Geldirik egoten ez zen eta kezka asko zituen gizona izan zen Daniel Adrian de Con jauna. Alboka abesbatza koru misto bihurtzeko egin zuen ahaleginarengatik eta abesbatza honi eman zion izaeragatik ezaguna izan da herrian. Baina honetaz gain ekarpen ugari egin zituen.
Lasarte-Oriako aurreko Udal gobernuak erabaki zuen aurten omenduko duen pertsona Daniel Adrian izango dela eta beraz Omenaldi postumoa jasoko du, baina merezitakoa. “Giza balore handiko gizona izan genuen eta merezitako omenaldia dela uste dut” aipatu digu Jesus Mari Egizabal bere laguna izandakoak.
Bere bizitza askatasun eta sinpletasunean oinarritu zuen, bere giza balore eta familiarrekin bat eginez.
Grina eta jakin-min handiko gizona izan zen “Danielen adiskidetasuna, formakuntza kulturala, konpromisoa eta gizatasuna aipatzekoak dira eta guzti honek pertsona garrantzitsu eta estimatu bihurtu zuen” gaineratu digu Egizabalek.
Musika eta Biologia
Txiki txikitatik musika munduan murgildu zen Daniel.
Eduardo Hernandez Asiain, XX mendeko biolinista ezagunaren ikasle izan zen. 17 urterekin biolin karrera amaitu zuen.
Donostiako Kamera Orkestrako kide izan zen 1964-65 urte bitartean. Esperientzia polita izan zuen, baina bere ikasketak sakondu nahian Zaragozara abiatu zen Kimika Zientziak ikastera.
Bertan zegoela, unibertsitateko Lagun Artea abesbatza zuzendu zuen.
Bi karrera bazituen ere, ondoren bere bizitza profesionala bankuetxeen munduan egin zuen. Baina musikari tarte nabarmena emanez.
Zaragozatik Lasarte-Oriara
Behin Biologia karrera amaituta, familiarekin Lasarte-Oriara etortzea erabaki zuen Daniel Adrianek.
Beraz Euskal Herrira etorri zen familia hartuta. Aipatu bezala musika garrantzitsua zen berarentzat. Horregatik etorri eta Kazkabarra herriko taldearen kide bihurtu zen. “Talde garrantzitsua eta esanguratsua izan zen 80ko hamarkadan” azaldu digu Egizabalek.
Taldeko kide zenean inauterietako abestietan oinarritutako diskoa argitaratu zuten.
Garai horretan ere, hain zuzen 1977an, Felipe Lizarragak zuzentzen zuen Alboka, ahots baxuen abesbatzako kide egin zen.
Lizarraga zuzendariak kargua utzi zuenean, Daniel Adrianek hartu zuen bere lekua.
10 urtez egon zen zuzendari eta epe horretan abesbatzak ekitaldi profano eta erlijiosoetan kantatu zuen.
Garai horretan ere, euskarazko hitzekin, Donostiako Gros auzoko Calderero konpartsako kantu tradizionalak grabatu zituzten.
Ahots baxuen amaiera
Daniel Adrian de Con Alboka abesbatzaren eraldaketaren alde agertu zen, zena baino zerbait gehiago izan zitekeela uste zuen eta horregatik abesbatza misto bat eratzeko proposamena luzatu zien kideei.
Garaian Danielek hurrengo hitzak esan zizkien Albokako kideei: Aldaketa egiteko apustua izango da, lagunarteko abesbatzari amaiera emanez, talde txiki batek dituen abantailei uko eginez eta talde ezberdin, misto eta handia sortzea”.
Hitz hauekin hasi zen Albokaren eraldaketa. 1987an bilera ireki batera gonbidatu zituzten herritarrak.
Koru mistoaren sorrera
Egungo Manuel Lekuona kultur etxea dagoen lekuan zegoen Tedoso zineman jarri zen hitzordua eta jende ugari hurbildu zen bertara proposamena entzutera.
Musika eta kantu koralaren inguruan interesa zutenak adi entzun zituzten bere hitzak: “Bere proiektua gogo biziz aurkeztu zien bertakoei, ados zegoen planteatzen ari zen aldaketarekin” aipatu digu Egizabalek.
