Hala baina, elkarte eta eremu desberdinetan biltzen ziren herritarrak. "Batzuk eta besteek zer egiten genuen ez genekien. Herritar batzuk egoera konpontzen saiatu behar genuela uste genuen eta lanari ekin genion. Herria maite genuelako, herritarrak batu behar genituen" aipatu du Sebastianek.
Hasiera horretan, Zaharren omenaldiaren antolaketa lanari ekin zioten. Honetan elkarte desberdinek zer egin bat zutela azaldu du Kerejetak, "Pasaiatik mahai eta aulkien atzera-aurreko garraioa eta lekuan prestatu eta biltzen Palomo Linares, Casa de Extremadura, Ongi-etorri .... aritzen ziren, sukaldean Buruntz-Azpi, eta beste hainbat eginkizunetan Lasartearra, Intza, Assis, Guraso Elkartea eta abar. Bestalde herriko 36 emakumez osatutako talde batek zuen ardura zuzena 700 laguni bazkaria zerbitzeko. Horra hor herritarrak elkartzeko modu egokia".
Honela hasi zen herriko mugimendua eta elkarteen arteko elkarlana.
Honen ostean, herriko zazpi elkarteen arteko mus txapelketa eta elkarte guztien parte hartzearekin San Pedrotako danborrada bezalako ekimenak ere gauzatu ziren jendeak elkar ezagutzeko.
Gainera, inkesta soziologikoa egiten zuen Danok Kide elkarteari eta droga-menpekotasuna zuten gazteekin aritzen zen Zain-Berri elkarteari lagundu zioten.
Lasarte aldizkaria
Gauzak honela, aurreko proiektu guztiak osatu eta herritarrek elkarteen berri izan zezaten, aldizkari bat argitaratzeko ideia sortu zen. Danok Kideko Juanjo Mendiluze izan zen sustatzaileetako bat.
"Parte hartzea, elkarlana eta ezagutza sustatu nahi genuen. Herritarrak elkartzeaz gain, non bizi ziren azaldu nahi genien, herriaren historiaz jakin zezaten, herrian gertatzen zenaren informazioa eman nahi genuen" azpimarratu du Kerejetak.
1984an ekin zioten asmo berri honi eta hurrengo urteko abenduan, Lasarte aldizkariaren lehenengo alea atera zen kalera.
"Nola egin ez genekien asko, ezta nondik hasi ere. Lehenengo bilerara Antxon Elizegi etorri zen eta hark bazekien zerbait, esperientzi bazuen arlo horretan. Asmoa azaldu eta han hasi zen. Ekarri hamar folio zuri. Nik egingo dut" adierazi du.
Bertan zeudenei galderak egin eta hemen editoriala, hurrengoan pertsonaiak, gero kirolak, ondoren historia... "maketaren zirrimarra eskuz egin zuen momentu batean".
Honela, 1985 eta 1986. urteen artean, lau aldizkari osatu ziren, hiru Lasarte izenarekin eta bat Lasarte-Oria izenarekin. "Izena herria eratu eta gero aldatu zitzaion," azaldu du Sebastianek.
Bigarren urtean hiru LasarteOria aldizkari izan ziren, "baina ikusten genuen hirugarrena osatzeko arazoak genituela, hau oporren ostean egin behar zen eta bi egitea erabaki zen, herriko festetako eta Eguberrietarako". Eta horrela jarraitu du gaur egunera arte.
Ildo nagusia
Aldizkariak herrian zeuden arazoak jorratzen zituela adierazi du. "Gai bat erabakitzen genuen eta hori zen aldizkariaren ardatza normalean. Ikuspuntu desberdinak ematen saiatzen ginen. Agian Pello Artetxek Euskal Herriko gaiak sartzen zituen, baina, orokorrean Lasarte-Oriakoak ziren beti," jakinarazi du.
"Gaia ez errepikatzen saiatzen ginen gainera, baina konpondu gabekoa bazen agian errepikatzen genuen" aipatu du.
Elkarteen berriak, Pello Artetxeren iritzia, herriaren historiari buruzko Agirre Sorondoren artikuluak, Jesus Mari Egizabalek idazten zuen "herriko pertsonaiak", aukeratutako gaiaren inguruan herriko alderdi politikoen iritzia eta gai horretaz hainbat iritzirekin mintzatzen ziren lankideen lanak,... horren arabera osatzen genuen eta horiek ziren aldizkariaren bizkarrezurra"... aipatzen ditu Sebastianek. “Aldizkaria atera baino hilabete lehenago biltzen ziren artikuluak", adierazi du.
