Soldatak murriztuz hasi du Bilduk aurreztea

Txintxarri Aldizkaria 2011ko uztailaren 13a

Bilduko alkate eta lau zinegotziek prentsaren aurrean argitu zituzten EAJ eta Plataformarekin Gobernua osatzeko izan dituzten hartuemanak eta alkatetzan direnetik hartutako lehen erabakiak. Batetik, herritarren parte-hatzea bultzatzeko batzordea sortu dute Udalean. Bestalde, aurreko alkate eta zinegotziek jasotzen zuten soldata gehiegizkoa iruditu zaie eta hortik hasi dira aurrezten. Gainera, lehen bost aholkulari izatetik orain bakarra izatera pasatuko dira. Neurri hauekin urtean 246.290 euro aurreratuko ditu Lasarte-Oriak.

Bilduko Pablo Barrio alkateak Nerea Sanchez, Gorka Lizarraga, Alaitz Mendizabak eta Tasio Arrizabalaga zinegotziek asteartean jakinarazi zuten krisi garaian gastuen politika zuhurra egingo dutela, eta hasteko udal ordezkarien soldatak gutxitu eta aholkulari karguak kentzeko erabakiaren berri eman zuten. Horrela Pablo Barriok, Jesus Zaballosek baino ia 32.000 euro gutxiago jasoko ditu urtean eta Nerea Sanchez alkateordeak Iñaki Mugicak baino 22.000 euro gutxiago. Udalean lan egingo duten zinegotziek ere askoz gutxiago jasoko dute eta bestalde, lehen PSE-EEren alkatetzan ziren bost konfiantzako karguak kendu eta bakarra mantenduko da, eta horrela beste 171.364 euro aurreratuko dira.
Udal batzarraren ondoren emandako prentsaurrekoan Pablo Barriok Bilduren izenean zoriondu egin zuen Lasarte-Oriako herria beraiek izan direlako Udalean aldaketa posible egin dutenak.

Plataforma eta EAJrekin izandako negoziaketa ere argitu zuten prentsaurrekoan. Informazio gehiago izango duzue ostiraleko Txintxarriko zenbakian.