jarrera aldatzeko eta, gizalegez jokatzeko eta egian oinarritzeko eskatzen diogu".
LOHPk argitu du, prentsa oharrean aipatutakoak egiaztatzeko frogak dituela, norbaitek nahi izanez gero, eta eskuragarri daudela PSE-EEk burutu nahi izan duen negoziaketaren xehetasun eta ikuspegi gehiago jakin nahi dituztenentzat: Negoziaketa hauetan "Lakuako aholkulariak hartu dute parte eta hauek ez zuten dudarik izan Zaballos solasaldi hauetatik kanpo uzteko, ez omen zuelako negoziaketetarako nahikoa esperientziarik" azaldu dute LOHPkoek. Honen aurrean zera galdetu dio bere buruari plataformak: "inbestidurako paktu bat negoziatzeko esperientzia nahikoa ez baldin badu, ba al du alkate izateko gaitasunik?"
“Argitasuna eta takigrafoak aldarrikatu ditu uneoro” plataformak eta zera gaineratu: “horregatik ez du zalantzarik ezta beldurrik ere negoziaketen nondik norakoak argitaratzeko. Era berean, aurrerago Bildu eta EAJrekin izan ditugun elkarrizketak ere publiko egingo ditugu".
Alderdi Popularrekin ez dela bildu argitu du Plataformak "hitz egiteko gonbidapena luzatu eta ez zutelako erantzun ere egin”. Horretarako, gizatasunik edo edukaziorik ere ez zuela izan leporatu dio Plataformak PPri".