Usurbilgo Lanbide Eskolako zuzendaria den Patxi Vaquerizok, Juan Jose Goñik Tecnaliako pertsonen garapeneko arduradunak eta Iñaki Mujika Lanbide hezkuntza eta hezkuntza iraunkorreko kontseilariorde ohiak fundazio berriaren nondik norakoak azaldu zituzten.
Zubigune fundazioa
Fundazio hau, Usurbilgo Lanbide Eskolaz gain, Tecnalia eta Gipuzkoako hogei bat enpresa eta erakundeek osatzen dute, hala nola, Adegi, Kutxa fundazioa, Luzuriaga edo Fagor Confort.
Fundazioak lanbide hezkuntza eta hezkuntza iraunkorreko elektrizitate, elektronika, mantenu eta ekoizpenerako, fabrikazio mekanikorako eta administraziorako zerbitzuak piztu eta garatzea du azken xedea .
Honela, azken asmoa, ikerketa egituratu eta enpresa txiki eta ertainetan ezartzea da.
Patxi Vaquerizok azaldu zuenez, “honekin nahi zahar bat egi bihurtu dugu, ikerketan oinarrituko den erakundea sortzea”.
Prentsaurrekoan azaldu zutenez, Zubigune erakunde pribatua da, baina irabazi-asmorik gabekoa eta honetan parte hartu nahi duen enpresa edo erakundeetara irekia dago.
Enpresetan lan egin
Mujika kontseilariorde ohiak azpimarratu zuenez, “enpresak ezin dira ikerketa zentroetan ematen diren aurrerapen teknologikoetaz baliatu. Eta horretan lan egin behar dugula uste dugu, enpresa txiki eta ertainetan hezkuntza, sentsibilizazioa eta proiektuen sustapena bultzatuaz”.
Era berean, Juan Goñi Tecnaliako pertsonen garapeneko arduraduna ezagueraren garrantziaz mintzo zen, “hau baita ongizatean bizi nahi duen gizartearen iraupenaren gakoa“.
Irakasle eta heziketa-zentroen arteko lotura handiagoa izan behar duela aipatu zuen Goñik. Horretarako, zenbait urtetan egonaldi bat egin eta ikerketa proiektuak gauzatzea proposatu zuen. Gainera, hau Lanbide eskola eta enpresetan ere egin daitekeela azpimarratu zuen.
Honetaz gain, berrikuntza egon dadin erakunde, enpresa eta hezkuntza zentro desberdinen topalekuak sortzea proposatu zuen, “nodo mamitsuak, non osagai berriak sortzen diren”.