10_Bertso-Eskolako sei kide bigarren fasera

jon-altuna 2011ko ekainaren 10a

Karlos Aizpurua eta Andoni Egañarekin bertsogintzan trebatzeko ikastaroa egin zuten Ttakun Bertso Eskolako zazpi bertsolarietatik sei izango dira irailetik aurrera Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bigarren fasean. Gpuntua izena hartu duen txapelketa honen lehen fasea larunbatean amaitu zen eta herriko bertsolarien artetik Zigor Iriondo izan da kanpoan geratu den bakarra. Unai Gaztelumendi, Beñat Iguaran, Asier Azpiroz, Ane Labaka eta Andoni Otamendik gainditu dute lehen fasea eta Unai Muñoa sailkatua zen duela lau urte finalerdietara iritsi zelako. Irailaren 17an hasiko diren final zortzirenetan lehiatuko dira Lasarte-Oriako bertso eskolan ari diren sei bertsolari hauek.

Lasarte-Oriako bertso eskolako ordezkariek lan bikaina egin dute G-puntua, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehen fasean eta parte hartzen duten zazpi bertsolarietatik sei pasa dira final zortzirenetara. Zigor Iriondo izan da kale egin duen bakarra, eta sailkapenetik 20 puntura gelditu da, muga 579 puntutan egon da eta 559 eskuratu ditu lasarteoriatarrak.
Urte hasieratik Lasarte-Oriako bertso eskolako ordezkariak buru belarri aritu dira Gpuntua prestatzen.
Alde batetik, Gipuzkoako txapelketan parte hartu duten herriko bertsolariei zuzendutako ikastaro berezia jaso zuten Karlos Aizpurua eta Andoni Egañarekin eta bestetik beste bertso eskola batzuetako kideen aurka neurtu dituzte indarrak hilero maiatzera bitartean. Argi eta garbi ikusi da orain bertsolariek egindako ahaleginak espero ziren ondorioak izan dituela eta emaitza oso ona lortu dute txapelketako lehen fasean.