Ondoren, "Geroaren Memoria" eskulturari emandako esanahi, zentzu edo ideia azaldu zuen: "urteetan gure herrian pilatu den min eta atsekabe handia aitortu behar da, sufrimendu horri zor zaion errespetu zintzo eta zorrotzarekin, eta gure asmoa da omenaldi hau indarkeria ezberdinek eragindako biktima guztien aitortza, ordaintza eta adiskidetzerako bidean pausu bat izan dadila".
Eta bere ustez hori irudikatzen du Markinako marmol beltzez egindako eskulturak: "hiru zutabe, hiru menhir, hiru argizaiola, eta bakoitzean hormigoiez egindako kolorezko laukiak", biktimen artean sentsibilitate ezberdinetako pertsonak daudela adierazteko, ez dela kolektibo homogeneoa, alegia eta kolore biziak erabiliz bizitzaren aldeko apustu sendo eta ausarta irudikatzeko: "Historia hau daukagu eta ez dugu ahaztu behar, baina etorkizunera begiratu eta lanean segi behar dugu, oraindik egun gure errealitatearen parte dena bihar gure memoriaren parte izan dadin" adierazi zuen Barriok.
Ardura eta erronka horiek luzatu zituen Pablo Barrio alkateak "elkarren arteko errespetua, bizikidetzaren aldeko apustua, partekatutako konpromisoa, pasa denaren ardura denok nork bere gain hartzea,... azken finean, egia, egiak egingo baikaitu libre. Horixe da bidea. Goazen. Ots! Ots! Bizion oinok..."
Barrio alkatearen hitzaldia txalapartariek, dantzarien agurrak eta Zero Sette akordeoi orkestraren doinuek osatu zuten. Udal ordezkari gehienak eta hainbat herritar ere izan ziren inaugurazioan, eta Gotzon Huegun eskulturaren egileak Pablo Barrio alkatea eta Jesus Zaballos alkate ohia elkartu zituen. Honek eskatu zion herriko artistari indarkeriaren biktimak omentzeko eskultura egiteko eta inaugurazioan, alkateak herriko biktimen senideak ez zituela gonbidatu kritikatu zuen.
Alkate ohiaren kritika
Zaballosen ustez, lan hau ETAk Lasarte-Orian eragindako zortzi biktimen senideekin herriak zuen konpromiso edota zorra zen eta horregatik inaugurazioan eta hurrengo egunean prentsaren aurrean bere atsekabea adierazi zuen eta alkatearen jokabidea kritikatu, "ETAk hildakoak gogoratzen dituen eskultura hauen seniderik gabe inauguratu duelako".
Prentsaurrekoan alkate ohiak adierazi zuen "tristea" dela Pablo Barrio alkate berriak biktimen aitortzan atzerapausoak ematea, “are gehiago, Euskadin bakea lortzeko eta ETAri amaiera eskatzeko jarrera eta iritzia ematea hain garrantzitsua den une hauetan".
Era berean inaugurazio ekitaldian eskulturak zuen sinbolismoa ezkutatu dela kritikatu zuen Zaballosek. Bere iritziz, Lehendakariak, Jaurlaritzako eta Ministerioko Biktimen Zuzendaritzek eta biktimen senideek bazekiten eskultura martxan zegoela eta zeukan sinbologia, eta "inaugurazio ekitaldiko gonbidapena espero zuten, baina Bildu, EAJ eta Plataformak osatu duen Udal Gobernu berriak ez ditu gonbidatu, lanak hasieran zuen omen zentzua alde batetara utziaz". "Jakin nahi nuke zein iritzi duten EAJ eta Plataformak, orain, eskulturak ETAren indarkeriaren biktimak omentzen ez baditu? Zergatik alboratu da hasieran zuen esanahia? Zergatik inauguratu da, eraildako pertsonen seniderik gonbidatu gabe?" galderak luzatu zituen Zaballosek.
Prentsaurrekoan adierazi zuen bere lehentasunetako bat izan dela indarkeriaren biktima izan diren herritarren aitortza, eta horregatik, beraien omenez, Memoriaren Eguna ospatu dela, Udaletxe sarreran plaka bat jarri dela, parke berriari Askatasunaren Parkea izena jarri zaiola, edota "Ausencias" izenburua duen liburua argitaratu dela. "Ekintza horiekin guztiekin Lasarte-Oriak eta aurreko udal ordezkariek modu ezabaezinean adierazi nahi zuen sufritu duen terrorismo ankerraren aurkako jarrera; biktimen aitortza horretatik sortu zen Askatasunaren Parkean beraien omenezko eskultura jartzeko ideia".