Eta Danielek aurkeztutakoarekin bat etorri zirenez lehenengo entsegurako jarri zuten hitzordua.
Horrela, normaltasunez ahots baxuen abesbatza misto izatera pasa zen. Izena mantendu nahi izan zuten baina hitz bat gehituz, Albokatik Alboka Abesbatza izatera pasa zen.
Herritarren babesaz gain, abesbatza honek Lasarte-Oriako Udaleko bermea ere jaso du daraman 24 urteko ibilbide honetan.
Abesbatzako kideak herriaren enbaxadore izan dira, eta herrian abesteko eskatu zaienean ere hor egon dira.
Danielen papera Albokan
Alboka Abesbatzaren sorkuntzan eginkizun garrantzitsua bete zuen Danielek.
20 urtez gogor borrokatu zuen proiektu honen alde “bere ezagutza musikalak, balioak, esperientziak nahi izan zuten guztien esku jarri zituen” dio Egizabalek “gainera ez zion inori huts egin” gaineratu digu.
Abesbatza eratu eta garatu egin zen berarekin eta egun oraindik irauten du.
Kantak Gogoratuz
Kantatzeaz gain liburu bat ere idatzi zuen “Kantak Gogoratuz-Recordando Canciones”.
Kantak Gogoratuz liburuan estilo ezberdinetako 1.300 abesti inguru jaso zituen Adrianek.
“Bere azken egunetan bukatu zuen idazkia. Horri esker utzitako legatu harrigarria izan da” azaldu digu Egizabalek.
Liburu honen hitzaurrearen hasiera gogoratzeko modukoa dela aipatu digu Egizabalek Kantuz bizi naiz eta kantuz nahi bizi... eta baita amaierako hitzak ere bakoitzak kantatu nahi duen abestia aukeratu dezala, horretarako dago liburua eta batez ere, disfrutatu.
Musika baino gehiago
Kimika ikasketak burutu bazituen ere, ez zen laborategiko lana bere ogibidea izan. Hala ere, bere erara azterketa sistema propioa sortu zuen.
Natura izan zen bere zaletasunetako bat. Gaztetik Aranzadi Zientzia Elkartearekin lanean aritu zen. Urte batzuetan espeleologia munduan ibili zen mendira irteerak eginez eta “giro naturalean zegoen bizitza horretan murgiltzen” argitu digu Egizabalek.
Ingurugiroaren babesle sutsua izan zen “Jaizkibelgo itsaslabarrean Pasaiako portuak eragingo zituen arazoen inguruan idatziak egin eta eztabaidetan parte hartu zuen” dio Egizabalek.
Gizon ikasia eta horren isla “bere esperientzia eta pentsamenduak ematerako orduan, erabiltzen zituen gaitasun literarioetan ikus daiteke” dio Egizabalek.
Bankako langilea
Kutxa banketxeko langilea izan zen urte askotan eta bertan “bere giza izaeragatik lasarteoriatarren maitasuna eta errespetua jaso zuen” aipatu digu Egizabalek.
Era berean elkarbizitzarako adibide zela argitu digu. Bere profesionaltasunari esker herritar ugarik ahokulari eta lagun bezala zuten eta.
Balore errotuak zituen “postura etikoa behar zuten gertaeren aurrean giza eskubideen alde egiten zuen beti Danielek” Egizabalen hitzetan.
Herritarren laguna
Lasarteoriatarren adiskidetasuna irabaztea lortu zuen. Bere alaitasuna, gaitasunak eta ekintza sozial eta kulturaletarako zuen jarrera goraipatzekoak dira. Elkarbizitzarako eta adiskidetasunerako pertsona eredugarria zela dio Egizabalek.
Izaera alaia zuen eta musika edozein ekimenera eramaten zuten horietako zen. Bere biolin edo gitarrarekin ikustea ez omen zen arraroa. Edozein afalondo edo bazkalostean jai giroa nagusi zen bera bertan egonez gero.
Musika izan zuen bizitzako arlo garrantzitsuena eta horregatik Egizabalek berriro ere Kantuz Gogoratuz liburuko hitzaurrea begiratzeko gonbitea luzatzen digu; nire bizitzako momentu hoberenak kantatzen pasa ditut, gitarrarekin edo a capella, bazkaloste, afaloste edo lagunekin eta familiarrekin pasa ditudan ospakizunetan.
