Haurren herri-bazkaria
Ekainaren 29ko eguerdian, haurrak martxan ipiniko dituzte Ttakuneko begiraleek, haurrentzako herri bazkaria antolatu baitute.
Festetan, koadrilak biltzen dira eta ohikoa da festa giroan bazkaldu edo afaltzea. Hau horrela izanik, Lehen Hezkuntzako haurrek aurten ere elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute, Ttakuneko begiraleek haurrekin herri bazkaria egingo dute hamargarren aldiz.
Lehenik eta behin haurren kalejira egingo dute eguerdiko 13:30ean: Zumaburuko Isla plazan hasi eta Atsobakar auzoan bukatuko da.
LH3 eta LH6 bitarteko mailan dauden haurrentzat dago zuzendua bazkari hau. 14:00ak aldera hasiko dira bazkaltzen.
Hala ere ekintza hau ez da jaietako lehengo egunera mugatzen, baizik eta astebete lehenago hasten dira gai hau lantzen. Lehenik eta behin ikastetxeetan kamisetak tindatu egiten dituzte. Koadrila bakoitzak bere blusa izaten du, eta egun honetarako bere kamiseta. Kolore zehatz batekoa eta koadrila bakoitzari nortasuna ematen dion izen batekin.
Bazkaldu bezain laster, eta udarako beroa uxatu nahian, ur jolasak egingo dituzte eta Busti Blai ur-jaiari emango zaio hasiera. Hau izaten da haurrei gehien gustatzen zaien jaia: etxez etxe joatea, balkoipean ipini eta ura botatzeko eskatzea.
Lerro hauetatik deialdi bat egin nahi diegu Atsobakar auzoan bizi direnei. Gogoratu ekainaren 29an bertan izango dela haurren herri-bazkaria eta jolas guztien ondoren Busti Blai ur-jaia egin ahal izateko beraien laguntza ezinbestekoa dela; beraiek ura botatzen ez badute ezin izango baita jaia burutu.
Beraz, badakizue, animatzen zareten guzti-guztiak zaudete haurren herri-bazkarira gonbidatuta. Animatzen denak Ttakunen eman behar du izena.
Sorgin-Dantza
Egun berean, arratsaldez, Sorgin-Dantzaren desfilea izango dugu herriko kaleetan zehar. Sorgin-jaiaren sorrera gaur egun desagerturik dagoen Tximua elkarteari zor diogu, beraiek antolatu zuten 1992ko ekainean lehen aldiz jada ohitura bihurtu den ekitaldi hau. Argi zituzten lortu beharreko helburuak: alde batetik, Lasarte-Oriarekin identifikatuko zen jaia antolatzea, eta bestetik, festetan euskal giroa indartuko zuen jaia lortzea. Ttakunek 1994. urtean hartu zuen Sorgin-Dantzaren antolaketa bere gain.
Lehen urteetako balantzea positiboa izan da benetan. Alde batetik, behin betirako ziurtatu da dantzaren iraupena. Bestetik, Lasarte-Oriari nortasuna ematen dion jaia bihurtu da, eta bukatzeko, jai honen bidez euskal kulturak herriko jaietan merezi duen tokia berreskuratzea lortu da.
Gainera iaztik, helduen zortzikotea izateaz gain, gaztetxoen zortzikotea ere osatzen da, beraz aurrera goaz.
Ekainaren lehen egunetan hasi ziren Sorgin-Jaian parte hartuko duen jendearekin ikastaro eta entsaioak Felix Telleriaren gidaripean. Ekitaldia arratsaldeko 18:15ean hasiko da Oria auzoan eta 20:00etan bukatuko da.
Bidean zehar zenbait lekutan dantzatuko dute: Orian bertan, Biyak Bat zaharren egoitzaren aurrean, Udaletxearen parean, Sorgin-Jaien gunean...
Azkeneko dantzaren aurretik pregoia irakurriko dute Jalgune Elkarteko kideek. Aurten 20 urte betetzen ditu elkarteak, eta urte guzti hauetan eginiko lanaren errekonozimentua egin nahi zaie ekitaldi honekin.
Zikiro afaria
Sorgin-Dantzaren ekitaldia amaitu ostean, urteroko herri-afaria, hau da, zikiro afaria izango da iaz bezala Loidibarrenen, Sorgin Jaien gunean, iluntzeko 21:00etan. 200 lagunentzako afaria antolatu da, urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzen da afaltzera.
Nahi duzuen guztiok txartelak salgai izango dituzue Jalgi tabenan eta Ttakunen bulegoan 20 euroen truke.
Festa giro euskaldun eta alai batean afaldu ondoren, afaloste girotua izango da: Laket taldearen eskutik, hankak pittin bat arinduz festei hasiera ona emango zaie.
Bertso-saioa
Urtero egiten den San Pedroetako bertso-saioa izango da herriko patroiaren egunean, ekainaren 29an, kulturetxeko auditorioan gaueko 22:30etik aurrera. Ekitaldiaren antolatzailea Ttakun Kultur Elkarteko bertso-lantaldea izango da urteroko moduan, herriko jaietan ere bertsozaletasuna zabaltzeko asmoarekin.
Aurreko urteetan bezala aurten ere sei bertsolari izango dira kantuan: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Maia, Unai Muñoa, Patxi Etxeberria eta Ane Labaka, gai-jartzailea, berriz, Andoni Otamendi izango dugu.
Esan beharrik ez dago goi-mailako bertsolariak izango direla kulturetxeko oholtza gainean, ez dute, beraz, aurkezpen handirik behar.
Sarrerak salgai egongo dira kulturetxean ekainaren 27tik aurrera, arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara 5 euroren truke.
Musika Jalgin
Jalgi kafe-antzokia ere festa giroan murgilduko da. Ostegunean, hilaren 30ean, kontzertu bat antolatu dugu gaueko 23:00etatik aurrera. Aupa Quartet, soka laukoteak emanaldia eskainiko du.
Kantujira
Bigarren aldiz egingo da Kantujira herrian eta Xumela abesbatzak gonbidapena egin nahi die abestea gustatzen zaien herritar guztiei.
Errepertorioa oso ezaguna izango da, euskal abesti tradizionalak kantatuko dira batez ere.Kantatzeko hitzordua goizeko 11:30ean izango da Sagardotegi kalean.
Ordu eta erdiko ibilbidea izango da herriko kaleetan zehar eta amaiera Sorgin Jaien gunean emango zaio.
Sagardo dastatzea
Jaiak ondo agurtzeko, larunbatean, uztailaren 1ean berriz, sagardo dastatzea izango da. Ekitaldi hau, aurten ere Villa Mirentxuko atzealdean egingo da, zuhaitzpean. Arratsaldeko 18:00etan hasi eta 20:00ak bitarte luzatuko da.
Herriko baserrietako sagardoa eskainiko da probatzeko, eta girotzen Amalur eskolako trikitilariak izango dira bertan. Aterpeako kideak ere bertan izango dira sardinak banatzen. Etxean geratzeko aitzakiarik e