Lege-aldi berrian Udalean PSE-EEko bozeramale izango den Jesus Zaballos larunbateko Udalbatzarrari buruz mintzatu zen hasteko: "Larunbatean alkate berria aukeratu zen, jendez betea zegoen udalbatzarrean. Hain juxtu, duela gutxira arte, liskarrak sortu, iraindu eta mehatxatzen gintuzten jendez beteta," esan zuen.
Herriaren iritziaren aurka
Alderdi sozialistako kideak azpimarratu zuenez, alkate berria aukeratu zen, "baina ez zen zerrenda botatuena errespetatu. Gehiago diot, ez zen lasarteoriatar gehienen iritzia errespetatu Pablo Barrio, ezker abertzaleko zinegotzia, hautatzearekin".
"Gertatutakoa errespetatzen dugu, ez baitugu prozedura demokratikoa zalantzan jartzen," jarraitu zuen Zaballosek, baina "herritar gehienen iritziaren aurka" sortu den gobernu berriaren gaitasuna zalantzan jarri zuen, aldaketa bultzatu duten hiru alderdien jarrera salatuz: "Lasarte-Orian gehiengo berria sortu dute, Bildu, EAJ eta LOHPk, baina programa hain minimoa dute, ez dakigula herriaren etorkizuna zein izango den. Programarik gabeko gobernu berria sortu da, frontetik, sozialistak alkatetzatik botatzeko helburu bakarrarekin," aipatu zuen Zaballosek.
Hiru alderdiek herritarrei ziria sartu izana ere salatu zuen alkate ohiak: "Hauteskunde gauetik alkate berriaren izendapena erabakia zegoen, egun horretatik jakina zena Bildu eta EAJk baieztatu egin zuten, baina Plataformak agerikoa ukatu egin zuen koldarkeriaz jokatu eta gardentasun falta handia erakutsiz".
Somotoko auzia
Honetaz gain, EAJ eta LOHPak Somotoko auzia erabili izana ere azpimarratu zuen, "batzorde berezia PSE-EEren aurkako guda izan da. Akoso kanpaina". Era berean, Plataformak edo Ezker Batuak ez bezala, EAJk denuntziarik jarri ez izana kritikatu zuen. "Probak badituzte, eraman ditzatela epaitegira. Epaitegiak delitua dagoela badio, erantzuleek ordainduko dute. Baina deliturik ez dagoela badio, alderdiek kostak ordaintzeko konpromisoa hartzea espero dut," adierazi zuen.
Bozkak errespetatu
Bilduri dagokionez, zera esan zuen, "bere jarrera ulergaitza salatzen dugu, Euskadi osoan zerrenda bozkatuena errespetatu beharra aldarrikatu du. Argi dago, horrek zerrenda nazionalistekin bakarrik balio zuela," adierazi zuen.
Honetaz gain, alderdi abertzaleari mezua bidali zion, "udaletxea kudeatzen azkar ikastea espero dugu. Gehiegi dago jokoan esperimentuak egiten hasi edo udaletxea politikoen eskola bihurtzeko. Herritarren arazoak erantzun azkarrak behar dituzte, udala ezin baita geratu".
PSE-EE alkatetzatik bota
EAJren kasuan, alderdi jeltzaleak hasieratik, helburu bakarra izan duela uste du Zaballosek, "alderdi sozialista alkatetzatik botatzea", alegia.
Gainera, bere iritziz, Euskadiko EAJk bat egin du Lasarte-Oriako EAJren helburu horrekin: "Horren erakusle da, Euskadi osoan jeltzaleek haien hautagaiei bozkatu duten bitartean, Lasarte-Orian hautagairik ez aurkeztu eta ezker abertzaleko hautagaiari ematen ziotela botua".
Eta kasu honetan, gorroto pertsonal eta ezinikusiak herriarekiko erantzukizunak baino pisu gehiago izan duela azpimarratu zuen Zaballosek.
