Etxean ikasi zuen zapatari ofizioa, Torrejoncillon: "Aitarentzat lan egiten genuen, bost anai eta kanpoko beste bi langilek". Extremadurako soroetan erabiltzeko oinetakoak egiten zituzten, oso osorik, larrua moztetik hasita,... eta ordukoa kontatuz, ia 50 urte eman ditu zapatari.
Memoria ona du eta gogoan dauka, orduan, egunean bakoitzak hiru bat pare egiten zituela aitak herriz herri saltzeko. "Baziren langile finak egunean lau edo bost pare egiten zituztenak" kontatu digu Landerrek. Nekazarientzako botak egiteko kamioien goma erabiltzen zuten zola egiteko eta kalamuzko hariarekin josi.
"Gaur egun ez da zapatarik fabrikatzen lehen bezala. Gu artisauak ginen, hauek artisau modernoak dira" esan digu semeez Landerrek.
Hona etorri eta mahai tresneria egiten zuen fabrika batean hasi zen lanean, baina Michelingo futbol zelai ondoan jarduten zen Antonio Iparragirre zapatagilearekin elkartu, eta berarekin aritu zen hainbat urtean gero, hark berea ixtean, duela 25 urte bere denda zabaldu zuen arte.
Aitak semeari erakutsia
Berak aitarengandik ikasi zuena erakutsi die semeei ere. Bi alabek ez, baina bi semek jarraitu dute aitaren bidea: Roberto seme zaharrena hasi zen aurrena aitarekin lanean, soldaduskara joan zenean utzi zuen arte. Orduan Oskar sartu, haren lekua hartu eta, gaur arte: berak segitzen du aitak ireki zuen dendan, Lasarte-Orian. Robertok, aldiz, beste zeregin batzuetan aritu ondoren, duela urte batzuek Ibaetan jarri zuen zapata-denda.
Argi dago beraz aitak semeari erakusten dion ofizioa dela zapata-konpontzailearena. Aitaren ustez semeen erabakia aukera ona izan zen, lana bazegoelako, eurek esan omen zioten jarraitu nahi zutela. Landerrek esan zigunez ikasle onak izan dira gainera bi semeak, "nahiko bixkorrak dira eta jendea pozik dago".
Oskar semearen ustez, aldiz, "jarraitu nahi baino, beste erremediorik ez zuen izan". Oskar zerotik hasi zen lanean, dakiena aitak erakutsi zion baina 25 urte daramatza ordutik dendan eta urteurrena ospatzen ari dira.
Landerren aita, aiton-amonak eta birraitona-amonak ere zapataginak ziren. Ondo gogoratzen du bere amonak ura eta irina ondo nahastuta egindako ahiarekin itsasten zituela oinetakoen takoiak. “Eseri eta zapaten zolak ahiarekin itsasten zituen, egun pare bat utzi, takoia eskuz egin, forma eman eta itsatsi”.
Krisia
Krisi garaia nabaritzen dela diote aita-semeek. Lander aita hasi da esplikatzen: "Nire ustez, zapata diseinatzaileen eta zapataginen menpe dago hori, egiten dituzten zapaten kalitatearen menpe... Zapata onak egiten baldin badituzte, beti konponduko dira, dirua balio dutelako”. Beraz zapata konpontzaileak lokartzen ez badira, eta bestalde tresneria berria erabiltzen eta aurrerapenak egiten baldin badoaz, iraungo dutela uste du. Dena den, epe batetaz ari dela argitu digu: “ez dakit nire biloben garaian etorkizunik izango duen, baina, berak, Oskarrek bai”. Semeak ere ez du lanik bukatuko zaionik uste.
Landerrek krisi bat baino gehiago gainditu dituela esan digu, baina bere ustez ofizio honetan ez du hainbesteko eraginik krisiak.
Semeak, aldiz, krisia alde guztietara iritsi dela dio, eta zerbait nabaritu duela. Bi aldeak ikusten dizkio ona eta txarra: “Alde batetik, krisi garaian berriak erosi beharrean zaharrak konpontzeko joera izaten da, baina bestalde jendeak ez baditu erosten, ez dago konponketarik. Gure krisia Txinako produktuak ere badira, hamar euroan saltzen diren oinetakoak”.
Erosi orduko konpontzera
Landerrek ere nabaritzen du kalitatean egon den galera: “40 euroko oinetakoak erosi ordez 20koak erosten ditu jendeak. Kalitatearen galerak, eragina dauka, eskasagoak errazago apurtzen dira eta,...” Landerrek kasu kurioso bat aipatu zigun, “zapata parea erosi asteazkeneko merkatuan, handik dendara joan, zola aldatu eta konponketa zapatak pareak berak balio zuena baino garestiagoa izan zen”.
Gaur egun, oinetako bat hondatzen denean, belaunaldi berrietakoek bota eta berria erosteko joera dute, eta normala iruditzen zaie kalitate eskasekoak direlako: “Merkeak bai baina ez dira narruzkoak, plastikozkoak baizik, eta bi egunetan pitzatzen hasten dira edo zola altxatu egiten zaie gaizki itsatsia dagoelako. Normala hain merkeak izanda. Askotan ez dut ulertzen, baina ekarri egiten dituzte konpontzeko. Orain ere 35-40 euroko zapatilak hondatzen direnean konpontzen dira. Baina emakumeen 15 euroko botak konpontzeak 7-8 euro balio badu, konponketa horiek gainbehera egingo dute. Hala ere, dena, esan bezala, zapatak egiten dituzten enpresen menpe egongo da”.
