“Odol gaztea behar du Ttakunek”

jon-altuna 2011ko ekainaren 17a

Zortzi urte eman ditu Maria Jose Eizmendik Ttakun elkarteko lehendakari, berak hartu zuen Sebastian Kerejeta lehen lehendakariaren lekukoa eta maiatzean pasa zion Tomas Arrizabalagari, lehendakari berriari. Hainbat ekimen gauzatu ditu Lasarte-Oriako euskara elkarteak urte hauetan, hainbat gorabehera izan dira eta horren guztiaren errepasoa egin dugu Ttakunek izan duen azken lehendakariarekin.

Zortzi urte Ttakun-eko lehendakari moduan, pozik bete al duzu lana?
Pozik, bai. Baiezkoa eman nuen egunean nahiko urduri sentitu nintzen, gainera, eta beharbada neronek egin dut lanik xamurrena, lehendakari izatea xamurragoa da zuzendaritzako beste lagunek egin dutena baino. Nolabait, euskararekiko daukagun obligazioa edo konpromisoa da, beste urrats txiki bat euskararen alde. Uste dut euskararen etorkizunaz eta egoeraz kezkatuta gaudenok badaukagula zerbait egiteko nolabaiteko obligazioa, ez da nahikoa Ttakunkide izan, kuota ordaindu eta kito, dirua behar-beharrezkoa izanagatik ere, diruarekin ez da guztia lortzen.

Nola baloratzen duzu 8 urte hauetan egindako lana? Nolako lantaldea da?
Nire ustetan lan garrantzitsua egin dugu. Eta hori aurrekoen lanari esker izan da. Dudarik gabe, nire aurrekoek, Sebastian Kerejeta eta haren zuzendaritzako kide izandakoek, lan handia egin zuten, eta miresmena merezi dutenak langileak dira, bai ordukoak eta oraingoak ere bai, noski.

Nolatan animatu zinen holako ardura hartzera?
Animatu? Behartuta ikusi nuen nire burua. Egia esan, nigan pentsatu zutela esan zidatenean batetik ohoratua sentitu nintzen, baina bestetik pentsatu nuen ni ez nintzela gai izango postu hori betetzeko. Nire euskara mailarengatik. Hizketarako ondo menperatzen dut, baina ikasketak gazteleraz egin nituen eta nire lanbidean ere gai asko erdaraz jorratzen ditugu. Ttakunen nagoenez geroztik asko ikasi dut. Txosten luze eta zabalak euskaraz irakurri beharrak asko lagundu dit. Asko eman dit Ttakunek alde horretatik.

Pertsonalki merezi izan al du eman zenuen pausu hark?
Baietz uste dut, denetarik izan dugu, gorabeherak ere izan ditugu Ttakunen, zuzendaritzako kideen artean, langileekin, beste edozein elkarte eta taldetan bezala, baina beti ateratzen da zerbait aberasgarria.

Zein egoeratan ikusten duzu euskara Lasarte-Orian? Orain dela urte batzuek baino hobeto al dago?
Ttakuni esker askoz ere hobeto. Nik uste dut Ttakun sortu ez balitz momentu honetan Lasarte-Oria euskara mailaz dezente atzerago egongo zela. Ez da nahikoa haurrak ikastolara bidaltzea edota euskaltegira norbera joatea, beharrezkoak izan arren, oinarrizkoak esango nuke, baina hortik aurrera beste ezer egingo ez balitz, dexente atzerago egongo litzateke euskararen maila.

Beraz, beharrezkoa al da Ttakunen lana?
Dudarik gabe. Oso harro sentitzen naiz gainera Ttakun Lasarten sortu zelako. Beste herriren batean sor zitekeen honelako euskara elkarterik, baina berebiziko garrantzia du Lasarte bezalako herrian izateak, herriak jasan duen hizkuntz dominazioa aintzat hartuta, eta beharbada horrek bultzatuta...

Ttakunen lanetik zer nabarmenduko zenuke? Zein elementu on dira Ttakunen?
Herri osoaren eskura dagoela nabarmenduko nuke, beti jendea gora eta behera ikusten dugu. Oso irekia da, ekintza irekiak egiten dira eta jendeak parte hartzeko modukoak.

Eta zein da zailtasunik handiena?
Euskaldun zaharrengana iristea. Ttakunen helburua euskara sustatzea denez, haiei zuzendutako ekintza askorik ez da antolatzen. Ezinbestekoak dira Solaskide programa burutzeko, baina askotan ez dira ausartzen edo ez dute euren burua gai ikusten, alfabetatu gabeak direlako. Eta hemendik dei egin nahi nieke datorren kurtso hasieran anima daitezen.

Udalarekin hartu-emanak nolakoak dira?
Ez dakit nola kalifikatu. Beti alkate berdinarekin negoziatu behar izan dugunez, ezin dut konparaketarik egin. Azken Maratoian lortu genuen Ana Urchueguia alkatesa oholtza gainera igotzea eta ez da gutxi… Oraingo aldaketarekin harremanak ere aldatuko dira, eta ez txarrerako, noski

Nola ikusten duzu Ttakun hamar urte barru?
Pentsatzen dut hamar urte barru Ttakunek lanean jarraituko duela, lan asko dago oraindik egiteko, eta aniztasuna mantendu behar dugu, hori inportantea da. Orain zuzendaritza aldaketa izan dugu eta ideia ezberdineko bi pertsona sartu dira eta horri eutsi behar diogu, euskara denona da eta. Langileak ere zaindu egin behar ditugu, Ttakunen motorra dira eta.

