Aste Berdearen irakurketa positiboa egin du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 13a

Lehengo astean zehar, herritarrek kontsumoa murriztearen garrantziaz ohartzeko hainbat ekintza burutu dira Lasarte-Orian: bigarren eskuko azoka, hitzaldia eta sukaldaritza jardunaldiak.
Hauek guztiak, Aste Berdea 2011 ekimenaren barruan egin dira eta Udalak ekintzen irakurketa positiboa egin du.

Bigarren eskuko azoka

Larunbatean, ekainaren 4ean, Dorre parkean egin zen Bigarren eskuko azokak harrera ona izan zuela adierazi du Udalak.
Eskaini datuen arabera, azokan 6 elkarte, 30 herritarrek eta familia eta haien haurrek osatutako talde berezi batek postua jarri zuten.
Gainera, eguraldi onak bultzatuta, azokara herritar ugari hurbildu zirela eta salmenta kopurua ona izan zela azpimarratzen du.

Hitzaldia

Asteartean, aldiz, Eusko Jaurlaritzako Kontsumo zuzendaritzako lagun batek egungo kontsumo gizartea aztertu eta kontsumoa murriztu eta aurrezteko aholkuak eskaini zituen.
Duela hamar urteko eta egungo konparaketa egin zuen. “Lehen beharrezko gauzak kontsumitzen ziren, orain gauza gehiago izateko,” adierazi zuen.
Kontsumo honek planetan eta pertsonengan dituen ondorioez ere mintzo zen, kontsumo sostengaezina, zorrak izatea eta gainelikadura.
Eta azken puntu honi heldu zion jarraian. Elikadura behar nagusietako bat da. Baina lehen, oinarrizko elikagaiak kontsumitzen ziren, gaur egun ez da hain zaila edozein jaki eskuratzea.
Hala baina, herritar guztiek beharrezkoa duten elikadura lortzeko errekurtsoen ustiapen handia sortzen duela gogorarazi zuen.
Hau guztia hein batean konpontzeko, kontsumoa murriztu eta aurrezteko zenbait ideia eskaini zituen: zerrenda egin, erosketa zerbait jan ostean egitea, beharrezkoak ditugun gauzak erosi, produktuek informazioa eta kalitate-prezioa begiratu, etab.

Sukaldaritza jardunadiak

Bestalde, asteazken eta ostegunean, sukaldaritza jardunaldian izan ziren Udaberri elkartean.
Euskarazko saioan, Juan Luis Eizmendi Goiegiko sukaldariak janari soberakinekin egin ahal diren hiru errezeta eskaini zituen: bakailao ajoarriero budina, babarrun entsalada eta arroz bola frijituak.
Honetaz gain, hainbat elikagaiekin egin daitezkeen errezetak ere aipatu zituen, hala nola, arrain-bolak edo ogiarekin edo kruasanarekin egindako budinak.
Ostegunean, berriz, Lurra XXI jatetxeko Jose Ramon Garzarainen txanda izan zen.
Honek oilasko hostopila eta espinaka-kroketak egin zituen.
Baina errezetez gain, Lurra XXIeko sukaldariak aholkuak eskaini zituen elikagaien erosketa eta kontserbazioari buruzkoak, esate baterako.
Bi saio hauetan 35 bat herritarrek parte hartu zuten eta hainbat galdera egin zizkieten herriko jatetxeetako sukaldariei.