Zapata dotore baina ahulak
Askotan, kalitate txarra dotoreziarekin lotuta dagoela esan digu Landerrek: “ Kalitate oneko oinetakoak egiten segitzen baldin badute egingo dira konponketak ere. Dotore janzten denak, edo jendaurrean egon behar duenak ondo joan behar baitu. Horrelako oinetako dotoreek zola finagoa izaten dute, eta gastatzen denean aldatu eta berria jarri beharra izaten da, bestela oinetakoak oso ondo daudelako eta merezi duelako. Zola fin horiek ez dira iraun dezaten jartzen, dotoreak izan daitezen baizik. Ibaetan denda duen semeari asko eramaten dizkiote horrelakoak zola aldatzeko” azalpen luze hau Lander Iglesiasek eman digu.
Gaur egun zapata konpontzaileek ez dute lehen bezain beste josten, aitaren ustez, gutxitxo. “Zola berriak jartzean ondoen josita gelditzen dira, baina josteko makinek asko balio dutenez, 12-13 mila euro, eta gaur egungo zapatariek eskuz lehengoek hainbeste josi ez dutenez,...” Iglesias dendan behintzat erretiratutako aitak, Landerrek, egiten ditu gehienbat oraindik lan horiek.
Zapatarik ez dute egiten ezta saldu ere. Soilik osagarriak saltzen dituzte, barne-zolak, kordoiak, betunak,... Gerriko, poltsa, zorro, eta abar ere konpontzen dituzte. Zeregin nagusiak, takoiak, errematxeak, tapak, ... konpontzea da. Lan zailak edo arraroak ere egin behar izan dituzte, moto baten aulkia forratu adibidez, “plastikozkoa zuen eta narruzkoa jarri. Lanik ez dagoenean edozeri heltzen diozu...” kontatu digu Oskar Iglesiasek.
Erremintak ez dira asko aldatu, baina bai erabiltzen diren produktuak. Kola, betun, barne-zolak, larru, plastiko... asko aldatu eta hobetu dira Zumaburuko zapatariek jakinarazi digutenez.
Psikologoak
Berritsu fama daukatela esan, eta "ez, psikologoak gara" erantzun du Leandrok: "Etxekoandreek edo mutilek, euren bizitza kontatzen digute; jendearen aurrean egoten garen guztion funtzioa da; atseginak izan behar, jenio txarrean bazaude hobe duzu ixtea".
Aitak eta semeak, biek dute eskuetan zaurien markaren bat eta orbana, baina ez dira zapatari lanean egindakoak. Oskarri petardo bat lehertu zitzaion eskuan Sanpedro batzuetan eta ez beharraren ondorioak nabari ditu oraindik eskuko bi behatzetan. Aitak ere behatz batean du seinalea, Intxaurrondon mahai tresneria leuntzen zuen fabrikan, prentsa batean laban baten ahoa egiten ziharduela egina: "udan beheko solairuan euliek ere lo hartzen zuten beroarekin eta behatza harrapatu nuen”. Zauri txikiak egiten dituzte, “horiek sarri, baina bestelako arriskurik ez dugu”.
Goiz eta arratsaldez egiten du lan Oskarrek, baina 2002tik jada ez du larunbatetan irekitzen. “Bezeroak ohitu egiten dira, irekitzen baldin baduzu larunbatean ere etorriko dira, eta bestela ez”.
Extremadura ezagutzen
Oso pozik egon da Lander Lasarte-Orian, oso ondo tratatu dutela dio. Caceresera joaten da urtero hilabeteren bat edo. “Ni orain ari naiz Extremadura ezagutzen, 22 urterekin etorri nintzenean, orduan, ez zen ia autorik, ez ginen mugitzen, ez geneukan dirurik ere. Behin oporretan hara joaten hasi ginenean pixkanaka hasi ginen hura ezagutzen”.
Dena den, pena pixka bat badu Landerrek, orain Extremaduran herriak hutsik daudelako, triste, jenderik gabe, gazteak kanpora joaten dira eta. “Ni 22 urterekin atera nintzenean lau mila biztanle baino gehiago ziren Torrejoncillo herrian, ia bost mila. Denak ginen han, giro oso ona zegoen”. Duela 54 urte, bera izan zen hona etorri ziren lehenengotariko etorkina. Intxaurrondora etorri zenean hemengoekin ibiltzen zen ez zuen hangorik ezagutzen. “Oso ondo hartu ninduten, lagun handiak ditut. Asko balio dute”.
Anaiarekin etorri zen, Intxaurrondon honek ireki zuten dendatxora, baina dena eskuz egiten zuten eta ikusi zuen tresneriarik erosten ez baldin bazuten jai zutela. “Bakoitzak bere lana zuen eta dendara egunero joaten zen bakarra ni nintzen. Anaiak Sugusen Suchard enpresan lan egiten zuen. Azkenean utzi eta fabrikan hasi nintzen lanean, baina gero Iparragirre ezagutu, horretan banekiela esan eta nahi nuenean joateko proposatu zidan”.
Gero zabaldu zuen Zumaburuko denda eta 1996an jubilatu zenetik tarteka joaten da semeei laguntzera. Ibaetan dagoen semeak deitu egiten dio lan honetan berriagoa da eta. Duela hamar bat urte hasi zen. Lagundu eta animoak ematen dizkio Landerrek.