Zein momentu izan dira zuretzat politenak, momentu tristerik egon al da?
Tristeak baino, momentu zailen bat izan da, bai, zuzendaritzaren barruan desadostasunak izan zirenean, adibidez, langileren bat kaleratu genuenean momentu gogorra izan zen...

Politak aipatzea hobe?
Maratoia izango litzateke aipagarriena, gure jaialdia,... zuzendaritzako kide bezala bi maratoi bizi izan ditut, lan asko egin behar izaten da, baina politak izan dira...
Beste momentu pozgarriak ere bizi izan ditugu: maileguren bat gainetik kentzea lortu dugunenan…, besteren bati heldu diogunean zerbait erosi dugulako, egitasmo berri bati ekiteko asmoz…

Maratoia datorren urtean egingo da, beharrezko al da oraindik?
Bai, nahiz eta lan asko eman. Ez nuke urtero egingo lanarengatik, baina maratoia gure bandera da, geurea eta mantendu behar dugu.

Maratoiak jende asko batzen du Lasarte-Orian, alderdi politikoak ere bai?
Jendea biltzen du eta nolabait esanda, bi eguneko iraupena bakarrik baldin badauka ere, kontzientziak astintzen ditu eta beti utziko du zerbait maratoiak.

Ba al da alderik zuen gaztaroko euskaltzaleen eta gaur egungo euskara elkarteen edo euskaltzaleen artean? Okerrera ala hobera egin du jokabide horrek? Asko aldatu dira gauzak, ezta?
Asko aldatu da. Orduan Ttakun bezalako elkarterik ez zegoen, ezta pentsatzerik ere. Euskararen alde zerbaitetan hasi nintzen eta Erketz dantza taldearen sorreran parte hartu nuen. Horretan seiren bat urte eman nituen. Ikastolaren sorrera ere izugarria izan zen. Aitak dirua jarri zuen nahiz eta bere seme-alabok baliatzerik izan ez genuen. Ordutik zenbait arlotan kontzientzia galdu dugu. Ilusiorik handiena gauzak egiteko daudenean jartzen dugu. Eginda daudenean edo hori uste dugunean indarra galtzen dugu.

Euskara elkarteek etorkizunik ba al daukate?
Bai nik uste zer egin handia dagoela oraindik. Froga, Ttakunen sortzen diren ekimenak eta lanak dira. Hau adierazi egin beharko genioke Lasarte-Oriako herriari.
Txintxarrin argitaratzen diren albisteez aparte, Ttakunek beste lan asko egiten duela eta ez herri honetarako bakarrik, baizik eta Euskal Herri osorako.

Elkarteak Euskal Herri osoan daude, denak gutxi gorabehera antzekoak, Lasartekoak ba al du beste berezitasunik?
Nik uste, dudarik gabe, elkarterik eraginkorrena ez bagara, eraginkorrenetarikoa garela. Horrela hitz egiten dudanean lotsa ere sentitzen dut, nik ezer egin izan banu bezala... eta hori hemen diren langileei esker da.

Ba al da belaunaldien arteko erreleborik, gazteak aktibatuta al daude euskararen alde?
Bi gazte sartu dira zuzendaritzan eta horrek poz handia eman dit. Lehen ere esan dut, zuzendaritzan denetarik egon behar dela, aniztasuna oso garrantzitsua da baina arlo guztietan, eta adinean ere bai. Gaur egun gazteak ez dira konprometitzen, nik uste horretan alde handia dagoela ni gaztea nintzanetik gaur egunera. Nahi eta nahi ez sartu behar dute, haiek hartu behar digute erreleboa, Ttakunek iraungo badu eta aurrera joko badu, odol gaztea behar du.

Bazkideak beharrezko al ditu Ttakunek? Direnak nahikoa al dira?
Lasarte-Oria osoak izan beharko luke bazkide, ez bakarrik beharrezko dugun diruarengatik, beharrezko dugu eta, baina, nik esango nuke Ttakunkide direnek beste konpromiso bat bereganatzen dutela.

Herritarrak bazkide egitera animatzen dituzu beraz?
Bai, askotan pentsatu izan dut nondik eta nola bideratu daitekeen hori. Gainera ezer adierazteko ere bide zuzena daukazu berarekin. Eta nik edozein eratara bada ere, Ttakunkide, bazkide izan nahi ez badute ere, etortzeko esango nieke. Ni neroni ez dakit zenbat urtetan ibili naizen Solaskideko euskaldun zahar bezala, eta erretiratzen naizenean urte sabatikoa hartu nahiko nuke, obligazio guztiak alde batera utzita, eta jende berriak sartu behar du. Euskaldun zaharrek ikusi behar dute beharrezkoak direla, baina askori iruditzen zaie ez direla gauza eta beldurra ematen die...

Bestela, zer moduz? Asko aldatu al duzu bizitza?
Nik beti bilatuko dut zer egina, Ttakun utzi eta hurrengo astelehenean Xumelako entsegura joan nintzen. Xumela sortu zenean han nintzen, baina Ttakuneko bilerak eta Xumelako entseguak egun eta ordu berean egokitu zirenean, kantatzeari utzi behar izan nion. Orain nitaz gogoratu dira han jarraitzen dutela esateko, beraz astelehenetan zuzen-zuzen joaten naiz Xumelara.

Txintxarri nola ikusten duzu? Astean bi nahikoa al dira?
Beharrezkoa da, pozten naiz erdaldunak ikusten ditudanean “mesedez, hemen zer jartzen du?” galdezka, “saiatu naiz irakurtzen, zertxobait ulertu dut”...
Gainera herri batek bertako berriak eta txutxumutxuak jorratuko dituen aldizkaria behar du, eta euskaraz bada hobe.