“Denbora asko behar da txinar hizkuntza ikasteko”

jon-altuna 2011ko ekainaren 20a

Unai Diego lasarteoriatarrak bost urte daramatza Shangain lanean. Enpresaritza ikasketen ondorengo masterra Pau Frantziako hirian egin eta masterraren amaierako tesia egitera joan zen Txinara bi hilabeterako. "Shangai egon nintzen, eta han bizitakoa gustatu zitzaidanez, etorri bezain pronto hara lanera joateko aukeraren bat bilatzen hasi nintzen. Galdetzen eta curriculumak bidaltzen ibili nintzen, eta azkenean Orbeak hartu ninduen hara joateko". Bost urte hauetan hainbat aldaketa bizi eta ezagutu ditu Txinan, oraingoz gustura dago munduaren beste aldean. Dena den, hona etortzen denean konturatzen da zein alde handia dagoen bien artean.

Orbeak Txinan saltzeko egiten al ditu bizikletak Shangain? Ala mundu osoan saltzeko egiten dituzue?
Esportatzeko dira, baina Europatik kanpo, Europak Txinatik datozen bizikletentzat arantzela daukalako. Europan saltzeko bizikletak Bizkaian Mallabian daukan enpresan egiten ditu Orbeak eta Txinako fabrikan egindakoak Ameriketan, Australian eta Asiako hainbat tokitan, Korean, Japonen, Taiwanen, Filipinetan, Thailandian... saltzen ditugu. Orain arte kanpora saltzeko egiten ziren baina aurten Txinan bertan saltzen hasi gara.

Enpresa handia al da? Zenbat bizikleta egiten dira?
Ez da oso handia. Enpresa zabaltzera joan nintzenean hamar pertsona hasi ginen lanean eta orain 50 lagun inguru gara. Urtean ez ditugu 15.000 bizikleta baino gehiago muntatzen.

Garai batean oso lotuak ziren Txina eta txirrindua, eta gaur egun? Berdin jarraitzen al du?
Bai, berdin jarraitzen du. Han geroz eta diru gehiago dago, maila ekonomikoa igotzen ari dela nabaritzen da eta azkenean, lehen bizikleta zeukanak, hurrengo pausua, moto elektrikoa erostea du, gero motorra hartzen du, eta azkenik autoa. Baina oraindik jende asko ikusten da bizikletan.

Zu ibiltzen al zara bizikletan?
Bai, baina kirol bezala gehiago, garraio bezala baino. Kulturalki bizikleta Txinan garraiobide bezala ikusi da, ez kirol tresna bezala.

Hau aldatzen ari al da?
Oso pixkanaka.

Ibilaldi polita egin zenuten lau lagunek Txinan Tibet inguruan, ezta?
Bai, duela bi urte, 2009ko udaran etorri ziren. Jalgin erakutsi zituen bidaiako argazkiak Aitzol Etxegoienek.

Bisita asko jasotzen al duzu?
Ez nahi adina, baina batzuek bai. Lagunak, familiakoak eta batez ere lankideak etortzen dira.

Zuen lantegia zer dago Shangai inguruan?
Bai, hiriburutik 50 bat kilometrora dago.

Euskaldun talde bat bazaudete Shangain, ezta?
Bai, Euskal Etxea ere ba dago. Han elkartzen gara.

Lasarteoriatarrak ere bazaudete batzuek?
Bai, hiruzpalau.

Korrika egin duzue aurten...
Gauza asko antolatzen dira Euskal Etxean, astebururo badago zerbait, txapelketak, bazkariak, danborrada,...

Herrimin handia sentitzen al duzue?
Nik suerte pixka bat badaukat ze urtean bizpahiru aldiz etortzen naiz hona, gutxienez bi aldiz bai eta beste behin lan kontuak direla eta. Han zaudela ez duzu ikusten eta ez zara ohartzen, baina etorritakoan gogoratzen zara zer nolako aldaketa den.

Zenbat denborarako etorri zara oraingoan?
Bi astetarako. Aste bete lanean eman dut eta beste aste bat oporretan.

Zenbat denborako bidaia da munduaren beste aldera?
Shangaiko nire etxetik maletekin atera eta Lasartera gurasoen etxera iristen, guztira 24 ordu dira. Etxetik aireportura bi ordu, han bi ordu itxaron, hegazkina hartu eta 11 ordu Parisera, Parisen beste hiruzpalau ordu itxaron,... azkenean ordu pila bat dira.

Esperientzia ona izan al dira bost urte hauek Shangain? Gustura al zaude?
Bai, esperientzia aldetik oso ona izan da, oso gustura nago.

Bertan segitzeko asmorik ba al duzu?
Bost urte ondoren agian pisutsuagoa egiten da. Azkenean gauza asko ditut egiteko, gaztea naiz,...

