Dantzari txiki trebeak
Goizeko 10:30ean bildu ziren denak Andatza plazan eta 11:00etan abiatu ziren Lasarte-Oriako auzoetako kaleetatik barrena musikarekin herria girotzen, talde bakoitza ibilbide desberdinetik. Etenaldiak ere egin zituzten euren dantzak bildutakoei erakusteko. Jende asko gerturatu zen haurrak dantzan ikustera.
Energiak berreskuratzera
Behin bazkalduta eta bapo jan ondoren, energia ugarirekin berriro bildu ziren jaialdiari jarraipena emateko. 17:00ak aldera eman zitzaion hasiera arratsaldeko saioari. Talde bakoitzak prestatutako emanaldia eskaini aurretik, talde guztiek agurra dantzatu zieten bertaratutakoei. Dantza askoren artean, zinta dantza, makil dantza eta arrantzale dantza ikusteko parada egon zen.
Eguraldiari esker jende ugari bildu zen Lasarte-Oriako, Faltzes, Zangotza eta Oreretako taldeak ikusteko. Andatza plaza dantzaleku erraldoian bilakatu zen atzo.
Dantzari guztiak dantzan
Emanaldiari amaiera emateko talde guztiak elkarrekin fandango, arin-arin eta kalejira dantzatu zuten. Dantzari Txikien egunari amaiera ederra eman zioten.
Berriro ere, urtero legez giro polita eta paregabea sortu zen herrian dantzari txikiei esker. Jende ugari gerturatu zen Andatza plazara talde hauen dantzak ikusteko. Zorionez aurten gainera eguraldia lagun izan zuten egun guztian zehar.