1
Ate joka datoz festak
utzi lanak, minak, kezkak
kaleak jendez bihur ditzagun
uholde, erreskak.
Sar ditzagun ordu estrak
ahaztu ditzagun xextrak
aiton-amonak, haurrak, gazteak
mutilak ta neskak.
2
San Pedrotan ze aldarte!
hasi ta bukatu arte
Aurtengo festak emozioa
soberan dakarte
hartu ezazue parte
ez geratzeko aparte
Lasarte festa bihur dezagun
ta festa Lasarte.
3
Txosna, taberna ta benta
Sorgin jaiena: tormenta
ekitaldiak jarri dituzte
bertan han-hemenka
buka dezagun errenka
jolasa baita errenta
debaldekoa bihurtu dute
festaren salmenta.
4
Sorgin jaiak, sorgin jaiak
umilak bezain alaiak
bizirik daude ilusioak,
ametsak ta nahiak.
Falta zaizkigun anaiak
indarrez daude epaiak...
ea ba noizbait aldatzen diren
betiko garaiak.
5
Udaletxeko peskisan
obra erraldoien gisan
kanpoan duen diztira behar
du barruan izan
badegu nahiko zeresan
hitz egin, mintzatu, esan...
Izan dedila herriak berak
parte hartu dezan.
6
Okendoko petrilari
desagertua, hilari
han pasa diren hainbeste kontu
ta gauza pilari
hasi natzaio kantari:
tralara eta tralari.
Iraganaren ilusioa
beti ameslari.
7
Ahal danik eta garbinak
egin dituzte jardinak
bertan bizitza egon ez dedin
nahi duten berdinak.
Jarri ditzagun kanpinak
ez geralako panpinak
erakusteko badauzkagula
hortzak ta haginak.
8
Udala zen deserria
aldaketa igerria
baina negua bilakatua
da udaberria
bizirik dago herria!
Mugi dezagun gerria!
Oso zaharra ez izan arren
sortzeko berria.