“Umeen heziketa sistemaren antzekoa lantzen dugu”

itxaso-moreno 2011ko uztailaren 15a

Etorkinenak bizitza hobeago baten esperantzaz hurbiltzen dira Euskal Herrira, bizi kalitate eta egonkortasunaren bila. Horien adibide dira Aisa programan parte hartzen duten etorkinak. Batzuk etorri berriak dira, beste batzuk urte ugari daramate gure artean, eta herriaren parte sentitzen dira, baina hutsune bat sumatzen dute, hizkuntza. Gainditu daitekeen oztopoa da hau, eta horregatik euskara ikasteari ekin diote.

Aisa programa ez da berria, urte batzuk darama gure artean. Eusko Jaurlaritzak, Lasarte-Oriako Udalak eta Urrats Euskaltegiak abian jarritako programa da. Etorkinek euskarekiko hurbilpen bat izan dezaten garatzen duen hizkuntz sistema da. Oinarrizko ikasketak dira, eta gero jarraitu nahi duenak euskaltegietan maila ezberdinetan aritzeko aukera izan dezake.
Lasarte-Orian Esperanza Latina herriko elkarteari esker eskaintzen da Aisa programa. Danok Kide elkarteak egoitza uzten die igandero klase hauek aurrera eraman ahal izateko. Goizean biltzen dira eta lau orduz euskararen oinarriak ikasten aritzen dira. Hastapeneko kurtsoa da, baina aurten nobedade batekin: Petra Elser eta Arantxa Arriaga irakasleek kurtso honetan jarri duten irakasteko sistema.

Irakasle alemaniarra

Petra Elser Aisa programako irakasleak duela zortzi urte finkatu zuen bizilekua Euskal Herrian, Urnietan hain zuzen ere. Hala ere, gure herriarekiko harremana 80ko hamarkadatik luzatzen da. Inor ez da, beraz Petra bera baino egokiagoa, etorkinek euren herritik atera eta beste berri batera iristen direnean zer sentitzen duten ulertzeko.
Petrak bazekien euskaraz Alemaniatik etorri zenean "baina iritsi nintzenean nabaritu nuen gizartea bi partetan banatuta", alde batetik erdarazko hiztunak eta bestetik euskaraz aritzen direnak: "euskaraz aritzen direnen taldean sartzea zaila izaten da, zuk ez baitakizu euren hizkuntza". Bere kasua ezberdina izan bazen ere "automatikoki ezin zara leku guztietara iritsi eta horregatik sartu nintzen erronka honetan". Garrantzitsutzat jotzen du Petrak bi kulturen uztarketa "programa honi esker zubi lana egiten dugu bi parteak elkar ezagutzeko".

Ikaslearen autonomia

Pasa den igandean Aisako klase batean egon ginen, eta bertan Petra Elser irakaslearekin hitz egiteko aukera izan genuen. Aurten ezarri duten sistemaren nondik-norakoak eta abantailak zeintzuk diren jakiteko asmoz.
Ikaslearen autonomia bilatzen duen sistema da ikastaroan erabiltzen dena "egitura erraza bilatzen da, ondoren ikasleak hitz gutxi batzuen inguruan esaldiak osatu ahal izateko" dio Eslerrek. Hitz hauek ez dira solte erabakitakoak "eguneroko bizitzarekin lotura izatea eskatzen du". Honek guztiak lehenengo egunetik motibazio handia izatea ekartzen du "egunerokotasuna lantzen dugu, eta helburu argia daukagu, egin nahi duzun, galdetu nahi duzun hori azaltzeko gai izatea".

Biren harremana

Sistema honen hastapenetan ikaslea eta irakaslearen arteko harremana "bi solaskide edo bi lagunen artekoa bezalakoa da". Galdera sinpleekin hasten dira "gure bizitzaren alorrekoak, beraz ez da zertan gramatika taularik ikasi behar".
Sistema honi esker gure egunerokotasunean egiten dugun hori besteei kontatzeko aukera eskaintzen zaigu, baina ez dugu euskara bere osotasunean ikastea lortuko, horretarako ondoren beste mailatako ikastaroetan parte hartu beharra dago.

Dut eta duzu

Aditz taulak ikastera behartzen ez duen sistema da hau "dut eta duzu bakarrik erabiltzen ditugu, egin duguna eta egin nahi dugun hori azaltzera ahalbidetzen dizkigutenak". Aipatu badugu hasieran irakasle eta ikaslearen arteko solasaldia dela, ondoren klasekide guztien arteko elkarrizketa bilatzen da, horrela pixkanaka askatzen joateko. "Ikasle bakoitzak ahal duen gehiena hitz egin behar du, besteei erraz galdetuz eta era berean azalpenak emateko gai izateko".

Sistemaren eratorria

Beti esan ohi izan da euskara ikastea zaila dela, baina badirudi sistema honi esker oinarrizko ezagutzak lortu daitezkeela "beti ere bakoitzak hizkuntza zertarako nahi duen argi daukanean". Ikastaro honetara datozenak ez dute hizkuntza zehatz-mehatz ikasi nahi "ulertu baizik".
Sistema hau umeen heziketan oinarrituta dago, eskola aurretiko sisteman, alegia, idazten hasi aurreko garaiko heziketan. Umeen kasuan "sistema honen ardatza motibazioa eragitean dago, zerbaiten inguruan elkarrekin komunikatu ahal izatean, hori da guk bilatzen duguna". Garrantzitsuena zera da, zer kontatu nahi duzun eta hori adierazi ahal izatea: "horrek ematen die pausu handiak ematen joateko motibazioa".

