02_Itsaso Tolosa, Iñigo Ibarburu eta Mikel Arribillaga igerilariak Euskadiko txapeldunak dira

Txintxarri Aldizkaria 2011ko uztailaren 2a

Guztira 17 domina lortu dituzte, bi txapelketetan eta gaztetxo gehienek haien marka pertsonalak hobetu dituzte. Borja Apeztegia entrenatzailearen hitzetan, “emaitza bikainak lortu dituzte igerilariek”.

Buruntzaldea IKT-ko igerilariak uztailaren 2 eta 3an Irun eta Gasteizera joan behar izan ziren Euskadiko txapelketan parte hartzeko.
Infantil mailako gaztetxoek lortu zituzten emaitzarik onenak. Itsaso Tolosak, Iñigo Ibarburuk eta Mikel Arribillagak Euskadiko titulua eskuratu zuten. Absolutu mailakoek ere dominak lortu zituzten.
Itsaso Tolosak 200 m. bizkar proban lortu zuen urrea. Baina honetaz gain, beste bi domina ere eraman zituen etxera: zilarra 100 m. bizkar proban eta brontzea 100 m. tximeletan.
Iñigo Ibarburuk 100 m. tximeletako txapeldun izateaz gain, zilarrezko domina lortu zuen 50 m. libre eta 100 m. libre probetan.
Mikel Arribillaga 50 m. bizkar proban gailendu eta hirugarren postuan bukatu zuen 100 m. bizkar proba.
Absolutuen mailari dagokionez, Naroa Goikoetxeak eta Haitz Mitxelenak podiumeko hirugarren postua eskuratu zuten proba desberdinetan: Goikoetxeak 50 m. bular proban eta Mitxelenak 200 m. tximeleta proban.

Bestalde, aurreko astean, ekainaren 25 eta 26an, Gipuzkoako Infantil, Junior, Promesa eta Absolutuen Gipuzkoako Txapelketa ospatu zen Bergaran.
Honetan Itsaso Tolosak eta Iñigo Ibarburuk Gipuzkoako titulu berriak eskuratu zituzten.
Ibarburuk tximeleta proban bere trebezia erakutsi zuen. Bi probatan, 200 tximeletan eta 50 tximeletan, egon zen podiumeko lehenengo postuan eta 100 tximeletan, berriz, txapeldun orde izan zen.
Itsaso Tolosari dagokionez, 200 m. bizkar proban lortu zuen urrezko domina. Gainera, 100 m. tximeletan eta 100 m. bizkar probetan txapeldun orde izan zen.
Baina ez ziren igerilari hauek domina eskuratu zuten bakarrak, Garazi Alkorta hirugarren izan zen 50 m. tximeletan.