Urte hasieratik Lasarte-Oriako bertso eskolako ordezkariak buru belarri aritu dira Gpuntua prestatzen.
Alde batetik, Gipuzkoako txapelketan parte hartu duten herriko bertsolariei zuzendutako ikastaro berezia jaso zuten Karlos Aizpurua eta Andoni Egañarekin eta bestetik beste bertso eskola batzuetako kideen aurka neurtu dituzte indarrak hilero maiatzera bitartean. Argi eta garbi ikusi da orain bertsolariek egindako ahaleginak espero ziren ondorioak izan dituela eta emaitza oso ona lortu dute txapelketako lehen fasean.
Txapelketa luzea
Orain irailera arte atseden hartuko dute baina bertso udazken luzea izango dute bertsolari eta bertsozaleek. Irailak 17-urriak 9 artean jokatuko dira zazpi final laurdenak, (lehen fasean sailkatu diren 32 bertsolari eta aurreko urtean finalaurrekoan izateagatik sailkatuta ziren beste hamar bertsolari, tartean Unai Muñoa dago hor); urriak 22-azaroak 6 artean jokatuko dira final laurdenak (azken sei finalistak hor hasiko dute txapelketa); azaroak 20-abenduak 4 artean finalaurrekoak eta abenduaren 18an jokatuko da Gipuzkoako bertsolari txapelketako finala Donostiako Ilunbe zezen plazan.
Pozik dira Lasarte-Oriako bertsolariak Gipuzkoako Txapelketa ondo hasi dutelako. Aurreko larunbatean Urretxu-Zumarragan egin ziren bi saioekin amaitu da lehen fasea. 20 saio jokatu dira denera maiatzaren 8an hasi eta ekainaren 5a bitarte, 10 herritan bi saio egun eta toki bakoitzeko bata goizez eta bestea arratsaldez.
Giro ona izan da saioetan: eguerdian bertsozale eta bertsolariei elkarrekin bazkaltzeko aukera eman zaie eta "giro ederra" gailendu da toki guztietan. Horixe nabarmendu dute antolatzaileek, lehen fase honek "aho zapore gozoz" utzi dituela, alegia, jende asko, bataz beste ehun lagun, batu direlako kanporaketetara, egun osoan bertsozale, antolatzaile eta parte-hartzaileen artean giro ederra egon delako eta bertsolariek oro har maila ona eman dutelako.
Gazteak indartsu
Lehen aldiz txapelketan parte hartu duten gazte asko izan dira eta maila bikaina eman dute. Horren adibide dira, Lasarte-Oriako bertso eskolan ari diren Unai Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Asier Azpiroz eta Ane Labaka.
Puntuei dagokionez erraz egin dute aurrera, batek edo bestek estualdiren bat pasa badu ere. Unai Gaztelumendi Añorgakoa oso ondo aritu da bi saioetan, eta bederatzigarren puntuaketarik altuena eskuratu du, 611,5 sailkapenaren gorenean izan den Agin Rezola Astigarragakoaren 656, baino 44,5 gutxiago. Amasako Beñat Iguaran, lehenengo 15en barruan sartu da, 603,5 punturekin eta beste biek, Zubietako Asier Azpirozek eta Ane Labakak berdinduta amaitu dute 20. tokian 598,5 punturekin. Hain juxtu elkarrekin abestu zuten biek Urretxu-Zumarragan egin zen azken kanporaketako goizeko saioan.
Sailkatzeko juxtu xamar ibili da Andoni Otamendi, baina txapelketa honetarako jarrita zuen helburua lortu du eta irailetik aurrera jokatuko den bigarren fasean gehiago gozatuko duela espero du. 580 puntu eskuratu ditu Andoni Otamendik.