"Ez da gobernuko alderdi bat bezala jardun, edozein preziotara eta programa berria zehaztu gabe ezker abertzalearekin paktua egin du. Bi kargurengatik, hain baliotsua den Lasarte-Oriako herria oparitu diete" adierazi zuen.
Era berean, GBBen jarrerarekin desengainua izan dutela jakinarazi zuen PSE-EEko ordezkariak, "gure herrian larunbatean gertatutakoaren ostean, ez baitu neurririk hartu".
Jarrera koldarra
LOHPri ere kritika zorrotza egin zion. Alderdiak jarrera koldarra izan duela azpimarratu zuen. "Ideologia desberdinetako pertsona independenteek osatutakoa dela esan dute beti, baina kezka amankomun batekin: Lasarte-Oriatako herritarren interesa. Larunbateko jokaeraren ostean, argi utzi dute ez direla "ez eskuineko, ez ezkerrekoak", argi, herriko ezker erradikalaren, ezker abertzalearen eskutik joan direla, hainbeste defenditzen duten herriaren iritziari kasurik egin gabe" adierazi zuen.
"Lasarte-Oriako gehiengoaren erabakiaren aurka zergatik joan diren herritarrei azaltzeko lau urte hauetan gai izatea espero dugu," jarraitu zuen PSE-EEko bozeramaleak.
Eta "argi izan behar dute, nahiz eta udal gobernuan ez egon, alkate berriaren erabakien erantzule izango direla. Izan ere, bere bi zinegotzien botuei esker, alkate besaulkia du Barrio jaunak, gure herrian indar bozkatuena izan gabe," gaineratu zuen.
Izan ere, Zaballosen ustez, Plataforma PSE-EE eta PP alderdiei bozka ematen zietenek osatzen dute. Horregatik, abstenitu egin behar zen "Lasarte-Oriako gehiengoaren iritzia entzun behar zuen, udal kudeaketa ez oztopatzeko".
Era berean, oposizioko hiru alderdiek sinatutako akordioa, PSE-EEk ere sinatu zezakeela azpimarratu zuen.
Alderdi guztiekin bilerak izan dituela eta EAJak hasieratik aldaketaren alde zegoela aitortu zuen, ez ordea Plataforma.
"Haiekin bilera bat egin genuen eta haiek lau Bildurekin. Haiek erantzukizuna eta zintzotasuna eskatu ziguten. Zehazki kooperazio arlora jo zuten eta honetan Urchueguia, Acevedo eta Mugicaren dimisio eskatu zuten.
Nik deliturik ez zegoen bitartean, haiek ez zutela haien kargua utziko erantzun nuen," aipatu zuen.
Eta Plataformak bigarren bilerarako hitzordurik ez zuela jarri aipatu zuen, "ordurako, erabakia zuten ez zutela PSE-EErekin negoziaketetan jarraituko.
Gainera, ostean, negoziaketetan jarraitzeko guk deitu behar geniela aipatu zuten, gu ginelako interesatuak".
Oposizioa egin
Azkenik, sozialistek oposizioan egingo duten lanari buruz hitz egin zuen, "legealdi berri honetan, sozialistak oposiziora goaz lasaitasun osoz eta gure herritarrekiko eta Lasarte-Oriarekiko dugun konpromisoa erakutsiko dugu".
Herritarrentzat hoberena dena egiten saiatuko direla aipatu zuen, "kanpainan hartu eta maiatzaren 22an berretsiak izan ziren 100 konpromisoak aurrera eramaten saiatuko gara".
Hori baita sozialisten ustez, "aurrera egin eta guztion Lasarte-Oria sortzeko herri honek behar duena".
Hala ere, Zaballosek onartu zuenez, "Gobernuak aurkezten dituen proposamenek, gure babesa izan ditzakete, gure ustez herritarren onurarako badira" azpimarratu zuen PSE-EEko Jesus Maria Zaballos alkate ohiak.