Idazle finkoak
Horietaz gain, kirolak idazteko beti norbait aurkitzen zutela onartu du Kerejetak, "Alvaro Kanok idatzi zuen aldi batean. Zaldien kontuak ere bi edo hiru aleetan landu zituen berak. Batasuna elkarteko lagunen laguntza ere izan dugu zenbaki gehienetan, herri inguruko mendi kontuekin, Mikel Etxarrik ere, futbola, kirola eta heziketaren loturaren gaiaz hainbat aldiz idatzi zuen...".
Baina hauetaz gain, gaiak lantzeko idazleak zituztela adierazi digu. "Bageneuzkan bost edo sei bat idazle. Kazetari "fijoak" zirela esan daiteke. Horiei "hau behar diagu " esaten genien eta artikulua idazten zuten. Eta marrazkilariak ezin utzi aipatu gabe, Iñaki Izagirre eta Alberto Petxarroman eta nola ez Iñaki Verdes maketaria" jakinarazi zuen.
"Ez idazle, ez maketari, banatzaile, marrazkilari, saltzaile eta ez beste inork, ez zuen sekula zentimorik kobratzen", azpimarratu du Sebastianek.
Irudiak eta inprenta
Bestalde, lehenengo zenbakietan marrazki asko argitaratzen zituztela azpimarratu du, "bi lagunen artean argazkirik ez zegoenean, gaia hartu eta marrazkiak egiten zituzten. Esate baterako, Alberto Petxarroman eta Iñaki Eizagirre ibili ziren horretan."
Era berean, argazkiak herriko jendeari eskatzen zitzaizkiela ere onartu du eta Kerejetak egiten zuen lan hori. "Zortea nuen ez zizkidaten arazorik jartzen" adierazi du.
Hau guztiaz gain, Donostiako Egia auzoan, Kristina-eneatik gora joanda bodega batean inprimatzen zirela azaldu du, "xelebrea izaten zen, hiru paper bobina estu izaten ziren inprentan idatzita. Eta Iñaki Verdesek kolarekin orrietan eransten zituen artikuluak. Gero, ondoren, berriro inprentara eramanda haiek fotokopiatzen zituzten. Gainera, azalpenak eskatzen zituzten artikuluei buruz, izan ere, makina, gutxik zeukatenez eskuz idatzita etortzen ziren artikulu asko eta ulertzen zailak. Lan izugarria zen".
Aldizkariaren banaketa
Inprimatu ostean, herrira ekarri eta elkarteek bakoitzak bere eremuan saldu eta banatzen zuten aldizkaria, "antolaketa lana handia genuen".
Hala ere, Sebastianek gogoratzen duenez, "aldizkaria etxeetan saldu baino aste bete lehenago auzo desberdinetan kartel handiak jartzen genituen, Alejandro Romok egindakoak.
Honela, harrera ona izan zuen LasarteOriak, "etxez etxe joaten ginen aldizkaria saltzen eta jendeak bazekien zer zen; ehun pezetan saltzen genituen".
Aurrerago, aldizkaria doan banatzeko ideia izan zuten eta "etxe bakoitzean, 5.000 postontzietan sartu genuen, hauetan inskripzio orri bat zegoen. Aldizkaria jaso nahi zuenak betetzeko eta orain orduan eskatu zutenak eta ondoren nahi izan duenak jasotzen dute," azaldu du.
Aldaketak
Era berean, aldizkaria osatu eta publizitatea egiten zutenak urtero biltzen ziren babarrun jana egiteko. "Aitzakia zen elkarteetako jendeak harremana izan eta elkar ezagutzeko. Bazkaria, elkarte ezberdinetan egiten zen, naiz beti Buruntz-Azpin prestatu. Giro ezin hobea egoten zen," adierazi du Kerejetak.
Elkarteen zuzendaritzak aldatzen ziren eta urtero berriei gauzak azaldu behar zitzaizkien. Lehendabizi elkarteak aldizkaria atera aurretik bildu eta gaiak elkarrekin aukeratu eta aztertzen zituzten, baina pixkanaka interesa hozten joan da eta gutxi batzuek erabakiak hartzera behartu da.
Egun Ketxus Marcos dago zuzendari lanetan, eta teknologia aldatu diren arren, aldizkariak bere estruktura mantendu du.
Ea urte askotan honela jarraitzen duen!