Alkatearen izendapenari erantzunak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 17a

Lehengo larunbatean, ekainaren 11n, Udal Batzarra eratu eta alkate berria aukeratu zen, Bilduko Pablo Barrio, hain zuzen ere.
Horretarako, Bildu, EAJ eta Lasarte-Oriako Herritar Plataforma elkartu ziren.
Plataformak azken hogei egunetan gertatutakoa eta udal batzarrean izandako jokaera argitzeko prentsa oharra bidali du komunikabideetara, alderdi ezberdinekin egindako bileren nondik norakoak jasoaz. Plataformak argi uzten du oharrean Jesus Maria Zaballos alkate ohiaren “negoziatzeko erak” LOHPrekin akordio batetara iristeko aukera galarazi zuela.
Honetaz gain, "aldaketa erreal baten esperantza egon delako eman diogu Bildu-EAJ koaliziori botoa," azaltzen dute plataformakoek.
Bestaldem agintean izango diren bi alderdiek plataformari gobernuaren parte izateko eskatu badiote ere, oposizioan egongo direla azpimarratu dute hauek.

PSE-EEren ikuspuntua

Era berean, PSE-EEk ere larunbatean gertatutakoaren irakurketa egin du. Asteazkenean eskaini zuen prentsaurrekoan, Jesus Zaballosek gobernu eraketan bozka gehien izan dituen zerrenda alde batera utzi dutela salatu zuen.
Alderdi sozialistaren ordezkariak alkate berriaren izendapenean zer ikusia izan duten alderdien jarrera salatu zuen eta, besteak beste, gobernu talde berriaren gobernatzeko gaitasuna zalantzan jarri zuen edo LOHParen koldarkeria azpimarratu zituen.
Honen guztiaz gain, PSE-EEren bozeramaile izango den Zaballosek, oposiziora lasai doazela eta alderdi sozialistak herriaren alde lan egiten jarraituko duela adierazi zuen.
LOHParen eta PSE-EEren erantzunei buruzko informazio sakonagoa zenbaki honetako 4. eta 5. orrialdeetan aurkituko duzue.