Oposizioan izango da Plataforma

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 16a

Ekainaren 11ean, larunbatean Lasarte-Oriak momentu historikoa bizi zuen alkatetza aldaketarekin. PSE-EE 25 urtez gobernuan egon eta gero, Bilduko alkategaiari, Pablo Barriosi pasa zion "makila". Egun horretara bitartean mila zurrumurru hedatu ziren herrian zehar eta beste hainbeste tirabira izan ziren alderdi politikoen artean. Behin jada kontuak argitu direnean Lasarte-Oriako Herri Plataformak bere bi botoak Bilduri ematearen arrazoiak azaldu nahi izan ditu, eta egun hauetan gertatutakoak eta entzundakoak ondo argitu.

Maiatzaren 22ko hauteskundeen ondoren zurrumurru eta esamesa ugari egon da herrian, nor norekin elkartuko zen, nor izango zen alkate eta abar, "horregatik guk azken 20 egun hauetan gertatutakoa azaldu nahi dugu, bizilagunek azalpen bat merezi dutela uste dugulako" adierazi dute LOHP taldekoek.

Komunikabideetara bidali duten prentsa oharrean argitu nahi izan dute eurak betidanik elkarrizketaren aldeko apustua egin dutela: "udal hauteskundeetan emandako emaitzak ikusita bagenekien hitz egiteko garaian geundela". Baina era berean, gaineratu dute euren emaitzek ez zietela lehen pausua ematera behartzen eta horregatik beste alderdi politikoen iniziatiben zain geratu zirela.
Denbora asko pasa gabe, iritsi zitzaizkien lehen hartuemanak: "maiatzaren 27an, goizean Zaballos jaunarekin bilera izan genuen eta arratsaldean Barriorekin. Honek hasiera puntua baino ez zuen markatu" adierazi dute Plataformako ordezkariek.

PSE-EEri ezezkoa

Alderdi sozialistari erraz eman omen zioten ezetza plataformakoek azaldu dutenez: "bere autokritika falta eta ezintasunarekin batera, guk Zaballosi eskatutako erantzukizun eta zintzotasunak bere aldetik jaso zuen ezezkoak, adostasun batera iristeko bideak itxi zituen".
Honetaz gain, plataformaren iritziz, "Zaballos jaunak ez zuen ulertu guk dirurik nahi ez izatea, badirudi orain arte hori izan dela Lasarte-Oriako PSE-EEk negoziaketetan erabilitako bidea. Guri zenbat diru emateko prest zegoen gure babesa eskuratzeko?". Hasieratik argi utzi nahi izan zioten LOHPren babesa ez zutela diruz eskuratuko "eta ohiko gezurretara itzuli ziren". Jarrera hau ikusita LOHP konturatu zen "jende honekin paktatzea 25 urte hauetan jasan duguna lau urtez luzatzea izango litzakeela eta gu ez gaude antzerki honetan antzezle bihurtzeko prest".

Bildu-EAJ koalizioa

LOHPk argi zuen hasieratik bi aukera zituela, bata babesa PSE-EEri ematea eta bestea Bildu-EAJ koalizioari. Bigarren aukera honek aldaketa nabarmena ekarriko zuen herrira "baina horretarako udaleko gestioan aldaketa emateko eta hau modu errealean eta gardenean garatzeko konpromiso bat ikusi behar genuen, gure bozka argi geneukan ez zela PSE-EE gobernutik kentzeko izango". Bildu-EAJ koalizioaren gora beherak ere aipatu ditu Plataformak: "EAJko zinegotziek argi utzi ziguten Bildurekin paktatu nahi zutela nahiz azken momentua arte hori gauzatzeko trabak egon, azkenean EAJko buruzagiek Lasarte-Oriako zinegotziei bidea ireki arte".
Gainera, LOHP babesa emateko baldintza minimo batzuen sinadura nahi zuten eta hori "ekainaren 11n bertan eman zen".

Gobernutik kanpo

Bildu eta EAJ izango dira hurrengo lau urteei begira Lasarte-Oriako udal gobernuan. LOHPk adierazi duenez, agintean izango diren bi alderdiek "une oro gobernuaren parte izateko eskatu ziguten" baina eurak ezetz esan zieten: "argi daukagu jaso genituen 980 herritarrek guregan konfiantza jarri zutela orain arte bezala lanean jarrai dezagun, oposizioan, eta hori egingo dugu" gaineratu dute.
LOHPk euren erabakien zergatiak azaldu nahi izan dizkiete maiatzaren 22an botoa eman zieten herritarrei eta herritar guztiei oro har: "aldaketa erreal baten esperantza egon delako eman diogu Bildu-EAJ koaliziori botoa". Halaber, argi utzi nahi izan dute "guk alderdi politikoetan baino pertsonengan sinesten dugu eta hurrengo lau urteetan gobernatzen ibiliko diren hauengan konfiantza osoa jartzen dugu". Hori bai, "argi eta garbi diogu oposizioa garela eta horren alde lan egingo dugula” bukatu dute plataformakoek prentsari bidalitako orrian.