Berrien gaitasuna kolokan jarri du PSE-Eek

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 15a

Lasarte-Oriako PSE-EEk alkate berriaren izendapenaren balorazioa egin du gaur goizean, herriko Gobernua osatu duten alderdien eta aldaketa bultzatu dutenen jarrera salatu du, EAJ eta LOHP alderdiena batez ere. Eta oposizio lasaia eta herriaren aldekoa egingo dutela jakinarazi du. ”Lasai asko goaz oposiziora, herritarrekin hartu ditugun konpromisoak defenditzera”.

Lasarte-Oriako alkate ohiak, Jesus Zaballosek, herriko alderdi sozialistaren izenean prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean. Honetan, EAJ, Bildu eta LOHP alderdien “paktua” eta alkatetzako aldaketa izan dira hizpide.
Legealdi berrian Udalean PSE-EEko bozeramaile izango den Jesus Zaballos larunbateko Udalbatzarrari buruz mintzatu da hasteko: “Larunbatean alkate berria aukeratu zen, jendez betea zegoen udalbatzarrean. Hain juxtu, duela gutxira arte, liskarrak sortu, iraindu eta mehatxatzen gintuzten jendez beteta,” esan du.

Herriaren iritziaren aurka

Alderdi sozialistako kideak azpimarratu duenez, alkate berria aukeratu zen, “baina ez zen zerrenda botatuena errespetatu. Gehiago diot, ez zen lasarteoriatar gehienen iritzia errespetatu Pablo Barrioren, ezker abertzaleko zinegotziaren hautuan.”
“Gertatutakoa errespetatzen dugu, ez baitugu prozedura demokratikoa zalantzan jartzen,” jarraitu du Zaballosek, baina “herritar gehienen iritziaren aurka” sortu den gobernu berriaren gaitasuna zalantzan jarri du, aldaketa bultzatu duten hiru alderdien jarrera salatuz: “Lasarte-Orian gehiengo berria sortu dute, Bildu, EAJ eta LOHPk, baina programa hain minimoa dute, ez dakigula herriaren etorkizuna zein izango den. Programarik gabeko gobernu berria sortu da, frontetik, sozialistak alkatetzatik botatzeko helburu bakarrarekin,” aipatu zuen Zaballosek.
Hiru alderdiek herritarrei ziria sartu izana ere salatu du alkate ohiak: “Hauteskunde gauetik alkate berriaren hautua erabakia zegoen, egun horretatik jakina zena Bildu eta EAJk baieztatu egin zuten, baina Plataformak agerikoa ukatu egin zuen koldarkeriaz jokatu eta gardentasun falta handia erakutsiz .”

Somotoko auzia

Honetaz gain, EAJ eta LOHPak Somotoko auzia erabili izana ere azpimarratu du, “batzorde berezia PSE-EEren aurkako guda izan da. Akoso kanpaina”. Era berean, Plataformak edo Ezker Batuak ez bezala, EAJk denuntziarik jarri ez izana kritikatu du. “Probak badituzte, eraman ditzatela epaitegira. Epaitegiak delitua dagoela badio, erantzuleek ordainduko dute. Baina deliturik ez dagoela badio, alderdiek kostak ordaintzeko konpromisoa hartzea espero dut,” adierazi du.

Bozkak errespetatu

Bilduri dagokionez, zera esan du, “bere jarrera ulergaitza salatzen dugu, Euskadi osoan zerrenda bozkatuena errespetatu beharra aldarrikatu du. Argi dago, horrek zerrenda nazionalistekin bakarrik balio zuela,” adierazi du.
Honetaz gain, alderdi abertzaleari mezua bidali dio, “udaletxea kudeatzen azkar ikastea espero dugu. Gehiegi dago jokoan esperimentuak egiten hasi edo udaletxea politikoen eskola bihurtzeko. Herritarren arazoak erantzun azkarrak behar dituzte, udala ezin baita geratu”.

