Lasarte-Oriako Bakailao Txapelketa jokatuko da Sorgin Jaien gunean

Txintxarri Aldizkaria 2011ko ekainaren 24a

Sorgin Jaietako egitarauaren berrikuntzetako bat dugu bakailao txapelketa hau. Larunbatean egingo da lehenengo aldiz txapelketa, uztailaren 2an, Sorgin Jaietako gunean (Loidibarreneko pilotaleku berriaren ondoan). Partaideek, 12:00etan bertaratu beharko dira eta txokoa prestatuko zaie (sua, mahaia...).

Lasarte-Oriako edozeinek hartu dezake parte Bakailao Txapelketan. Bai maila pertsonalean nahiz talde edo elkarte baten izenean. Hala ere 2 edo 3 laguneko taldeak osatu beharko dira su bakoitzeko. Sukaldari profesionalek ezingo dute parte hartu, txapelketa herrikoia bultzatu nahi delako.

Azpiegitura

Jai batzordeak, sua eta mahaia jarriko ditu bakailaoa prestatu ahal izateko. Sukaldeko ontziak aldiz norberak eraman beharko ditu.
Osagaiei dagokienez berriz, jai batzordeak bakailaoa, baratxuria eta olioa jarriko ditu (guztiek kalitate bereko osagaiak izateko). Norberak beste osagairen bat bota nahiko balio (patata...) berak ekarri beharko du.

Prestatu behar dutena

Partaideek 10 razio bakailao prestatu behar dituzte. Bakailaoa pil-pil erara prestatu behar dute eta eguerdiko 13:00 eta 14:00 bitartean amaitu behar dute. Lehen aipatu bezala, pil-pil erara egiteko oinarrizko osagaiak antolatzaileek jarriko dituzte, zerbait gehitu nahi izanez gero norberak ekarri beharko du. Behin prestatutakoan kazuela epai mahaikoei eramango zaie bere lana egin dezaten.

Epai mahaia

Sukaldari profesionalek osatuko dute epai mahaia eta egindako lanaren aurkezpena eta zaporea hartuko dira kontuan epaia egiterakoan.
Prestatutakoa jan
Behin txapelketa amaitutakoan bazkaria egingo da Sorgin Jaietako gunean, besteak beste prestaturiko bakailaoa jango delarik. Bazkarirako txartelak aurretik salgai egongo dira.

Izena emateko

Izena emateko zerrendak herriko Elkarte Gastronomiko ezberdinetan eta hainbat tabernetan jarrita daude dagoeneko.
Parte hartu nahi dutenek ekainaren 30a baino lehen egin behar dute, hori baita azken eguna.

Txapelketako sariak

Txapelketa bakarra izango da, bai elkarte nahiz norbanakoek parte hartuko dutena.
Hogeita hamar taldek parte hartu ahal izango dute gehienez eta honako sariak banatuko dira:
• Lehen sailkatua: Txapela eta 2 lagunentzako afaria
• Bigarren sailkatua: arkumea eta ardo kaxa bat
• Hirugarren sailkatua: 2 kilo txuleta
• Lehen elkartea: egurrezko kutxara erraldoia.