Herrian musika talde ugari daude gaur egun eta guztiek bere lekua lortu nahi dute musika munduan. Hau lortzeko moduetako bat, maketa lehiaketatan parte hartzea da. Lasarte-Orain, 4. urtea da maketa lehiaketa egiten dena eta aurten Flashback taldea izan da Lasarte-Oriako saria eskuratu duena. Eneko eta Aitor taldeko kideekin bildu gara Flashback taldeari buruz gehiago jakiteko.
Noiz sortu zen Flashback?
Orain dela bi urte sortu genuen. Lagun talde bat biltzen ginen. Nik (Eneko) gitarra jotzen nuen lehenagotik eta David ezagutu nuen, beste gitarra. Berak berez, pianoa jotzen ikasi du, baina gitarrarekin ere saltseatzen zuen pixka bat. Egun batean taldea sortzea otu zitzaigun.
Lehenengo batzuk hasi ginen eta pianoa jo behar zuena gitarra jotzen hasi zen eta azkenean orain gaudenak bukatu genuen
Hasieran denbora pasa bezala hasi ginen, eta ikusi dugu pixkanaka aurrera doala. Izan ere, ezin duzu helburu handirik izan, bestela ez duzu ezer lortuko.
Zenbat talde kide zarete?
Bost gara: bateria, baxua, bi gitarra eta abeslaria.
Batzuetan gitarretako batek pianoa jotzen du, baina behar denean bakarrik, ez da instrumentu fijoa.
Eta herri desberdinetakoak al zarete?
Bai, hiru Lasartekoak gara, Guillermo gitarrajolea, David bateria eta ni (Aitor) baxuan; Eneko Andoaingoa da eta Asier abeslaria, aldiz, Donostiakoa.
Eta non elkartzen zarete entseatzeko?
Lasarten biltzen gara. Parapetoan entseatzen dugu.
Zein estilo jotzen duzue?
Betiko galdera da hori. Guk esaten dugu rock-a egiten dugula, baina zehazki, ez dakigu nola definitu egiten dugun musika.
Ez da punk-a, ez da rock and roll-a... nahasketa bat da.
Beraz, zein talderen eragina duzue?
Taldean bakoitzak bere gustuak ditu.
Nik (Eneko) gehiena 80 hamarkadako heavy-a entzuten dut. Aitorrek gaur egungo rock urbanoa, Extremoduro, Marea edo horrelakoak. Abeslariak rock modernoa, Muse eta horrelako taldeak.
Ikusi dezakezunez, denetarik dago taldean.
Hasieran bertsioak egiten hasi zineten?
Bai, horrela da. Hasieran beti talde batek gustuko dituen taldeen abestien bertsioak egiten ditu.
Gainera, proba moduan hasi ginen honela, taldeko kideen erlazioa nolakoa zen ikusteko eta ondo joan zen.
Gero pausu logikoena abesti propioak egiten hastea zen.
Eta nola egiten dituzue abestiak?
Denetik dago batzuetan batek egiten du guztia; besteetan entseguetan egiten da, bakoitzak bere iritzia emanaz.
Baina lehenengo musika egiten dugu eta gero hitzak.
Gainera, abesti propioak ingelesez egiten ditugu.
Zergatik ingelesez?
Nik (Eneko) entzuten dudan musika gehiena ingelesez da eta hitzetan esaten duguna, euskaraz edo gazteleraz esan beharko banu, ni barregarri sentituko nintzateke. Ni erosoagoa sentitzen naiz ingelesez kantatzen.
Gainera, errimak egiteko errazagoa da, hitzak motzagoak dira eta erritmikoagoak.
Kontzerturik eskaini al duzue inguruan?
Gehienak hemen Lasarten eman ditugu, Donostian ere hainbat lekutan jo dugu. Urrutiena Haron, Errioxan, izan zen, bertako lehiaketa batera aurkeztu ginelako.
Guztira ez dakigu, hamabost edo hogei izango dira. Aurten izan dira gehienak. Maketarik gabe ez geneukan sarritan jotzerik eta horregatik aurten kontzertu gehiago egin ditugu.
Eta nolako harrera izan du taldeak?
Denbora gutxi daramagu eta momentuz ez dugu jende asko mugitzen, beti dauzkagu betiko lagunak gu ikustera datozenak. Baina kanpoko jendeak, kasualitatez entzuten gaituenak iritzi ona eman digu taldeaz.
Iaz San Pedro jaietan herriko taldeen kontzertua izan zen eta zuek bertan zineten. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Jende gutxi zegoen igandea zelako, baina ondo. Pozik gaude egindako kontzertuarekin.
Maketa aipatu duzue? Noiz grabatu zenuten?
Abenduan hasi ginen eta hiruzpalau hilabete egin genituen grabatzen. Orduak, ez dakigu, ehun bat inguru edo.
Baina ez ginen askotan elkartzen. Batzuk azterketekin, besteak ez dakit zer dutela...
Martxoa edo apirilean atera zen maketa. Horrekin lehiaketetara aurkeztu eta itxura hobeagoa du taldeak. Iazko maketa lehiaketara, esate baterako, mugikorrarekin grabatutako artxibo bat bidali genuen.
Eta laguntza izan zenuten grabatzeko?
Nire gela-kide batek estudioa dauka etxean. Ikastaro bat egin zuen eta amateur bezala aritzen da.
Nik baldintzak galdetu nizkion eta berak bertara joan eta probatzeko esan zigun. Adunara joan ginen maketa grabatzera.
Eta maketa horrekin, Lasarte-Oria Saria eskuratu duzue Lasarte-Oria IV. Maketa lehiaketan?
Oso pozik gaude lortu dugun sariarekin.
Gainera, San Pedro jaietan Reincidentesen kontzertuan talde abiatzaile izango zarete.
Jendeak entzuteko aukera bat da. Edozein kontzertu da aukera bat, baina horrelako talde batekin jotzea... jende pila batek ikusiko zaitu, edo behintzat normalean ikusten ez zaituen jendeak.
Lasarte-Oriakoaz gain, beste lehiaketetara aurkeztu al zarete?
Pila bat izan dira. Azkenekoa, lehen Donostiako Pop-rock lehiaketa zena, orain tokiko musika lehiaketa dena. Lehendabiziko fasea pasa genuen eta bigarrena ez.
Horrek esperientzia ematen du, ezta?
Bai, horrela da. Kasu horretan lehenengo fasean maketa izan zuten kontuan eta bigarrenean, Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan kontzertua eskaini genuen. Polita izan zen, lekua ere ona zen.
Zer aurrikusten duzue?
Kontzertu gehiago jo nahi ditugu. Maketa jendeari aurkeztu eta edonon jotzen saiatu, kanpora joan. Orain arte, dirua dela eta, ez gara kanpora joan jotzera. Baina sariarekin dirua irabazi dugu.
Honetaz gain, entseguetako soinua hobetu nahi dugu Horretarako materiala eta tresna berriak erosiko ditugu.
Abesti berriak egin eta grabatzea ere ongi legoke.
Zer esango zeniekete jendeari
Jendea animatu nahi dugu gure kontzertua entzutera. Musika desberdina egiten baitugu, ez da betikoa.
Gainera, Okendon doan joko dugu eta gero Reincidentesen kontzertua dago. Ez zaie asko kostako ordu erdi lehenago bertan egotea.