PSE-EE alkatetzatik bota

EAJren kasuan, alderdi jeltzaleak hasieratik, helburu bakarra izan duela uste du Zaballosek, “alderdi sozialista alkatetzatik botatzea“, alegia.
Gainera, bere iritziz, Euskadiko EAJk bat egin du Lasarte-Oriako EAJren helburu horrekin: “Horren erakusle da, Euskadi osoan jeltzaleek haien hautagaiei bozkatu duten bitartean, Lasarte-Orian hautagairik ez aurkeztu eta ezker abertzaleko hautagaiari ematen ziotela botua.
Eta kasu honetan, gorroto pertsonal eta ezinikusiak herriarekiko erantzukizunak baino pisu gehiago izan duela azpimarratu du Zaballosek.
“Ez da gobernuko alderdi bat bezala jardun, edozein preziotara eta programa berria zehaztu gabe ezker abetzalearekin paktua egin du. Bi kargugatik, hain baliotsua den Lasarte-Oriako herria oparitu diete,” adierazi du.
Era berean, GBBen jarrerarekin desengainua izan dutela jakinarazi du PSE-EEko ordezkariak, “gure herrian larunbatean gertatutakoaren ostean, ez baitu neurririk hartu”.

Jarrera koldarra

LOHPri kritika zorrotza egin dio. Alderdiak jarrera koldarra izan duela azpimarratu du. “Ideologia desberdinetako pertsona independenteek osatutakoa dela esan dute beti, baina kezka amankomun batekin: Lasarte-Oriatako herritarren interesa. Larunbateko jokaeraren ostean, argi utzi dute ez direla "ez eskubiko, ez ezkerrekoak" argi utzi dute herriko ezker erradikalaren, ezker abertzalearen eskutik joan direla, hainbeste defenditzen duten herriaren iritziari kasurik egin gabe,” adierazi du.
“Lasarte-Oriako gehiengoaren erabakiaren aurka zergatik joan diren herritarrei azaltzeko lau urte hauetan gai izatea espero dugu,” jarraitu du PSE-EEko bozeramaileak.
Eta “argi izan behar dute, nahiz eta udal gobernuan ez egon, alkate berriaren erabakien erantzule izango direla. Izan ere, bere bi zinegotzien botuei esker, alkate besaulkia du Barrio jaunak, gure herrian indar bozkatuena izan gabe,” gaineratu du.
Izan ere, Zaballosen ustez, Plataforma PSE-EE eta PP alderdiei bozka ematen zieten jendeak osatzen du. Horregatik, abstentitu egin behar zen “Lasarte-Oriako gehiengoaren iritzia entzun behar zuen, udal kudeaketa ez oztopatzeko”.
Era berean, oposizioko hiru alderdiek sinatutako akordioa, PSE-EEk ere sinatu zezakeela azpimarratu du.
Alderdi guztiekin bilerak izan dituela eta EAJak hasieratik aldaketaren alde agertu zela onartu du, ez ordea Plataforma.
“Haiekin bilera bat egin genuen eta haiek lau Bildurekin. Haiek erantzukizuna eta zintzotasuna eskatu ziguten. Zehazki kooperazio arloara jo zuten eta honetan Urchueguia, Acevedo eta Mugicaren dimisio eskatu zuten. Nik deliturik ez zegoen bitartean, haiek ez zutela haien kargua utziko erantzun nuen,” aipatu du.
Eta Plataformak bigarren bilerarako hitzordurik ez zuela jarri aipatu du, “ordurako, erabakia zuten ez zutela PSE-EErekin negoziaketetan jarraituko. Gainera, ostean, negoziaketetan jarraitzeko guk deitu behar geniela aipatu zuten, gu ginelako interesatuak.”

Oposizioa egin

Azkenik, sozialistek oposizioan egingo duten lanari buruz hitz egin du, “legealdi berri honetan, sozialistak oposiziora goaz lasaitasun osoz eta gure herritarrekiko eta Lasarte-Oriarekiko dugun konpromisoa erakutsiko dugu”.
Herritarrentzat hoberena dena egiten saiatuko direla aipatu du, “kanpainan hartu eta maiatzaren 22an berretsiak izan ziren 100 konpromisoak aurrera eramaten saiatuko gara”.
Hori baita sozialisten ustez, “aurrera egin eta guztion Lasarte-Oria sortzeko herri honek behar duena”.
Hala ere, Zaballosek onartu duenez, “Gobernuak aurkezten dituen proposamenek, gure babesa izan ditzakete, gure ustez herritarren onurarako badira,” azpimarratu du PSE-EEko Jesus Maria Zaballos alkate ohiak.