Gaur piztuko da San Joan sua Okendon

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 23a

Gau magikoa omen da, oroitzapen txarrak erre eta horiek ahazteko gaua. Eta horretarako, Euskal Herriko bazter guztietan San Joan Sua pizten da.
Gure herrian ohitura den legez, hainbat ekitaldi burutuko dira ospatzeko.

Dantza eta kalejira

Lehenik, eguraldiak laguntzen badu, 21:30ean, Udaletxe aurrean Zortzikoa dantzatuko dute Erketz DTko lagunek.
Ostean, Udal zinegotzi eta dantzariek Okendo plazara kalejiran egingo dute haiekin biltzen diren herritarrekin batera. Festa programazioan Andatza plazan izango dela agertzen bada ere, gogoratu azkenean Okendo plazan piztuko dela San Juan Sua. Ordutegiak mantentzen dira.

Sokadantza eta sua

Ohikoa denez, Okendo plazan sua piztu baino lehen, Erketzeko dantzariek soka-dantza eskainiko dute eta jarraian, fandango eta arin-arina dantzatzera gonbidatuko dituzte bertan bildutako herritarrak.
Ostean, sua piztuko dute eta kalejira egingo da.
Suaren garretan erreko dituzte herritarrek urte honetako gauza txarrak, ea bide batez ahaztu ditzaketen gau berezi honi esker.