Memoriaren eskultura parke berrian

jon-altuna 2011ko ekainaren 24a

Datorren asteazkenean, San Pedro Egunean, inauguratuko dira arratsaldeko 17:30ean Gotzon Huegun artistaren “Geroaren Memoria” izeneko eskultura eta Udaletxe berriaren atzean eraiki den Askatasunaren Parkea. Espazio berri honen erdi-erdian kokatu dituzte “Geroaren Memoria” lana osatzen duten hiru piezak. Bestalde, Huegun bi hilabeterako Txinara doa uztaila eta abuztuan eskultura klasiko bat egitera eta bere beste lan bat aukeratu dute bi urtetan Errusiako hiri ezberdinetan jarriko den erakusketa ibiltari baterako.

Udaletxe berriaren atzeko Askatasunaren Parkearen erdi-erdian Markinako marmol beltzez egindako hiru zutabe handi jarri ditu Gotzon Huegun eskultoreak.
Udalak indarkeriaren biktimak omentzeko lan bat eskatu eta Geroaren Memoria izeneko eskultura egin du: "Ez dakit lortu dudan, baina niretzat garrantzitsua da, eta saiatu naiz batzen gaituen pieza bat egiten. Historia tragikoa bizi izan dugu Euskal Herrian, hori onartu beharra dago, beraz hildakoei errespetu osoarekin, errekonozimendu, omenaldi edo aitortza egin eta aurrera segi".
Argizaiola batean oinarritu zen eskultorea lana egiterakoan: "Udalaren enkargua jaso nuenean, argizaiolen irudia etorri zitzaidan elementu sinboliko, magiko-erligioso bezala. Garai batean euskal kulturak edo euskal nortasunak argizaiolak erabiltzen zituen bere hildakoei argia emateko eta beste dimentsiora bidaia hori argiaren bidez nolabait laguntzeko, orduan elementu hori hartu nuen gai nagusi bezala eskultura aurrera ateratzeko".
Hiru piezatako eskultura da, hiru zutabe ezberdin egin ditu eta bakoitzean ormigoiez egindako koloretako laukiak jarri: "Argizaiola handienaren barruan daude edo erakusten dira hildakoak, biktimak, batzuentzat zeruan eta beste batzuentzat beste dimentsio batean, baina gurekin ez daudenak". Esan bezala, kolore ezberdinetako laukiak erabili ditu hor, Huegun-en iritziz "biktimen barruan sentsibilitate ezberdinetako pertsonak daudelako. Kolore ezberdinek hori adierazten dute, ez dela kolektibo homogeneoa".

Historia iluna-kolore biziak

Gotzon Huegun-en ustez hildakoez gain gizarte osoa izan da indarkeriaren biktima eta eskulturaren beste bi parteetan hildakoak izan gabe biktimak izan direnak irudikatu ditu, hauek ere kolore ezberdin eta biziak erabiliz, beste bi argizaiola edo harri puskatan.
Bi hauetan koloretako laukiak ez daude harriaren barruan, kanpoan baizik, "hemen gaude esanaz: batzuk egoera larriagoak jasan dituzte eta zartatuta daude, eta besteak ez hainbeste".
Eskulturari beti ere positibismo ideia eman nahi izan dio, ez dio bizitzaren ikuspegi eta sentimendu tragiko eta kristauarekin begiratu. Gainera, eskulturak egiterakoan, gizartea eta hildakoak osotasun batean hartu dituela azaldu digu eta bestalde, kolore biziak erabili baditu, horien bidez tristurari aurre egin eta bizitza aldarrikatzeko izan dela esan digu Huegunek. "Daukagun historia daukagu, baina aurrera egin behar dugu, eta historia ilun horren aurrean ondo lotzen diren koloreak, alaiak, biziak,... jarri ditut."
Ikuspegi orokor eta globaltasuna zentzuzkoa dela uste du, guztiari beste ikuspuntu horretatik begiratzea, nahiz eta aitortzen duen ondoan hildako bat daukanari zaila egiten zaiola emozioa hor izaten delako. "Zorionez ez dut inguruan hildakorik izan, familia askotan bezala kartzelan izan den senideren bat izan ezik, eta horregatik ikuspuntu zabal hori izan du".
Udaletxearen atzeko espazio berriari Askatasunaren Parkea izena ematea eta berak bere lanari “Geroaren Memoria” izenburua jartzea, ondo iruditu zaio Gotzon Hueguni, bere ustez egokiak dira, "urte batzuek pasatzen direnean pieza ikusten dutenek gogoratu dezaten hemen izan den istorioa".
Lana Jesus Maria Zaballos alkateak zuzentzen zuen aurreko Udalak egindako eskaera izan zen, baina enkargua gero pribatua izan da, Udaletxeko lanak egin dituen enpresak eskatu eta ordaindu dio lana. Eskultorearen ustez beste edozein partiduren eskaera izan balitz ere, berak pieza hau egingo luke eta orokortasun batetik begiratuko lioke.

