Ondorio nagusiei dagokionez, batetik argi ikusi dute gehienbat zaharrek erabiltzen dutela zerbitzua eta eurak direla interes gehiena erakutsi dutenak, (erantzun dutenek bataz beste 60,4 urte dituzte, zaharrenak 84 urte); bestetik nabaritu dute, oro har, oso ondo ikusten dutela auzotarrek zerbitzua, (zerotik hamarrera, bataz beste 9,08 puntu eman dizkiote) eta azkenik, iritzi gehienak geltoki, ordutegi eta prezioari buruzkoak izanik, ordutegi eta geltokiei dagokionez, bakoitzak bere interesen arabera erantzun duela ikusi dute, zuzenketa proposamen asko izan direla eta gehienek merkeagoa izan beharko dela aipatu dutela. Zabaleta auzoko elkarteko zuzendaritzak ere ondorioetan aipatzen du prezio merkeagoa jarrita, jende gehiagok erabiliko lukeela zerbitzua.
Ramon Salazar, Zabaleta auzo elkarteko lehendakariak, argi dauka auzoko autobusak askoz ere etorkizun hobea izango duela: "jada Goiegiko etxeetara batzuek bizitzera etorriak dira, eta Zabaletan ere etxeak eraikitzen ari dira. Orduan, gero eta jende gehiago ibiliko da eta zirkuitua egiteko asmoa dute, alde batetik igo eta bestetik jaitsi".
Hiribusa atalez atal baloratu behar zuten auzotarrek eta Auzo Elkarteak Udalean aurkeztu duen txostenaren arabera, emandako puntuazioak altuak dira iritzi orokorretik beretik hasita: 9,08ko batazbestekoa. Ibilbide, geltoki eta ordutegiari buruzko batazbesteko puntuazioak ere 8tik gorakoak dira, 8,56, 8,26 eta 8,16koak hurrenez hurren eta prezioari jarri dioten puntuazioa, aldiz, ez da hain ona izan, batazbeste 6,56koa.
Txartelarekin hobe
Prezioari buruzko proposamen asko egin dituzte inkestan, eta kexa nagusietako bat da, auzotik Lasarte-Oriara jaistea Donostiara joatea bezain garestia dela, Lurralde-buseko txartela erabilita ere.
Dena den, gauza on bat bada, Ramon Salazar-ek azaldu digunez, Lurralde-bus txartelarekin Zabaletan autobusa hartu eta gero Lasarten denbora tarte txiki batean Donostiakoa hartuz gero, behin bakarrik, txartel bakarra, ordaintzen dela. "Bi aldiz pasatu behar da txartela dagokion makinan baina behin kobratzen dute".
Ramon Salazar sarri bildu da udal ordezkariekin hiribusa edo ospitaleetara autobusa eskatzeko eta jakinarazi digu, bilera batean aurreko alkateak aitortu zuela ahaleginak egingo zituela diruarekin ordainduta ere hiribusaren prezioa 80 zentimora jaisteko, baina orain alkate aldaketa izan denez ez dakite hori zertan gelditu den.
Galdeketa erantzun dutenen artean gehienak (%75) hiribusa egunero edo ia egunero erabiltzen dutenak izan direnez, Mikel Urruzola auzotarraren iritziz, ez dira oso zorrotzak eta kritikoak izan erantzunetan, hain juxtu eurak direlako hirubusa mantentzearen alde daudenak. "Ordaindu behar bada ordaintzeko prest daude, baina behar dute hirubusa".
Zabaleta auzoan garrantzia izan du beti erdigunera jaisteko eta erdigunetik igotzeko autobusaren gaiak eta iaz martxan jarri zenean, auzotarrek komentario ezberdin asko egiten zituztela ikusita, auzo elkarteak pentsatu zuen interesgarria litzatekeela guztiei iritzia emateko aukera eskaintzea, gero Udaletxera alkateari iritzi guzti horiek elkarrekin eramateko. Beraz auzotarren iritzi hori jasotzeko asmoarekin galdeketa egin zuten martxoan, apirilean emaitzak aztertu eta maiatzean egindako azterketa eta ondorioak udalaren esku jarri zituzten.
Ondorio orokorrez gain atalez atal egin diren proposamen guztiak jaso dituzte txostenean, elkarteari guztiek interesa dutela iruditzen zaiolako.
Geltokiei dagokionez, asko dira Kultur Etxea eta Michelin ibilbidean jartzearen aldekoak, urtean zehar haur eta gazte gehienak hor ibiltzen direla kontuan izanik, baina auzotarrek jakin badakite Pablo Mutiozabal kalean trafiko zailtasunak izaten direla. Eta bestalde aldapa erdiko parada da auzotarren aspaldiko beste eskaera bat, behin eta berriro azaltzen dena.
Ordutegiei dagokionez denetariko proposamenak egin dituzte auzotarrek, bakoitzak bere nahien arabera. Dena den, auzo elkarteko ordezkariek uste dute zuzenketa edo ajuste batzuek egin daitezkeela eta orduak egokitu eskolara doazenek edo ospitaleetara autobusa hartu behar dutenek erabiltzeko aukera izan dezaten.
2010eko udazkenetik
Autobusa herriko auzoetan barrena dabil 2010eko udazkenetik eta abian jarri zenean Udalak agindu zituen baldintzak betetzen dituenez arazorik gabe iraungo duela uste dute zabaletatarrek.
Aurreko alkateak jakinarazi zien, urtean 35.000 erabiltzaile beharko lituzketela bestela kendu egingo luketela errentagarria ez litzatekeela eta, baina lehen hilabeteetatik erraz gainditu dute kopuru hori.
Mikel Urruzola eta Ramon Salazarrek adierazi digutenez, autobusean denetarik ibiltzen da, lehen oinez ibiltzen zirenak eta orain erosketaren batzuek egin eta gero autobusa hartzen dutenak, lehen autoz bizpahiru joan etorri egiten zituztenak eta orain hiribusean egiten dituztenak edota lehen herri erdira gutxi hurbiltzen baziren ere orain sarriago jaisten direnak.