Honetaz gain, L’Argentiere-n, Frantzian, antolatu zen Munduko kopako bigarren proban ere domina lortu zuen Chourrautek. Munduko palista onenei aurre eginez, zilarrezko postua lortu zuen bertan.
Nagusitasunez
Ekainaren 25ean eta 26an jokatu zen Espainiako Slalom txapelketa Maialenek ongi ezagutzen duen La Seu d’Urgell-eko kanalean.
Lasarte-Oriako gazteak ez zuen huts egin eta nagusitasun handiz irabazi zuen K-1 mailako proba.
Atletico San Sebastian taldeko herritarrak ez zuen arazorik izan.
Erabakiorrak ziren jaitsieretan denbora onena egin zuen. Finalean, 1:35:48 markarekin, bigarrenari Kataluniako Marta Martinezi bi segundu eta erdiko errenta atera zion.
Zilarrezkoa Frantzian
Era berean, uztailaren 1tik 3ra Frantziako L’Argentiere-la-Bessée herrixkako kanalean egin zen Slalon Olinpikoko Munduko Kopako bigarren proba.
Honetan Maialenek lan ona egin zuen uztailaren 3ko jardunaldian.
Herriko palistak sailkapenean jaitsiera ona egin zuen eta denbora onenarekin, 118,92, lortu zuen finalerako txartela.
Finalean, lehia handia egon zen. Maialenek egindako 119,59-ko markak ez zuen urrezko domina irabazteko balio izan. Jana Dukatova eslovakiarrak hartu zion aurre, 118,32 denborarekin.
Gainera, hirugarren sailkatuak, Kudejova txekiarrak finaleko jaitsieran 117,73 marka egin zuen. Baina palistak 18. atean akatsa egin eta epaileek 2 segundutako zigorra jarri zioten.
Gauzak honela, 119,73ko markarekin amaitu zuen txekiarrak hirugarren postua bereganatuz.
Mundiala prestatzen
Bi proba hauek Maialenen egoera ikusteko balio izan dute. Estatuko talde preolinpikoan dago Lasarte-Oriako gaztea eta gogor egiten du lan, bere helburua lortzeko, 2012. urtean Londresen egingo diren joko olinpikoetan lehiatzea.
Izan ere, Chourrautek irailean Bratislavan antolatuko den Munduko txapelketan lortu beharko du bere bigarren joko olinpikoetarako txartela.
Horretarako, oraindik proba batzuk izango ditu bere teknika fintzeko.