Marmol beltza

Markinako marmol beltza erabili du hiru piezak egiteko, "beltzak edo material honek duen presentzia eta seriotasunarengatik, hemengo panteoi askotan erabili da, hildakoekin bat egiten duen materiala delako, garai bateko estelak harri beltzarekin egiten ziren, eta bestalde, koloretako kuboak hormigoizkoak dira pintura berezi batekin margotutakoak, kanpoan iraun dezaten”.
Harriari eman dion testura edo itxura "malkoa" deitzen da, zartadurak egin nahi izan ditu laztasuna irudikatzeko, bizitza urratu horiek sentitzen dutena lortzearren. "Hori da nire azalpen edo argudioa, ez dakit gero begiratzera etortzen direnek ikusiko duten ala ez".
Hiru metro eta hamar zentimetro ditu pieza handienak, 2,70 bigarrenak eta 2,15 inguru hirugarrenak. Hiru piezak nahiko geometrikoak dira, "ideia aurrera eramateko abstrakzioan murgildu behar nintzen, ez nuen eskultura figuratibo bat ikusten..."
Hiru pieza jarri ditu multzo bat izan dadin, “bi izan balira, hildakoak batetik eta gizartea bestetik, bata bestearen aurrean edo kontra, enfrentamendu itxura hartzen zuen, eta hiru jarrita multzoa osatzen dute”. Hiru hilabete pasa ditu lan egiten, udazkenean hasi eta neguan bukatu du.

Hirugarren eskultura

Hirugarren eskultura jarri du Gotzon Huegun-ek bere jaioterrian. Bi Atsobakarren daude: Lehenengoa 1996. urtean jarri zuen, Juanjo Mendiluze herritarraren omenez eta hori ere argizaiola bat da, "ez dauka zer ikusirik askoz formatu txikiagoa duen estela bat da". Bigarrena, 1998an jarri zuen ondoko biribilgune batean Saustako sagarrondoei gorazarre egiten dien Sagarra.
Eta Lasarte-Oriako sarreran, geltokiaren ondoan jarri zuena ez da eskultura bere ustez, "plaka bat da, baserria bota zutenean Lasarte jartzen zuen plaka zaharra puskatu zuten, eta berritzeko eskatu zidaten. Berrituta neukanean garai hartako udal aparejadoreak esan zidan ea horrekin eskultura bat egiterik banuen eta marko antzeko bat jarri nion treneko trabesa batzuekin. Gustatzen zait baina ez dut eskulturatzat hartzen. Gauzek bere izena daukate, eta polita edo itsusia, baina hori kartel bat besterik ez da, niretzat polita. Egiten dugun dena ezin da eskultura eta arte-lan izan".
Bere herrian bertan bere lanak ikustea gustatzen zaio, baina hori baino gehiago lanak kanpoan jartzea: "niri gustatzen zaidana piezak kalean egotea da, museoetara ez da eta herria joaten, eta joaten dena kultura egitera joaten da, ez sentimendu pertsonal bategatik,... baina kalean egotean edonork ikusi ditzake, paseatzen doan bitartean eta horrek poza ematen dit. Kalean ipintzen dituzunean gainera beste dimentsio batzuek dauzkate, estaldura egiten diezu, harriarekin lan egin,... Saltsa hori oso gustukoa dut".