Bizitzaren paradoxa
Erretiroan bere zaletasunez gozatzeko edukiko zuen denbora librean pentsatzen zuen, baina zoritxarrez bilakaera azkarreko gaixotasun batek bere plan guztiak eten zituen.
"Gizon zuhurra izan zen eta gaixotasunari ausardiaz aurre egin zion" dio Egizabalek. "Zorigaitzei aurre egin zien eta bere kantategia bukatzeko aukera izan zuen, bere betiko pasioari, kantu koralari omenaldia eginez" gehitu digu Egizabalek.
Ekimen ugariren bultzatzailea izan zen Daniel Adrian. 2008ko abenduan pertsona esanguratsu honek utzi egin gintuen, baina herritar ugariren bihotzetan oraindik bere pertsona bizirik mantentzen da eta bizirik mantenduko da.
Ekarpen ugari egin zizkion Lasarte-Oriako kulturari eta horregatik herrian beti izango dugu gogoan.
Elkarrizketa
Teresa López Revuelta Daniel Adrianen alarguna
Donostiarra jaiotzez, eta lasarteoriatarra adopzioz. Daniel Adrianek musika zuen bere zaletasunik nagusiena. Pertsonai ezaguna, maitatua eta kultura sustatzaile izan zen. Alboka Abesbatza mistoa bultzatu zuen. Abenduan hiru urte beteko dira gaixotasun batek gure artetik eraman zuenetik, baina bere memoriak bizirik dirau. Aurten sanpedrotako omendua izango da eta bere bizitzaz gehiago jakiteko Teresa Lopez Revuelta, alargunarekin bildu gara.
Nola hartu du familiak Daniel Adriani aurten sanpedrotan egingo zaion omenaldia?
Hasieran sorpresaz hartu genuen, baina oso kontent gaude eta harrotasunez omenduko delako.
Alboka Abesbatzan izandako papera garrantzitsua izan zen...
Omenaldi bat jaso zuen bere garaian, Kantak Gogoratuz liburuxka publikatu zuenean. Oso polita iruditu zitzaigun, ondo sentitu ginen bere lanak jaso zuen aitortzarengatik. Oraingoan ere emozioz hartzen dugu, bere pertsona berriro gogoratuko da. Ilusio handia egin digu, Danieletaz harro gaude.
Nola gogoratzen duzu Alboka Abesbatzaren sorkuntza?
Zorizko gauza askoren pilaketa izan zen. Ahots baxuen Alboka sortu zenean Felipe Lizarraga zegoen zuzendari. Lan lekualdaketa baten ondorioz, Daniel geratu zen abesbatzaren arduradun.
Lagun talde bat zen, musika zaletuak eta elkartean afalosteetan kantatzen zuten horietakoak. Afarietara emakumeekin joaten ziren, hauek ere kantatzen zuten. Orduan galdera batek eragin zien; elkartean kantatzerik bazuten zergatik ez abesbatzako partaide izan.
Afari batean proposatu zen Alboka Abesbatza misto bezala eratzea.
Teodoso eraikinean bilera ireki baterako deialdia egin zen. Gogoan dut Danielek nola paperez bete zuen herria.
Harrera ona izan al zuen abesbatza mistoaren ideiak?
Jende ugari bildu zen deialdira eta Alboka Abesbatzan hasieran ehun ahots baino gehiagok parte hartu zuten. Lasarte-Oriaren tamainako herriarentzako kide ugari, arrakasta izan zuen ekimenak.
Hortik aurrera lan egiteko momentua iritsi zen. Hasi ziren askok musikaz jakintza gutxi zeukaten. Lan gogorra egin behar izan zen musika munduan barneratzeko. Baina lan honek fruituak eman zituen, eta nik uste abesbatza maila ona izatera iritsi zela.
Abesbatza aurrera ateratzeko indarra jarri al zuen Danielek?
Ahots ezberdinak sailkatzea eta gero guztiei musika kontuak erakutsiko zizkieten pertsonak bilatzea bere ardura zen. Gogor borrokatu zuten hasiera horietan eta ondoren ere.
