Neska futbolarien denboraldi borobila

jon-altuna 2011ko uztailaren 15a

Gipuzkoako Futbol Kopa eskuratu dute aurten Ostadar Elkarteko kadete mailako neskek lehenengo aldiz. Lauzpabost urte daramatzate elkarrekin jokatzen eta euren ibilbideari amaiera borobila eman diote. Batzuek aurten utziko dute futbola, beste batzuek erregionaleko Ostadar taldean segituko dute eta ziur jarraituko dutenak, Errealarekin entrenatzen ari den Miriam Infante, eta hurrengo denboraldian Añorgan jokatuko duten Saioa Perez eta Iraia Iparragirre dira. Azken honek eman digu 16 urtetik azpiko neskek egin duten denboraldiaren berri.

Gipuzkoako txapeldunak dira Lasarte-Oriako 16 urtetik beherako neskak. Añorgari lehenengo aldiz kendu diote txapela aurten, maiatzaren 28an Andoainen 2-1 irabazita. Gainera Irungo Hiriko III. Futbol 8 Torneoa irabazi zuten ekainaren 11n eta Donosti Cup-en ere ondo jokatu dute aurreko astean: lehen bost partiduak irabazi zituzten, baina gero Norvegiako Hoybraten Stovner taldeak kanporatu zituen final laurdenetan.
Ekainaren 11n irabazi zuten Irungo futbol 8 torneoa. Lehen fasean hiru norgehiagokak irabazi zituzten, 4-3 Irun Artiaren aurka, eta 2-1 Intxaurdi eta Gasteiz Cup-en aurka. Final-erdian 4-1 irabazi zioten Gasteiz Cup-i eta finalean 4-2 Irun Artiari. Golegile onena Miriam Infante izan zen.
Donosti Cup-eko lehen fasean taldeko lehenak izan ziren partidu denak irabazita (22 gol sartu zituzten eta bakarra jaso): Real JK-ri 10-0; Point Grey-ri 1-0; HSW-ri 6-1 eta Best Travel-i 5-0. Ondoren Brasilgo Futstars taldeari 3-0 irabazi zioten final zortzirenetan, baina Donosti Cup torneoko final erdietatik kanpo geratu ziren Noruegako Hoybraten Stovner taldearen aurka 4-1 galdu ondoren.
Norvegiarrak txapeldunorde izan ziren gero, Kanadako Tsawassen taldeko nesken aurka galdu zuten finalean 4-1. Atzerriko taldeen aurka jokatzea esperientzia polita izan da lasarteoriatarrentzat denboraldi bikaina egin eta gero.

Lagun koadrila futbolean

Iraia Iparragirrek kontatu digunez taldeak amaiera bikaina eman dio azken urtetako lanari. Taldea aurten desegingo da, askok futbola utziko dute, beraz azken urtea izugarria izan da eurentzat, urtetako ibilbideari amaiera polita emanda. Dena den, Miriam Infante, Iraia Iparragirre eta Saioa Perezek behintzat jarraitu egingo dute, azken biek Añorgako taldean.
Meritu handiagoa du garaipenak, taldeko nesken ustez, ez dutelako Añorgak bezala asko entrenatzen eta ez dutelako prestaketa fisiko gogorrik egiten, "gehienbat talde giroari esker irabazi dugu, gure arteko adiskidetasunari esker".
Iraia Iparragirre erdilariak kontatu digunez, bera orain dela bost urte hasi zen futbolean jokatzen Ostadarren eta gero hasi ziren bere koadrilako beste lagun batzuek: "Koadrilakoak animatu nituen, baina lehenengoa ni izan nintzen..."

Final bikaina

Añorga izan da azken urteotan lasarteoriatarren aurkaririk gogorrena, aurten ere denboraldian zehar bi aldiz galdu dute euren aurka, baina partidurik garrantzitsuenean, Gipuzkoako Kopako finalean 2-1 nagusitu ziren. Ostadar taldean, Ane Matxain; Maider Galardi; Nagore Elola; Miriam Ruiz (69 Amaia Mendiluze); Janire Arroio; Adriana Caicedo (37 Maria Granados), Iraia Iparragirre; Miriam Infante; Janire Agirrebeña (43 Irati Fernandino) Saioa Perez (67 Kiara Tobajas) eta Amaia Macias-ek jokatu zuten.
Lehen zati kaxkarra egin omen zuten, urduri omen ziren, baina inork espero ez zuen arren bigarren zatian indarberritu eta garaipena lortu zuten. "Finala gainera beti irabazten digun Añorgaren kontra zen. Lau urte hauetan jokatu ditugun hamar bat partiduetatik behin bakarrik irabazi diegu, kokilduta ginen.
Baloia oso ondo mugitzen dute, eta lehen zatian guk korrika besterik ez genuen egin, nekatu, baina ez zitzaigun ezer ateratzen" kontatu digu Iraia Iparragirrek.
Lehen zati horretan gol bat sartu zuen Añorgak, baina atsedenaldian Javi Soltxagak Kopa beraientzat zela esan zien, mentalitatez aldatzeko, eskatu. Konfidantzarekin atera ziren bigarren zati horretan eta bi gol sartu zituzten Miriam Infante eta Janire Arroyok.
Hainbeste urtean txapeldun izan den Añorgari irabaztea, "handia da" Iraiaren iritziz: "Alde handia dago guk taldean dugun txantxa eta katxondeoaren eta beraiek duten seriotasunaren artean, ikaragarria da". Astean bi aldiz entrenatu dute, baina ez oso serio. Iraiak aitortu digu Ostadarren hasi zen arte, mutilekin jokatzen zuela Garaikoetxean.

Futbolari izatea amets

Iraia Iparragirre berak eta Saioa Perez-ek datorren urtean gazte mailako Añorga taldean jokatuko dute. Aurten biek egin dute Errealean proba bat, "gure jokoa eta maila ikusteko": hiru astetan hiru entrenamendu egin zituzten eta Araban partidu bat jokatu. Iraiaren iritziz oso esperientzia polita izan zen. Errealean jokatzea amets bat da berarentzat, "nahiko nuke, txiki txikitatik daukat buruan hori".
Taldekide izan duen Miriam Infante ari da Errealean eta Espainiako selekzioarekin jokatzera ere sarri joaten da. Jada lehen mailako Ligan jokatuko du Miriam-ek. Honen abiadura nabarmendu du Iraiak. "Etxean asko lagundu diote gainera, zaletasun handia dute. Bere anaiak, Real Union-en jokatzen du".