"Egun historikoa izan da gaurkoa"

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 11

Maiatzaren 22ko hauteskunde emaitzak ikusita Lasarte-Oriako gobernagarritasunarentzat bide berri bat ireki zen. Bi asteko bileren ondoren, aldaketa hori gauzatu zen larunbatean Udaleko pleno aretoan goizeko 09:00etan ospatu zen inbestidura ekitaldian. Bildu, EAJ eta LOHP, Bilduren alkategai zen Pablo Barrio bozkatu eta herriko alkatean bilakatu zuten. 25 urtetan Lasarte-Oriako gobernuan PSE-EEk izan duen hegemoniaren ostean garai berriei ireki zaie bidea.

Ekainaren 11etik aurrera garai berri bati emango zaio hasiera Lasarte-Orian. 25 urteko gobernu sozialista baten ostean gobernu abertzale batek agindu eta antolatuko du herria. Pablo Barrio idazlea eta Bilduko alkategaia, Lasarte-Oriako alkatea berrian bilakatu da EAJ eta LOHP babesarekin.

Lehenik eta behin, zorionak! Nolakoa izan da gaurko eguna?
Garbi dago gaurkoa egun historikoa dela. Maiatzaren 22ko hauteskundeen ondoren sortu den egoera historikoa izan da, orain arte Lasarte-Orian eman ez dena, ez da inoiz gertatu eta aprobetxatzekoa zela uste genuen. Momentu honetan kale egin izan bagenu, jendeak ez luke ulertuko, eta egia esan guk ere ez. Hala ere hasieratik zalantzak egon dira, eta azken momentua arte mantendu dira
Aldaketa nahia oso nabarmena zen herrian. Lasarte-Orian PSE-EE azken 25 urte hauetan izan duen jarrera oso itxia izan da, bere esparruko gauza bat bezala erabili du udaletxea. Ez dute ez herriarekin ez oposizioan zeuden beste alderdiekin harremanik ezta lana egin izan nahi. Eta gaur, nolabaiteko ordaina etorri zaie. Izan ere, gobernuan jarraitu ahal izateko lagunak behar zituzten eta euren jarreraren ondorioz ez dituzte aurkitu.

Bildu, EAJ eta LOHPren akordioa zirrara ikaragarria piztu du herritarren artean.
Kalean ilusio handia nabaritzen zen. Etxetik atera eta ibili beharreko distantziak oso luzeak ez baziren ere, espazioan, denboran bai. Jendeak gelditu egiten ninduen Zorionak lortu duzue eta orain bidea daukazue aldaketa hori egiteko, egin ezazue esanez. Hitz hauek ez dira gure boto emaileen aldetik etorri soilik, beste alderdien boto emaileen, eta are gehiago, botoa eman ez duten horietatik etorri zaizkit. Jendeak aldaketarako ilusio handia zeukan. Gainera inpresio hau ez dugu bakarrik Bildukoak jaso, EAJ eta plataformako kideek ere aldaketa honen nahia eta beharra sumatu dute herriko giroan.

Gaur goizean jende pilo bat hurbildu da pleno aretora. Goizeko 08:30etan jendez gainezka zegoen.
Momentu berezia izan da. Guk ordurako bagenekien zer gertatuko zen, beraz nahiko lasai geunden. Baina han bildutako askok ez zekiten gure erabakiaren berri. Hala ere, guk akordioaren berri izanik ere, gertatu den arte... Ikaragarria izan da gaur goizekoa, historikoa eta lasarteoriatarrek espero zutena. Duela lau aste hau esan baziguten, ez genuke sinetsiko.

Maiatzaren 22an ospatutako hauteskundeetan, burutik pasa al zitzaizuen hainbesteko errepresentazioa lortzea?
Bosgarren zinegotzia eskuratzea posible ikusten genuen, baina halaber zaila ere. Kanpainan zehar ere zalantza ugari bizi izan ditugu, ez genekien aurkezteko aukera izango genuen edo ilegalizatu egingo gintuzketen. Beraz, momentu horietan alkatetzarekin amestea urruneko gauza zen. Gure asmoa hasieran oposizioan egotea zen eta bertatik lan polita egitea. Baina klaro, gero emaitzak ikusita etorkizun berria ireki zitekeela ikusi genuen eta hori aprobetxatu beharra zegoela. Gainera intentzio hau ez zen gurea bakarrik, EAJk ere hasieratik oso aldeko jarrera hartu zuen aldaketaren bidetik ekiteko.

