Ekainaren 27an hasi zen epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean eta uztailaren 7an, ostegunean, amaitu zen.
Epaimahaiburu Angela Murillo izan da eta Juan Francisco Martelek eta Teresa Palaciosek osatu dute epaimahaia.
Fiskal lanetan Vicente Gonzalez-Mota egon da eta Terrorismoaren Kontrako Ahotsak herri akusazio bezala ere auzkeztu da.
Akusazioa
Fiskalak atxilotuek ETAk aginduta Bateragune deituriko taldea sortu zutela eta honen irizpideak jarraikiz lan egiten zutela argudiatu du eta horretarako peritu eta poliziaren deklarazioetan oinarritu da.
Hala baina, defentsa eta akusatuek hau gezurtatzen saiatu dira.
Horretarako, hartutako ildoa demokratikoa eta edozein biolentziaren aurkakoa dela azpimarratu nahi izan dute, hainbat lekukori esker, hala nola, EAko ordezkariak, kazetariak, sindikalistak...
Deklarazioak
Akusatuen hitzak ere entzun dira epaiketan. Lehenengo egunean, arratsaldeko saioan, Rafa Diez herritarrak deklaratu zuen.
Diezek aipatu zuenez, atxilotutakoan ezker abertzaleak haien ustez jarraitu behar zuen fase politiko berriaren argipena eta estrategia zuen txostena amaitzen eta Altsasuko Adierazpena-ren edukia prestatzen ari ziren.
Agiri hori ezker abertzalearen baitan inoiz egin ez den debatearen oinarria izango zen. “Ezinbestekoa zen sakoneko eztabaida egitea eta ezker abertzalearen estrategia auzitan jarri, tutelajerik gabe, autonomiaz, eta egun iritsi den tokira iristea, behin betiko bakea eta irtenbide demokratikoak lortzeko asmoz”, azaldu zuen Rafa Diezek.
Eta epaiketako azken saioan, akusatuek haien azken hitzak esateko aukera zuten arren, eskubide hori erabili zuen bakarra Arnaldo Otegi izan zen.
Azpimarragarria da, bere mintzaldian, ezker abertzalearen estrategian indarkeria soberan dagoela eta traba egiten duela adierazi zuela.
Era berean, eskaera bat egin zien ezker abertzaleko kideei «inork ez dezala utzi hasi dugun bidea”.”Edozer gauza gertatzen dela ere, edozein direla datozen hilabeteetan gertatzen direnak, inork ez dezala bide hori utzi”.
Zigor eskaerak eta epaia
Gauzak honela, fiskalak honako zigor eskaera egin du Rafa Diez herritarrarentzat eta Arnaldo Otegirentzat: hamarna urteko espetxe zigorra mantendu zuen Bateragunen “funtzio erabakigarria” zutelakoan.
Gainontzekoei zigorra jaitsi egin zien edo ez du zigor eskaerarik egin.
Sonia Jacintorentzat eta Arkaitz Rodriguezentzat zortzi urteko espetxe zigorra eskatu zuen eta Miren Zabaletarentzat bederatzikoa.
Azkenik, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serrarentzat ez zuen eskaerarik egin.
Orain, epaiaren zain geratzen dira auziperatuak.
Aurrekariak
LAB-eko idazkari nagusi ohia, 2009ko urriaren 13an atxilotua izan zen LABen Donostiako egoitza nagusian Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz. Beste bederatzi kiderekin batera, Batasunaren Mahai Nazional berriaren berrantolaketa prestatzen ari zirela leporatu zien.
Defentsak 2010eko martxoaren 8an Rafa aske uzteko eskaera egin zuen, ama zaindu zezan. Urte horretako apirila amaieran, Baltasar Garzon epaileak aske utzi zuen 30.000 euroko bermea jarri ondoren eta politikan aritzeko baldintzak ere ezarri zizkion.
Aurten, maiatzaren 5ean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko laugarren atalak herritarra deitu zuen bere egoera aztertzeko. Orduan, Vicente Gonzalez-Mota fiskalak Diez epaiketara arte aske uzteko eskatu zuen eta horrela izan da.
Azkenik, maiatzaren 30ean, Auzitegi Nazionalak ekainaren 27an Bateragune auziari hasiera emateko erabakia jakinarazi zuen.