Behar bat zegoen abesbatza mistoa ateratzeko eta berari egokitu zitzaion hori aurrera ateratzea.
Kezkatia, beti gauzak egitearen alde zegoen eta ideia ondo hartu zen. Gainera Udalaren babesa eduki zuen proiektuak, lokala ere utzi zieten. Proiektuak herritarren bermea eduki zuen, herriarentzako ona zelako. Alboka abesbatza lehiaketetara aurkeztu zen eta horri esker, Lasarte-Oriaren izena leku askotara zabaldu zuten.
Garai gogorrak izango ziren.
Abesbatza mistoa sortu behar zen, formakuntza eman, baina gustura egin zuen.
Denborarekin, 1996an hain zuzen ere, Kristina Perez Abreuk hartu zuen lekukoa. Baina hor jarraitu zuen hilabete batzuetan, kantatzen bakarrik.
Berarentzat Alboka seme bat zen. Zerbait sortzen duzunean barnean daramazu. Umea heldu eta urruntzen den arren, zure semea da eta maitasun berezia diozu.
Noiz hasi zitzaion musikarekiko grina?
Biolin karrera ikasi zuen gazte aroan. Musika oso errotuta zegoen beregan.
Karrera amaituta Zaragozara jo zuen kimika ikastera eta han, musika behar horren ondorioz, kaldereroen lagunarteko abesbatza baten zuzendari bihurtu zen.
Musika afizioa oso txikitatik datorkio, jole ona zen, eta gainera ondo kantatzen zuen. Abesbatzek beti atentzioa deitu izan diote eta beti egon da musikarekin lotuta.
Lasarte-Oriara etorri eta nola jarraitu zuen bere zaletasunarekin?
1974an etorri ginen Lasarte-Oriara. Ni Burgosekoa nintzen eta bera Donostiakoa, baina biak Zaragozatik etorri ginen. Eta hona iristean Zaragozako abesbatza utzirik hemen edozer bilatu behar izan zuen bere musika behar hori asetzeko.
Hainbat gauzetan sartu zen. Kamera Orkestran egon zen eta Bizente Beltranen Kazkabarra taldean. Beltranekin bi disko argitaratu zituen.
Honetaz gain Donostiako inauteriekin, Eskola elkartearekin... harreman oso ona eduki zuen. Ekimen horietan murgilduta ibili zen garai batean.
Eta Alboka noiz sartzen da bere bizitzan?
Musika munduan zegoenez ezaguna zen.
Landaberri Ikastolan sortzen ari zen abesbatzaren barruan zeuden gure bi bizilagun, ahots baxuen abesbatzan. Eta bertan parte hartzeko proposamena luzatu zioten eta segituan sartu zen proiektuan.
Musika bere bizitza zen...
Musika ikaragarri gogokoa zuen eta horrek asko lagundu zion bere azken urteetan.
Bere gaixotasunak gurpildun ahulki batean utzi zuen eta gogoko zituen jarduera batzuk egiteari utzi behar izan zion; onddoak bildu, natura, arrantza... baina musika hor zegoen, bere ihesbidea izan zen.
Denbora aprobetxatu zuen eta "Kantak Gogoratuz" abesti herrikoiak biltzen dituen liburua publikatu zuen. Gainera liburu hori amaitzean omenaldia egin zitzaion kultur etxean, jende asko bildu zen. Babes handia sentitu zuen. Oroitzapen oso onak ditut egun horretakoak.
Danielentzat egun handia izan zen eta emozioz bete zuen jasotako babesak. Ikaragarria izan zen beretzat egun hori eta horrekin geratzen naiz.
Herriak omendu eta orain Udalak, Daniel handia zen...
Jendeak kontuan dauka oraindik Danielen lana eta horrek harrotasunez betetzen nau.
Nola biziko duzue ekainaren 29ko egun hori?
Egun polita izango da, emozioz betetako eguna izango da. Faltan botako dugu.
Baina era berean, berriro ere, Lasarte-Oriako herriak Daniel zenbat maitatzen zuen sentituko eta biziko dugu. Eskerrik asko guztiei.