Kaleak EAJren intentzioa ez zuen argi ikusten, are eta gehiago komunikabideetan agertutako informazioa eta gero.

Gauzak modu batean edo bestean ikusten dira segun eta nondik begiratzen diren. Hauteskunde gauean bertan telebistan emandako emaitzaitzen gure herria ez zen Bilduren garaipen bat bezala agertzen. Azken finean Lasarte-Orian sozialistek irabazi dute 7 zinegotzirekin eta guk 5 izan ditugu. Beste herri batzuetan Bilduk izan dituen emaitzak ikusita gureak ez dira ikusgarriak izan. Beraz, ez zitzaion hainbesteko garrantzia eman, baina guk gure herria ezagututa emaitzak ikaragarriak ikusi genituen, eta aldaketaren bidea ireki zezaketenak.
Pentsatzen dut EAJren barruan ere ikuspuntu ezberdinak egongo zirela, gauza bat da herriko EAJk duen ikuspuntua eta beste bat goiko karguek ikusten dutena, haientzako Lasarte-Oria beste pieza bat baino ez da. Herriko alderdiek bagenekien aukera hori historikoa zela eta aprobetxatu behar genuela.

Eta nola ikusten duzu zuk zure burua alkate bezala?
Bilduko hautagai bezala aurkeztu nintzenean ez zitzaidan burutik pasa alkate izateko aukera izango nuenik. Duela bi hilabete esan bazidaten, ez nuen sinetsiko. Baina arduraz eta pozik hartu dut alkate kargua. Politikoki aukera ikaragarria izan da.
Hemendik aurrera lana edukiko dugula argi daukagu eta ez lan erraza gainera. Kontuan izan behar da gu politikan hasi berriak garela, guretzat mundu honetan egotea sorpresa izan da. Orain mundu hau ezagutu behar dugu.
Egun hauetan politikaren moduak ezagutzen hasi gara, negoziaketekin adibidez, gu ez ginen adituak eta gauza potoloa da. Negoziaketetan ikasi dugu eta orain Udalean ikastea tokatzen zaigu.
Gaur disfrutatzeko eguna izango da, bihar deskantsatzera eta astelehenean gogor sartuko gara lanean. Udalak dituen baliabideak aztertzea izango da gure lana eta benetako egoera zein den.

Herria eratu zenetik PSE-EE egon da gobernuan, nagusitasuna izan du.
Hori da eta gainera orain krisi egoera latz batean murgilduak gaude eta nire ustez luze joko duen egoera izango da. Beraz, gure alkatetza aldaketaren sintoma bat da eta seguruenik aldaketa hauek jarraituko dute. Badakigu orain jaso berri dugun paper honetan bizitzea tokatuko zaigun egoera latza izango dela, izan ere, nire ustez Udalean ikaragarrizko zuloa aurkituko dugu. Herrian egiteko gauza asko eta behar handiak aurkituko ditugu, baina hori aurrera ateratzeko diru gutxi.

Ze aldaketak dituzue pentsatuta?
Batez ere planteamendu bezala eta diruaren kontua eraginik izango ez duena, jarrera aldaketa izango da. Udala kudeatzeko planteamendu berri bat jarriko dugu martxan.
Orain arte PSE-EEk bere eremua izan du, gehiengo osoarekin eta beraz nahi izan duen guztia egin du bai herriarekiko eta baita Udalaren barruan ere bai. Hori argi eta garbi, aldatu egingo da. Bai Bildurentzat, bai EAJrentzat eta bai LOHPrentzat hori aldatu beharra dago eta udaletxe barruko harremanetan eta herriarekiko harremana ezinbestekoa izango da.
Herrian talde asko daude eta arlo ezberdinetakoak. Arlo batzuetan gainera oso talde aktiboak ditugu eta Lasarte-Oria hauetan eredugarria da. Mugimendu handiko herria da gurea bai kultur, kirol... mailan. Beraz, hasieratik esaten dugu talde horiei Udalean hartzen diren erabakietan parte hartzeko eta euren planteamenduak luzatzeko bide librea utziko diegula.

