Egin dezagun bidea Gernikara

Txintxarri 2011ko uztailaren 12a

Lehenik eta behin lerro hauen bitartez herriko alkate berria eta herrian aldaketa posible egin dutenak zoriondu nahi ditut, ezinezko zirudiena lortu baita. Aurrean duzuen erronka handia da, baina ilusioz, gogoz, apaltasunez eta herritarren iritziak kontuan izanda erronkari aurre egiteko moduan zaudete.
Azken hauteskunde hauek beharrezko normalizaziora hurbildu gaituzte, oraindik ezohiko egoerak mantentzen badira ere (gure herrian pertsona batzuk ezin dute politika egin politikarako "kutsatuta" daudela-eta, eta beste batzuk politika egiteko bizkartzainak behar dituzte), baina espero dezagun oraingoan egoera hauek lehenbailehen amaiera izan dezatela.
Euskal herrian ziklo berri baten aurrean gaude. Prozesu hau itzulezinezkoa eta geldiezina da. Hauteskundetan eman diren emaitzek bultzada handia eman diete ezker abertzalearen barnean bide politiko eta demokratikoak soilik erabiltzearen alde kokatu zirenei. Ezker abertzaleak aukeratutako bidean argi ikusten da borroka armatuarekin jarraitu nahi luketenak espaziorik gabe eta jokoz kanpo geratu direla. Hortaz, lehenago edo beranduago, ETAn geratzen direnei dagokie borroka armatuari bukaera ematea. Gauzak dauden moduan bukaera ordenatua guztiontzat desiragarria izanik.
Hainbeste espero dugun egun hori iritsi bitartean, norberak bere esparrutik urratsak eman ditzake normalizazio eta elkarbizitzaren bidean. Gaurko testuinguruan Lasarte-Oriako udaletxetik edo ezker abertzaletik egin daitezkeen keinuak inportanteak dira ziklo politiko berri bat irekitzeko. Zentzu honetan, alkateak Gotzok Huegun-en Geroaren Memoria izeneko eskulturen inaugurazioan esandako hitzak txalogarriak dira. Gatazka honetan parte hartu dugunok ere, isilik, geldi, zain edo begira egon beharrean prozesu honi gure ekarpena eman diezaiokegu, esaterako, Gernikan sinatutako akordioarekin bat eginez.
Aipamen soiletan geratu gabe, egin dezagun bidea Gernikara!

Ibon Etxezarreta
Lasarte-Oriako preso politikoa