Egitarau zabala
Egitarau berezi eta zabala antolatu dute aurten ere Sorgin Jaietarako, "goizean goizetik gaueko ordu txikietarainoko egitarau parte hartzailea, asanbladetan erabakia eta herriko eragileen parte hartze aktiboarekin" eta ostiraleko aurkezpena izango diren berrikuntzak jakinarazteko baliatu zuten.
Lasarte-Orian antzerkiak eta dantzak duen indarra islatu nahi izan dute egitarauan: lehen egunean txupina jaurti ondoren kale antzerkia eta errauskailuaren aurkako flashmoba antolatu dituzte, ekainaren 30ean eguerdiko 12:30etan bertsoa eta antzerkia oinarri dituen "Hiru Bi Zast Egizu Jolas" haurrentzako lana eta arratsaldeko 17:00etan frontoian "Kutxidazu Bidea Isabel" lana eskainiko dute herriko gazteek.
Txapelketa berriak
Bi lehiaketa berri ere iragarri zituzten ostiral arratsaldeko aurkezpenean, "tximino trebeziak erakusteko" herriko lehen eskalada txapelketa ostegunean arratsaldeko 17:00an frontoi berriaren atzealdeko rokodromoan, eta Sorgin Jaietako bakailao txapelketa larunbatean goizeko 11etan hasita.
Otordu ugari izango da Sorgin Jaietan, San Pedro eguneko koadrilen bazkaria eta arratsaldeko Sardina Jana asteazkenean, Umeen bazkaria ostegunean, afaria Xirimirin ostiralean, gazte bazkaria eta iluntzeko saiheski jana larunbatean. Otorduei dagokionez, bi berrikuntza aipatu zituzten antolatzaileek, batetik, "aurten krisia dela eta jakin badakigu guztion poltsikoak ez direla momenturik hoberenean" eta beraz San Pedro eguneko Koadrilen bazkaria era berezian egingo da: 5 euroren truke edaria antolatzaileek jarriko dute baina jatekoa koadrilek eraman beharko dute. Helburua traben gainetik guztiek elkarrekin jan eta mahai inguru atsegina izango baitira, antolatzaileek adierazi dutenez. Bestalde, egitarauko berrikuntza nagusietako bat 250 lagunentzat Xirimirin prestatuko duten afaria izango da, Udalak txosnak debekatu eta bestelako jai ereduari heldu zienetik 10 urte bete direla ospatzeko.
Kontzertu ugari
Berrikuntza da San Pedro egunean goizeko 11etatik aurrera egingo den artisau azoka ere. Eta KamioiRock deitu duten ekimenarekin herrian zehar egingo da kale kontzertuak.
Kontzertuei dagokionez, Sorgin Jaiak ahalegin berezia egin du aurten ere kontzertu on eta erakargarriak antolatzen. Asko izango dira, eta herriko taldeen parte hartzea nabarmendu zuten aurkezpenean Esne Beltzak ostegunean 30ean eskainiko duen kontzertuarekin batera. Hau ordu bete aurreratu dute eta 22:30etan hasiko da 00:30etan Udalak ekarri duen Reincidentes taldearena hasiko baita.
Asteartean Arramazka, Makulu Ken eta Trikihots-ek joko dute Txosnetan, asteazkenean Laket taldeak, ostegunean esan bezala Esne Beltzak, ostiralean kamioi Rock-a arratsaldeko 18:00etan hasita Auhen, Plan B eta La Pop´lla taldeekin, gauerdian, Fan&go eta DJak izango dira, eta azkenik larunbatean Blaka, The Sugar Balls eta 3Gabe2 taldeak.
Egun osoko haurren festa
Haurrentzat aurten ere egun osoko festa antolatu dute osteguna 30ean, antzerki, joko, bazkari, buru handi, danborrada eta urtero arrakasta handia izaten duen Pirritx, Porrotx eta Mari Motots-en emanaldiarekin.
Eta egitarauan ohiko beste hainbat ekitaldi ere ez dira falta, sorgin dantza, herrien arteko olinpiada, bertso poteoa, dantza saioa, batukada, zanpantzarrak, sagardo dastaketa, erromeria, Zabaletara kronoeskalada, goitibehera lehiaketa eta baltsa jaitsiera, besteak beste.
Oharrak
Ostiralean arratsaldeko 19:00etan hainbat gazteren aurrean Ane Labaka, Oihan Agirretxe, Jone Ieregi eta Ioritz Iparragirrek egin zuten aurkezpenean bestalde, aurten herriko frontoi berria zabalik izango dela jakinarazi zuten eta zaintzeko eskatu. "Herriko gauza guztiak bezala hau zaintzea guztion ardura da eta mesedez eskatzen dugu zaindu eta errespetatzeko". Konkretuki, lurra eta paretak ez margotzeko, eta frontoia zakarrez ez betetzeko eskatu zuten.
Beste zenbait eskaera ere luzatu zituzten, batetik, asteartean pijamarekin kalera ateratzeko, bestalde, jai egun guztietan bluxa erabiltzeko eta umeen eguneko ur jolasetan ibiliko diren haurrek aldatzeko arropa eraman dezatela.
Azkenik, aldez aurretik barkamenak eskatu zizkieten lanera joan behar duten herritarrei edota haurrak dituztenei festa giroa dela eta jasan beharko dituzten eragozpenengatik.