Herriarekin herria eratu.
Hori da. Azken aldi honetan herri parte hartzailearen ideia oso zabalduta dago. Mezu hau gehiegi zabaltzen denean zentsua galdu dezake, baina argi utzi nahi dugu gure asmoa hori benetan gauzatzea dela. Gobernatzeko modu hau ez dago oso garatua, beraz erabiltzen den herrietako esperientziak ikusi eta baliagarriak diren teknikak ekarriko ditugu edo gurera moldatu.

Nola ikusten dituzu etorkizuneko lau urte hauek?
Akordioa sinatu dugun alderdien aldetik asmo garbia dugu. Zerbait sinatu badugu horretan zentsuak izateko eta egonkortasuna mantentzeko izan da. Argi geneukan gure akordioa ez zela PSE-EE gobernutik ateratzeko izango, hori helburu bezala ezin da planteatu ere egin.
EAJ, LOHP eta gure artean asmo finkoa dago eta kontuan hartzen dugu PSE-EE or dagoela eta eskuratu dituen bozketei esker 7 zinegotzi dituela. Eta argi dugu eurak udalean inplikatzea nahi dugula.
Zaballosekin bildu ginenean argi esan genion gure kandidatura aurkeztuko genuela eta gerta zitekeela; ateratzea edo ez ateratzea, baina oposizioan geratzen baginela guk oposizioa egingo genuena, eta ez oposizioa oposizioa egiteagatik, baizik eta aurkeztuko zituzten proiektuetan desadostasunak izango genituelako.
Orain egoera aldrebes planteatzen da. Guk gure planteamendu eta proposamenak jarriko ditugu mahai gainean eta PSE-EEkin ados baldin bagaude edo PSE-EEk egiten dituen ekarpenak baliagarriak badira aurrera egingo dugu. Argi utzi nahi dugu gure aldetik eta ikuspuntu horretatik ez dela arazorik egongo, behintzat akordioa sinatu dugun alderdien aldetik.
Badakit gobernu akordio hau sinatu dugun alderdien artean desadostasunak suertatuko direla, izan ere puntu batzuetan oso nabarmenak dira idei kontrajarriak ditugula. Desadostasun hauek onartzen ditugu eta egoera planteatzen denean, argi dugu zintzotasunez eta modu naturalean jokatzen jakin beharko dugu. Errespetuz hartu beharko ditugu erabakiak.

Koalizioko gobernua izango da?
EAJ eta Bilduren arteko koaliziozko gobernua izango da. LOHPkoekin bildu ginenean planteamendu bat egin ziguten hasieratik, eurak aldaketaren aldeko apostua egingo zutela baina gobernuan parte hartu gabe. Lanean eta elkar lanerako prest daudela baina ez gobernu batzordeko kide izateko. Beraz, gobernu batzordea EAJ eta gure artean osatuko da. Eta hauteskundeetan eskuratutako zinegotzien erlazioa mantenduz osatuko da.

Zurrumurru ugari egon da egun hauetan Zaballos alkatetzatik kendu eta Somotoren kausa irekitzea zenutela helburu...
Somotoren egoera garbi dago oso garrantzitsua eta oihartzun handikoa izan dela. Baina lehen esan dudan bezala, eta guretzat oso inportantea den aspektu batengatik egin da aldaketa, beharra zegoelako eta Udal honek zituen egiteko moduak ezin zirelako onartu. Udal batek ezin du herriarengatik lan egin herritarrei bizkarra ematen badie. Ezin zaie onartu oposizioarekiko izan duten jarrera, hauek mozioak eta proposamenak aurkezten saiatu diren arren, gero ez zaizkie aukerarik eman.

Aldaketa nabarmena beraz, hitza izango da.
Hori da. Hots ezberdinak izango dute tokia. Udaletxea leku ireki bat bezala ulertzera eman nahi dugu. Aire berria, aire freskoa sartuz. Azken finean herria udaletxera etor dadila bultzatu nahi dugu, izan ere, guztion etxea da.
Honetaz gain, aldaketa puntual eta konkretuak egongo dira, garrantzia handikoak, baina hauek aurrerago begira egin beharko dira. Momentuz, burua kokatzea tokatzen zaigu eta herriaren alde, aurrera egin.