Telleriatarrak gogor lehian

Txintxarri Aldizkaria 2011ko uztailaren 14a

Harri-jasotzaileak plazaz plaza ibiltzen dira eta gure herrian Telleriatarrak dira horren erakusle.
Maiatzaren 28an, Urtzi Telleriak, anai zaharrenak, Gipuzkoako Harri Txikien txapelketan parte hartu zuen Urnietan.
125 kiloko zilindro berria, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola jaso behar zituzten parte hartu zuten harri-jasotzaileek eta lan bakoitzarentzat hiru minutuko tartea izan zituzten.
Irabazlea Aimar Irigoien izan zen, guztira, 9.050 kilo jasota; Urtzik, aldiz, 7.524 kilo altxa zituen eta txapelketako hirugarren postua eskuratu zuen.

Gorostidi Harria eta marka

Bestalde, ekainaren 6an, Adunan, Gorostidi Harria altxatzen ausartu zen, Telleriatarren txikiena, Beñat.
Hamabost urterekin 137 kiloko harri irregularra 6 alditan jaso zuen, guztien harridurarako.
Era berean, Urtzik erronka handia izan zuen ekainaren 19an, Aian, 163 kiloko harri errektangular zaharrarekin bost minututan marka pertsonala ezarri nahi zuen.
Eta lortu zuen. Bost altxaldi egin zizkion, bere pisuaren, 77 kilo, bikoitza duen eta eskulekuak aldamenean dituen harriari.

Usurbilen Urtzi garaile

Usurbilen, berriz, Santaixabeletan 131 kiloko harri irregularrarekin egin zen lehiaketan Urtzi Telleriak irabazi zuen, hamaika altxaldi egin eta gero.
Egun horretan gainera, Beñatek 100 kiloko harria hamabi alditan jaso zuen.

Erronka berria

Hurrengo astean, uztailaren 23an, larunbatean, Mungiako Laukariz auzoan du hurrengo erronka Urtzi Telleriak, Laukarizko Harria.
Itsasotik ateratako 134 kiloko harri irregularrarekin 5 minututan lan egin beharko du.
Aimar Irigoien eta beste hamabi harri-jasotzaile ere, Izeta III eta Joseba Ostolaza horien artean, saiatuko dira harria menderatzen.