Axular-eko danborrada Londresen

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 13a

Donostiako Axular ikastolako danborrada osatzen duten ikasle ohi, hauen guraso eta irakasleek Londresen ekainaren 4an larunbatean burutu zen, “Regent Street, a taste of Spain” jaialdian parte hartu zuten. Donostiako danbor soinuak eraman zituen 68 kideko taldean bost ziren lasarteoriatarrak, David Franco eta familia bereko lau herritar, Oihana Amonarraiz, ama, ahizpa eta senarra.

Axular ikastolako danborradako kideek, San Sebastian egunean danborra jotzeaz gain, zenbait irteera egin ohi dituzte tarteka eta aurreko astean orain arte egin duten bidaiarik luzeena eta interesgarriena egin dute, Londres erdira eraman baitzituzten Sarriegiren doinuak.
Donostiatik kanpo, Euskal Herrian jo izan dute behin edo behin, esaterako Mendigorrian duela gutxi eta Madrilen izan ziren iaz.
Orain Londresen turismoa promozionatzeko eta bultzatzeko egiten den jaialdi erraldoi batean, “Regent Street, a taste of Spain” izenekoan parte hartzeko gonbidapena jaso eta 68 lagunen bidaia eta ostatua ordaindu diete antolatzaileek.
Seigarren jaialdia izan da aurtengoa eta orain arte euskal trikitilari eta dantzariak joan baziren ere, aurten danborrada oso bat gonbidatu dute, zerbait berezia eskaini nahi zutelako eta ederki baliatu dute Axularko danborradako partaideek.

Donostiatik Londresera

2 urtetik 18 urtera bitarteko haurrek ikasten dute Donostiako Axular ikastetxean eta bertako Oihana Amonarraiz irakasleak eman digu bidaiaren berri.
Alberto Luis senarra, Eider Amonarraiz ahizpa eta Mila Ugarteburu ama ere danborradako partaide dira eta lauak ibili dira Bretainia Handiko hiriburuan.
Ekainaren 4an larunbatean abiatu ziren hegazkinez, eta astelehenean itzuli ziren "oso ondo" pasa eta gero.
Autonomi erkidego bakoitzeko kultur talde bat edo bi joan dira: hemendik, Axularko danborrada eta Bilbo inguruko "We are Standard" Londresen oso ezaguna zen rock taldea.

Egun osoko festa

Danborradak, eguerdian hasi eta arratsaldeko 19:00-20:00ak arte orduro jo zuen piezaren bat. "Bost mila lagun baziren ikusten, kristoren giroa zen" kontatu digu Oihana Amonarraizek.
Londresko City erdi erdian kalea itxi eta ikuskizun bikaina eskaini zuten, kirol erakustaldiak, rock kontzertuak, kultur ikuskizunak,... denetarik egon zen.
Paella, urdaiazpikoa, gazpatxoa, txurroak eta beste dastatzeko aukera eskaini zen eta Menorcatik joandako talde batek zaldiekin erakustaldia egin zuen.

Jaia hasteko, danborrak

Gainera, Donostiako taldea izan zen ekitaldi guztiei hasiera eman ziena larunbat eguerdian. Oihana Amonarraizek kontatu digunez, "izugarria izan zen hori, horrelako ekitaldi garrantzitsuari sarrera ematea... Gero orduro 15 minutuko saio bat egiten genuen. Euskadik jarrita zuen stand-aren atzeko kaletik ateratzen ginen, stand-aren aurrean jarri eta bizpahiru pieza jo. Bien bitartean ikusle denak argazkiak atera eta atera ibili ziren”.

Flash-en helburu

“Hoteletik atera ginenetik ez dakit zenbat argazki atera zizkiguten... beraientzako dena zen berria. Dena galdetzen ziguten, zeintzuk zarete, nondik zatozte, edota zergatik jotzen duzue. Ez zuten sekula horrelakorik ikusi, eta ikaragarria zen beraientzako" kontatu digu aste honetan Oihana Amonarraizek.
Danborra jotzeaz gain, Londres hiriburuko erdigunea ikusteko aukera izan dute Axularko bidaiariek asteburuan.