Guztira 17 domina lortu dituzte, bi txapelketetan eta gaztetxo gehienek haien marka pertsonalak hobetu dituzte. Borja Apeztegia entrenatzailearen hitzetan, “emaitza bikainak lortu dituzte igerilariek”.
Euskadiko txapelketa
Buruntzaldea IKT-ko igerilariak uztailaren 2 eta 3an Irun eta Gasteizera joan behar izan ziren Euskadiko txapelketan parte hartzeko.
Infantil mailako gaztetxoek lortu zituzten emaitzarik onenak. Itsaso Tolosak, Iñigo Ibarburuk eta Mikel Arribillagak Euskadiko titulua eskuratu zuten. Absolutu mailakoek ere dominak lortu zituzten.
Itsaso Tolosak 200 m. bizkar proban lortu zuen urrea. Baina honetaz gain, beste bi domina ere eraman zituen etxera: zilarra 100 m. bizkar proban eta brontzea 100 m. tximeletan.
Iñigo Ibarburuk 100 m. tximeletako txapeldun izateaz gain, zilarrezko domina lortu zuen 50 m. libre eta 100 m. libre probetan.
Mikel Arribillaga 50 m. bizkar proban gailendu eta hirugarren postuan bukatu zuen 100 m. bizkar proba.
Absolutuen mailari dagokionez, Naroa Goikoetxeak eta Haitz Mitxelenak podiumeko hirugarren postua eskuratu zuten proba desberdinetan: Goikoetxeak 50 m. bular proban eta Mitxelenak 200 m. tximeleta proban.
“Haitzen kasuan, froga hau igerileku luzean egiten zuen lehen aldia zen eta esperientzia falta nabaritu bazaio ere, bikain egin du,” azaldu du Apeztegia entrenatzaileak.
Honetaz gain, 4x200 m. libre, 4x100 m. libre eta 4x100 m. estiloko mutilen taldeek haien markak hobetu zituzten.
Gipuzkoako Txapelketa
Bestalde, aurreko astean, ekainaren 25 eta 26an, Gipuzkoako Infantil, Junior, Promesa eta Absolutuen Gipuzkoako Txapelketa ospatu zen Bergaran.
Honetan Itsaso Tolosak eta Iñigo Ibarburuk Gipuzkoako titulu berriak eskuratu zituzten.
Ibarburuk tximeleta proban bere trebezia erakutsi zuen. Bi probatan, 200 tximeletan eta 50 tximeletan, egon zen podiumeko lehenengo postuan eta 100 tximeletan, berriz, txapeldun orde izan zen.
Itsaso Tolosari dagokionez, 200 m. bizkar proban lortu zuen urrezko domina. Gainera, 100 m. tximeletan eta 100 m. bizkar probetan txapeldun orde izan zen.
Baina ez ziren igerilari hauek domina eskuratu zuten bakarrak, Garazi Alkorta hirugarren izan zen 50 m. tximeletan.
Azpimarragarria da, gainera, maila desberdinetako gaztetxoek hogeita bat marka pertsonal hobetu zituztela. Erreleboetan taldeko denbora hobetzeaz gain, Haitz Mitxelenak 100 metroetako bere marka hautsi zuen eta Iñigo Ibarburuk 50 metroetakoa.
Izena ematea
Era berean, Buruntzaldea IKT igeriketa taldeak gogorarazten du, igeriketa egin nahi duten haurrek uztaila bitartean aurreinskripzioa egin dezaketela.
Honetarako, Lasarte-Oriako igerilekuan Borjagatik galdetu, astelehenetik ostiralera arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara edo 696 506 632 telefonora deitu behar dute interesatuek.
Era berean, taldeko arduradunek azpimarratu dute, 2005 urteko haurra onartua izateko taldean anai edo arreba bat izan behar duela.