Ekainaren 11tik aurrera garai berri bati eman zaio hasiera Lasarte-Orian. 25 urteko gobernu sozialista baten ostean gobernu abertzale batek agindu eta antolatuko du herria. Pablo Barrio idazlea eta Bilduko alkategaia, Lasarte-Oriako alkate berrian bilakatu da EAJ eta LOHPren babesarekin.
Zorionak! Nola bizi zenuen larunbateko eguna ?
Garbi dago larunbatekoa egun historikoa zela. Maiatzaren 22ko hauteskundeen ondoren sortu den egoera historikoa izan da, orain arte Lasarte-Orian eman ez dena, ez da inoiz gertatu eta aprobetxatzekoa zela uste genuen. Momentu horretan kale egin izan bagenu, jendeak ez luke ulertuko, eta egia esan guk ere ez. Hala ere hasieratik zalantzak egon ziren, eta azken momentura arte mantendu ziren.
Aldaketa nahia oso nabarmena zen herrian. Lasarte-Orian PSE-EE azken 25 urte hauetan izan duen jarrera oso itxia izan da, bere esparruko gauza bat bezala erabili du udaletxea. Ez dute ez herriarekin ez oposizioan zeuden beste alderdiekin harremanik ezta lana egin izan nahi. Eta larunbatean, nolabaiteko ordaina etorri zitzaien. Izan ere, gobernuan jarraitu ahal izateko lagunak behar zituzten eta euren jarreraren ondorioz ez zituzten aurkitu.
Bildu, EAJ eta LOHPren akordioa zirrara ikaragarria piztu du herritarren artean.
Kalean ilusio handia nabaritzen zen. Nonbaitera joan behar nintzenean, etxetik atera eta distantziak oso luzeak ez baziren arren espazioan, denboran bai. Jendeak gelditu egiten zidan “Zorionak, lortu duzue eta orain bidea daukazue aldaketa hori egiteko, egin ezazue” esanez. Gainera hitz hauek ez dira bakarrik gure boto emaileen aldetik etorri, beste alderdien boto emaileen aldetik eta are gehiago botoa eman ez duten horietatik etorri zait. Jendearen aldetik aldaketarako ilusio handia zegoen. Gainera inpresio hau ez dugu bakarrik guk, Bildukoek jasoa, EAJ eta Plataformako kideek ere aldaketa honen nahia eta beharra sumatu dute herriko giroan.
Larunbat goizean jende asko hurbildu zen pleno aretora. Goizeko 08:30ean jendez gainezka zegoen.
Momentu berezia izan zen. Guk ordurako bagenekien zer gertatuko zen, beraz nahiko lasai geunden. Baina han bildutako askok ez zekiten gure erabakiaren berri. Hala ere, guk akordioaren berri izanik ere, gertatzen den arte... Ikaragarria izan zen larunbatekoa , historikoa eta lasarteoriatarrek espero zutena. Duela lau aste hau esan baziguten, ez genuen sinetsiko.
Maiatzaren 22an ospatutako hauteskundeetan, burutik pasa al zitzaizuen hainbesteko errepresentazioa lortzea?
Bosgarren zinegotzia eskuratzea posible ikusten genuen, baina halaber zaila ere. Kanpainan zehar ere zalantza ugari bizi izan ditugu, ez genekien aurkezteko aukera izango genuen edo ilegalizatu egingo gintuzten. Beraz, momentu horietan alkatetzarekin amestea urruneko gauza zen.
Gure asmoa hasieran oposizioan egotea zen eta bertatik lan polita egitea. Baina klaro, gero emaitzak ikusita etorkizun berria ireki zitekeela ikusi genuen eta hori aprobetxatu beharra zegoela. Gainera intentzio hau ez zen gurea bakarrik, EAJk ere hasieratik oso aldeko jarrera hartu zuen aldaketaren bidetik ekiteko.
Eta nola ikusten duzu zuk zure burua alkate bezala?
Bilduko hautagai bezala aurkeztu nintzenean ez zitzaidan burutik pasa alkate izateko aukera izango nuenik. Duela bi hilabete esan bazidaten, ez nuen sinetsiko. Baina arduraz eta pozik hartu dut alkate kargua. Politikoki aukera ikaragarria izan da.