Bost urtetan bilakaera, aldaketarik sumatzen al duzu txinatarrengan?
Bai, hemen ere entzuten da hori, ezta? han, gauzak oso azkar doazela. Azkenean Txinako aldaketen arrazoi nagusia ekonomia da, 1990 hamarkadan eta 2000 urte hasieran enpresa asko joan ziren Txinara: dirua, teknologia,... eraman zituzten eta garai horretan ezarpen edo kokapen garaia izan zen. Gero, bi mila urtetik aurrera garapena etorri da, ondorioz, gune batzuen garapen azkarra eta horrekin batera soldata mailak igotzea, langileen baldintzak hobetzea, opor gehiago izatea,... Guzti horrek aldaketa handia ekarri du.

Herri aurreratuen artean, lehen munduan, sartzeko bidean jarri al da Txina?
Bai. Dena den, Shangaik kontraste handia dauka, batetik ikusi ditzakezu kalean XIX-XX mendeetako etxeak, baina baita etxe orratz modernoak, eta New York edota munduko beste hiri aurreratuekin ez dauka alde handirik.

Abangoardia ba al da Txina?
Gauza batzuetan bai. Eta gero eta gehiago.

Zer moduzkoa da Shangai? Eta Txina?
Jende asko dago, gehiegi, hiri guneetan eta hirien erdian, kutsadura asko eta trafiko handia izaten da, kaosa, baina Txina oso handia da, geografikoki paisaia diferente asko daude, eta probintzia askotan ez da hainbeste jende bizi, ez daude hain garatuak.
Ekialdeko kosta da ekonomikoki aurreratua dagoena, eta biztanle gehiena dituena. Hiri handiak bertan daude. Beti izan da kosta hau aurreratuena, baina Txinako erdigunea ere aurrera doa, zabaltzen ari da, gobernuak bultzatzen duelako eta hasi dira enpresak irekitzen edota hara eramaten.

Txinan leku asko ezagutu al dituzu?
Bai, bost urtean asko. Zubi txiki bat edo opor batzuek izanda eta Txinan mugitzea ere ez denez hain garestia,... aprobetxatu dut. Jende asko mugitzen da, garai batzuetan, toki batzuetan ez da hain erraza, baina tira,...

Leku gomendagarri asko egongo dira, esango al diguzu bat?
Niri Junan ingurua asko gustatu zitzaidan, Aitzol, Asier eta Anderrekin ikusi genuena. Duela bi urte bisitatu genuen inguruan, badira asko gustatzen zaizkidan bi hiri, Dali eta Lijiang.
Hortik gertu dago, Tigrearen Jauzia izeneko zintzur edo arroila, nahiko ezaguna eta oso leku gomendagarria.
Eta gertu, Guilin eta Yangshou inguruetako mendi berezi horiek, sorginduak edo ipuinetakoak diruditenak.
Ondo dago Txinako Mongolia ere, Txinako mugen barruan dagoen Mongoliako partea. Duela lau urte egon nintzen han, guztiarekin harrituta, desertu moduko bat da baina zelai ikaragarriekin,...

Nolakoak dira txinatarrak?
Sinpatikoak dira, eta beraien artean oso irekiak. Kanpokoekin itxiak izan daitezke, baina segituan hasten dira gauzak galdetzen edo laguntza behar baduzu laguntzen.

Txinera ikasten ari zara?
Joan baino lehen hasi nintzen ikasten duela bost urte. Beti izan dut ikasteko gogoa. Gauza da txinera ikasteko denbora asko behar duzula eta lan egiten egonda, azkenean motibazio hori galdu egiten da, denbora falta,...

Zenbat denbora eskaini beharko zenioke ikasteko?
Txinera ondo ikasteko unibertsitatera joan behar da, azken finean txineraren zailtasun handiena idazkera ikastea da.

Hitz egiten al duzu txineraz?
Bai, oinarrizko elkarrizketak behintzat bai.

Ingelesa hitz egiten al dute?
Shangain gero eta gehiago.

Jatekoa, zer moduzkoa da?
Oso ona, tradizionalki janariaren inguruko kultura oso zabala izan dute, eta egia esan ondo dago, gauza batzuek asko gustatzen zaizkit, beste batzuek ez,... baina hemen jatetxe txinatarretan jaten diren gauza askok ez dute zerikusirik Txinan jaten direnekin. Ez dute ogirik jaten, arroz zuria jaten dute.

Martin Berasategik ere zabaldu zuen jatetxea Shangain,...
Bai duela bi urte jarri zuen eta bi aldiz egon naiz, han, ireki aurretik 15-20 euskaldun izan ginen, eta ondoren beste behin ere bai. Hemengoa baino merkeagoa da, Lasarte-Orian ez naiz inoiz egon.

Garestia al da bertakoentzat?
Bai, garesti xamarra.