Zazpi hilabeteko sufrimendua

jon-altuna 2011ko uztailaren 11

Ibon Fernandez Iradi Lasarte-Oriako presoa egoera larrian da azken zazpi hilabeteotan Valdemoroko espetxean: mina du sabel, hanka eta besoetan, hauek txingurritu egiten zaizkio eta ibiltzeko arazoak ditu. Hala ere, bere senide eta lagunek salatu dutenez, espetxeko mediku eta funtzionarioek ez diote kasurik egin, ez du erantzun egokirik jaso eta oraindik ez du diagnostikorik ere. Beraz, berandu baino lehen mediku frogak egiteko eskatu dute senideek. 2010eko urtearen amaieran hasi zen urdaileko min eta beherakoekin eta zazpi hilabeteotan okerrera egin du, gorputzeko parte ezberdinetara zabaldu zaio mina eta ezin du luzaro eserita ere egon.

Azken zazpi hilabeteotan Ibon Fernandez Iradi Lasarte-Oriako preso politikoaren osasun egoera asko txartu dela eta, oso kezkatuak ageri dira bere senide eta lagunak. Horregatik, "berandu baino lehen" beharrezko mediku frogak egiteko eskatu dute: "Beldur gara, Ibonen eboluzioa ikusirik itzuli ezinak diren ondorioak izango dituela".
Ibon Fernandez Iradi 39 urteko lasarteoriatarra Valdemoroko espetxean dago, minez eta medikuen laguntzarik gabe azken zazpi hilabeteotan. Senide eta lagunek salatu dutenez, bere osasun egoera larria da, 2010 urtearen amaieran sumatu zituen eritasunaren lehen sintomak, eta ordutik, zazpi hilabeteotan nabarmen okerrera egin du.
Hasierako urdaileko mina, gorputzaren parte ezberdinetara zabaldu zaio, min du hainbat tokitan, sabel ingurua gogortua dauka, hanka eta besoetan sentikortasun falta, txingurritzeak eta oinazeak, hatzak ez ditu sarri sentitzen,... ondorioz, zailtasun handiak ditu ibiltzeko eta ezin du eserita bost minutu baino gehiago egon. Duela aste batzuek ziegan pasa behar izaten zituen 24 orduak ezin zuelako patiora jaitsi eta janaria ere, beste preso batek eramaten zion ziegara.

Zazpi hilabete minez

Lehen sabeleko min eta beherakoak hasi zirenetik pasa diren zazpi hilabetetan bere osasun egoerak nabarmen okerrera egin duen arren eta senideek espetxeko langile, mediku eta zuzendaritzari bere urduritasuna eta egonezina adierazi dioten arren, kartzelako medikuek ez dute oraindik diagnostikorik egin. Dena den, diagnostiko zehatzik ez duen arren, hainbat medikamentu hartzen ari da Ibon Fernandez beti ere sintomatologian oinarrituta.
Horrela azken hilabetetan Iradiren egoera gero eta larriagoa da, baina espetxeak berdin segitu du, ez du beharrezko neurririk hartu gaixoa behar bezala aztertzeko, eta ez die kasurik egin Ibon presoaren, honen senideen, abokatuen eta konfiantzazko medikuen kexen eta eskaeren aurrean. Konfiantzazko medikuen ustez urgentea da Ibon ospitalera eramatea beharrezko frogak egin diezaioten.

Arazo larriak

Senide eta lagunek pertsona orori dagokion oinarrizko osasun arreta exijitzen dute, presoek itzulbiderik eta konponbiderik ez duen ondoriorik jasan ez dezan.
Zazpi hilabete daramatza oinarrizko osasun arreta egokirik izan gabe eta hilabetez hilabete asko okertu da presoaren egoera, gainera. Sabeleko lehen sintoma haietatik arazoak gehitzen joan dira: ibiltzeko arazoak ditu, -bi hankak txingurritzen zaizkio-, sabela gogortuta, arnasa hartzeko zailtasuna , hitz egiteko arazoak, digestio eta libratzeko eragozpenak, besoetan indarra eta mugikortasuna galdu du, eserita ezin du luzaro egon, dardarak ditu gorputzean...
Konfiantzako medikuek jada martxoan adierazi zioten senideei egoeraren larritasuna eta diagnostiko zehatza egiteko urgentziazko frogak egin behar direla uste dute, baina alperrik.

Anbulantzian kanpora

Apirila amaieran bere egoera larria zela eta, anbulantzian atera zuten urgentzietara, baina han plaka bat egin eta oinazearen aurkako injekzioa ematera mugatu ziren.
Familia eta Quiron eritetxe pribatuko medikuak prest ziren maiatzaren 6an Ibon Fernandez Iradiri frogak egiteko, baina ukatu egin zioten presoari Quiron Ospitale pribatuan frogak egiteko hitzordurako baimena, Instituciones Penitenciarias-ek jakinarazi zionez, segurtasun neurriak argudiatuz.
Maiatzaren 20an presoa traumatologoarengana atera bazuten ere, ez diote erresonantziarik egin eta daukanaren diagnostiko jakinik gabe jarraitzen du. Beraz, pilulak hartzen eta medikatzen ari da presoa, baina hauen eraginaren eta egokitasunaren ziurtasunik gabe.