Hemendik aurrera lana edukiko dugula argi daukagu eta ez lan erraza gainera. Kontuan izan behar da gu politikan hasi berriak garela, guretzat mundu honetan egotea sorpresa izan da. Orain mundu hau ezagutu behar dugu.
Egun hauetan politikaren moduak ezagutzen hasi gara, negoziaketekin adibidez, gu ez ginen adituak eta gauza potoloa da. Negoziaketetan ikasi dugu eta orain Udalean ikastea tokatzen zaigu.
Larunbatean disfrutatzeko eguna izan zen, igandean deskantsatu eta gaur gogor sartuko gara lanean. Udalak dituen baliabideak aztertzea izango da gure lana eta benetako egoera zein den jakitea.
Herria eratu zenetik PSE-EE egon da gobernuan, nagusitasuna izan du.
Hori da eta gainera orain krisi egoera latz batean murgilduak gaude eta nire ustez luze joko duen egoera izango da. Beraz, gure alkatetza aldaketaren sintoma bat da eta seguruenik aldaketa hauek jarraituko dute. Badakigu orain jaso berri dugun paper honetan bizitzea tokatuko zaigun egoera latza izango dela, izan ere, nire ustez Udalean ikaragarrizko zuloa aurkituko dugu. Herrian egiteko gauza asko eta behar handiak aurkituko ditugu, baina hori aurrera ateratzeko diru gutxi.
Aldaketarik pentsatuta duzue?
Batez ere planteamendu bezala eta diruaren kontua eraginik izango ez duena, jarrera aldaketa izango da. Udala kudeatzeko planteamendu berri bat jarriko dugu martxan.
Orain arte PSE-EEk bere eremua izan du, gehiengo osoarekin eta beraz nahi izan duen guztia egin du bai herriarekiko eta baita Udalaren barruan ere. Hori argi eta garbi, aldatu egingo da. Bai Bildurentzat, bai EAJrentzat eta bai LOHPrentzat, hori aldatu beharra dago eta udaletxe barruko harremanetan eta herriarekiko harremana ezinbestekoa izango da.
Herrian talde asko daude eta arlo ezberdinetakoak. Arlo batzuetan gainera oso talde aktiboak ditugu eta Lasarte-Oria hauetan eredugarria da. Mugimendu handiko herria da gurea bai kultura, kirola... mailan. Beraz, hasieratik esaten dugu talde horiei Udalean hartzen diren erabakietan parte hartzeko eta euren planteamenduak luzatzeko bide librea utziko diegula.
Herriarekin herria eratu.
Hori da. Azken aldi honetan herri parte-hartzailearen ideia oso zabalduta dago. Mezu hau gehiegi zabaltzen denean zentzua galdu dezake, baina argi utzi nahi dugu gure asmoa hori benetan gauzatzea dela. Gobernatzeko modu hau ez dago oso garatua, beraz erabiltzen den herrietako esperientziak ikusi eta baliagarriak diren teknikak ekarriko ditugu edo gurera moldatu.
Koalizioko gobernua izango da?
EAJ eta Bilduren arteko koalizioko gobernua izango da. LOHPkoekin bildu ginenean planteamendu bat egin ziguten hasieratik, eurak aldaketaren aldeko apostua egingo zutela baina gobernuan parte hartu gabe. Lanean eta elkar lanerako prest daudela baina ez gobernu batzordeko kide izateko. Beraz, gobernu batzordea EAJ eta gure artean osatuko da. Eta hauteskundeetan eskuratutako zinegotzien erlazioa mantenduz osatuko da.
Aldaketa nabarmena beraz, hitza izango da.
Hori da. Hots ezberdinek izango dute tokia. Udaletxea leku ireki bat bezala ulertzera eman nahi dugu. Aire berria, aire freskoa sartuz.
Honetaz gain, aldaketa puntual eta konkretuak egongo dira, garrantzia handikoak, baina hauek aurrera begira egin beharko dira. Momentuz, burua kokatzea tokatzen zaigu eta herriaren alde, aurrera egitea.