Txina eta Errusiara

Beste "enbolada" batzuetan ere murgilduta da Gotzon Huegun. Aurreko urteetan ere egon da beste simposium batzuetan eta han ezagututako mundu osoko eskultore eta lagunei esker, berriro kanpora joateko aukerak sortzen zaizkio.
Horrela, batetik uztailean Txinara doa bi hilabeterako. Azken urteotan, lagun horiek mundu osoko simposium-ei buruzko posta elektronikoak bidaltzen dizkiote eta hain juxtu Errusiako lagun batzuek bidali zioten Txinan egiten den eta izugarrizko maila ona duen simposium bati buruzkoa. E-maila jaso zuenez proiekturen bat bidaltzea pentsatu zuen, baina gehiegi landu gabe. "Maketa eskatzen zuten arren, ez neukan ez gogo ez denborarik, beste gauza batzuetan ari nintzelako eta soilik marrazki batzuek bidali nituen", kontatu digu. Hala ere, handik hilabete eta erdira e-maila jaso zuela ingelesez, "zorionak, hautatua izan zara hemen Txinako Txantxun herriko simposium-ean zure eskultura egiteko. Ingelesa ez dut asko menderatzen eta anaiarengana joan nintzen benetan hori ipintzen zuen ziurtatzeko eta bai. Txinako Gobernuak gonbidatuta noa, bi hilabete pasatuko ditut han. Jada iritsi zaizkit, bisa, hegazkineko txartelak,...”
Uztailaren 12tik irailaren 4-5era arte doa Txinara lan berezia egitera: “Gainera lan ezberdin bat egingo dut. El Grekoren plaka bat egin nuen panteoi batean jartzeko eta horrelako lan klasiko bat egingo dut. El Grekoren margo batzuek eramango ditut, eta beraiek aukeratzen dutena, nahi dutena, egingo dut marmol zurian. Mendebaldean ekialdeko arteen zale garen bezala, (budismo, zen, yoga,...) han hemengo kutsua duten gauzak ikusi nahi dituzte. Hau manierismo garaiko lan klasiko bat izango da. Laguntzaile bat jarriko didate eta interpretea ere beharko dut. Ea zer gertatzen den. Ez naiz ni oso abenturazalea, baina enkarguz lan egiten dudanez eta hemen ere lan kontuak arraro xamar daudenez,...” Zailtasunak ditu lana lortzeko: “Ditudan bezeroak nahiz eta dirua eduki, denak zain daude".

Errusian bi urte

Hala ere, bestalde, Txinakoaren ondoren beste gonbidapen bat jaso du Errusian egingo duten erakusketa ibiltari baterako proiektu bat aurkezteko. Bi urtetan zehar Errusiako hainbat hiri ezagunetara eramango den erakusketa honetan bere lan bat erakutsiko da. Argazkiak bidali zituen eta tamaina txikiko eskultura bat aukeratu dute, hain juxtu orain egiten ari dena. "Uztaileko lehenengo astean etorriko dira jasotzera. Ea horrekin ere zer gertatzen den. Ekaterinburg hiritik hasi eta besteak beste, Mosku eta San Petesburgon jarriko dute".
Eta bere helburua, pare bat urterako beka edo laguntzaren bat jasotzea da, enkarguak utzi eta berak egin nahi dituen eskulturak egiteko, mitologiarekin lotutako lan zabal bat prestatzeko.