Eta alkatea...

inaki-erauskin 2011ko ekainaren 17a

... tan tan taran tan ... tan tan taran tan ... gure Txintxarriko zutabekide bizarduna da. Ez, ez ... ez da Xabier apaiza. Betaurrekoak dauzka eta ile gehiago du buruan (bai, bai, nik baino gehiago). Bai, bai hori da, Pablo. Garbi dago Txintxarrik ikaragarrizko bista zorrotza izan zuela Lasarte-Oriako egungo alkatea urte pare bat lehenago zutabe honetan idazteko fitxatu zuenean.
Azkenean, garai berri bat ireki da herrian udaletxea sortu zen 25 urteren ondoren. Hori oso albiste ona da. Onartu beharra daukat gertatutakoaren tamaina espero nuena baino dezente handiagoa izan dela. Orain lan gogorra dago aurrean. Oposizioa gobernura pasa da eta gobernua oposiziora. Herriaren hoberena bilatzeko, inoiz baino gehiago, guztien lana beharko da eta, gainera, elkar aditzera behartuta egongo dira. Hori oso komenigarria iruditzen zait guztiok baikara herria. Zorte on alkate eta gobernu berriari!
Beno, besterik ez ... Ah, bai!!! Denbora emango al du Okendo plaza bi urteren ondoren San Pedroko jaietarako irekitzeko? Aurreko urteetan esan bezala, San Pedro apostoluak festetarako gogoa eman diezagun guztioi eta festa zoriontsuak igaro ditzazuen opa dizuet bihotzez ... eta iraila arte (zutabe honetan, noski, Txintxarrik eta irakurleriak nahi badu).