Aguuur...

pablo-barrio 2011ko uztailaren 15a

Agur esateko ordua iritsi da, bai. Badira bi urte Txintxarriko lagunen gonbidapenari kasu egin eta txoko honetan idazten hasi nintzenetik. Ia konturatu gabe, hogei zutabe. Langintza polita, zalantzarik ez. Luxua, egia esan, barruan duzuna komunikatzeko hau bezalako aukera izatea.
Forma zaintzen saiatu naiz eta zorrotza izaten ere bai; umore puntu batekin beti ere, umorea baino botika hobeagorik ez baitago bizitzak sortzen dituen ubeldurei aurre egiteko. Noraino asmatu dudan ez dut nik esan behar. Inportanteena niretzat esperientzia bera izan da, polita, asko ikastekoa.
Eta horrela bizi izan naiz lasai, idazteak berekin daraman, nire kasuan behintzat, bizimodu baretsu, isil, ordenatu, barnekoian.... Baina, bat-batean, pikutara dena! Goitik behera aldatu egin zait bizimodua! Ez dakit metafora egokia den baina ura ginebra bilakatu da, nolabait esateko. Bilakatu zait, hobe esan. Ulertzen da, ezta? Mozkorraldia orain. Tsunamia. Baretsua zena bileratsua da orain, ordena kaos hutsa, isiltasuna zarata eta harreman pila, barne mundua... uf, nola esan, eskaparatean nago orain.
Beste leku batean egin behar dut lana datozen lau urteetan. Erronka polita hau ere, dudarik gabe, une honetan zutabegintza albo batera uztea eskatzen didana. Banoa, beraz. Banoa... baina hortxe egongo naiz beti.
Plazerra izan da.