Jarraipeneko ikastaroa

Aipatu dugun bezala sistema honekin oinarriak ezartzen dira, baina ikasle askorengan motibazioa handitu egiten da "eta ondoren euskaltegira doaz hizkuntza ondo ikasteko asmotan".
Ikastaro honi esker hizkuntza berri batean murgiltzen dira "jakinmina sortzen zaie eta hori euskararentzat ona da". Ikasle askok gainera ondoren euren kabuz hiztegia osatzen dute "horrela solasaldi osatuagoak edukitzeko aukera ematen baitie".

Hizkuntza eta kultura

Euskara ikasteaz aparte, zerbait gehiago ere bada Aisa programa. Gure herriko hizkuntza ikasten duten bitartean, gure herriko kulturan ere barneratzea du helburu programak "hau ere hitz egiteko motibazioaren parte bat izanik". Hizkuntza batean trebatu ahal izateko "beste pertsona baten beharra daukazu, eta praktika hori gure herriko elkartetako kideekin egiteko aukera baldin badago askoz hobeto". Honen bitartez "hizkuntza ikasteaz gain herriko taldeek lantzen duten kulturaren parte bat ere ezagutzen dute".

Dantza, kanta...

Lasarte-Oriako elkarteen partetik erantzun ona izan dute Aisa programakoek. Momentuz harreman estua dute Ttakun Kultur Elkartearekin "Azkorteko Erromerian parte hartu genuen". Honetaz gain, Xumela abesbatzako kide batzuk ere Danok Kideko egoitzara hurbildu ziren eta bertan "antolatu genuen kantaldi batean hartu zuten parte". Xumela abesbatza barrutik ezagutzeaz gain "eurekin euskal kantak ezagutu eta kantatu genituen".
Euskal Dantzetan trebatzeko aukera ere izan zuten David Egizabal dantza irakaslearen eskutik: "oso ondo pasa genuen Davidek proposatutakoa jarraituz eta euskal dantzetan arituz".
Hemendik gutxira beste erronka bat izango dute "Santa Ana Parodian parte hartuko dugu oholtza gainean".

Atseden eguna...

Astean zehar lan egin ondoren guztiei igandeetan erlaxatuta eta deskantsuan egotea gustatzen zaigu. Aisa programako kideek aldiz, libre duten egun bakarra beste hizkuntza bat ikasten igarotzen dute. "Euren egunerokotasunetik ateratzen ditu, elkargune sozial baten antzera funtzionatzen dugu".
Igandeetan ikastarora datoz "kontent, euren burua elikatzen dutelako". Aisara datozenak "asetuta sentitu nahi dute, gauzak ikasi eta konpartitu, eta gauza berriak ezagutu".

Milagros Zamora
/ Aisa egitasmoko ikaslea

“Herriaren parte izan nahi dut oso-osorik”

Milagros Zamora kubatarra da eta orain dela bederatzi urte etorri zen Lasarte-Oriara bizitzera. Iritsi zenetik euskarak bere arreta deitu zuen, asko gustatu zitzaion. Interes horri irtenbidea eman nahian orain dela bi urte hasi zen euskara ikasten “euskaldunekin euskaraz hitz egiteko aukera izan nahi dut”.

Duela bi urte murgildu zen murgildu zen euskararen munduan. Bi haur txiki ditu eta etxeko lanetan lagundu nahi die, hain juxtu horrek motibatzen du gehien Milagros euskara ikasteko.

Nolatan erabaki zenuen euskara ikasten hastea?
Euskara hizkuntz polita iruditu zait eta nire arreta piztu zuen. Betidanik izan dut gogoko gauza berriak ikastea eta orain bi ume txiki ditudanez, euren etxeko lanetan laguntzeko aukera izan nahi dut. Hemen jaio dira, eta D ereduan ikasten dute, beraz horrek motibazio berezia sortu zidan euskara ikasten hasteko.

Zertan lan egiten duzu?
Urgazle geriatrikoa naiz eta gaur egun amona bat eta ezintasuna duen mutiko bat zaintzen aritzen naiz Lasarte-Orian.
Denbora asko kentzen dit lanak, horregatik, igandeak bakarrik ditut libre eta Aisa programa hau igandeetan ematen denez primeran etorri zitzaidan. Motibazio handia behar da, eta nik badaukat.

Zer da euskaratik gehien erakartzen dizuna?

Egia esan hizkuntz zaila iruditzen zait, baina Petrak eta Arantxak abian jarri duten sistema honekin errazagoa iruditzen zait. Aurreko urtean euskaltegi arruntean egon nintzen, eta gramatikak buruko mina jartzen zidan.
Hemen aldiz, kaleko solasaldia lantzen da eta hori da nik bilatzen dudana. Nire semeekin aritzen naiz, trebatzen joateko.
Gainera herriko amona euskaldun bat zaintzen dut, eta herritarrekin elkartzen denean, nik ere elkarrizketetan parte hartu nahi dut. Asko motibatzen nau berak, animoak emanez eta hanka sartzen dudanean lotsarik ez izateko esanez. Horrela ikasten baita hizkuntz bat, erabiliz.

Nola ikusten duzu zure burua?
Aurrerapausuak eman ditut, hurrengo urtean elkarrizketa euskaraz egingo dugu.

Brenda Palma
/ Aisa egitasmoko ikaslea

“Hondurasen dagoen ahizpari irakasten diot”

Brenda Palma duela bi urte heldu zen Lasarte-Oriara. Hasiera batean euskara ikastea aurreikusi ez bazuen ere, krisi egoeraren ondorioz udaletxera joan zen ikastaroez galdetzera eta bertan proposatu zioten euskara ikastaroa. Gaur egun kontent dago hizkuntza honetan trebatzen joateko asmoz.

Euskara ikastea bere helburuetako bat ez bazen ere, egun kontent eta motibatua dago. Hondurasen bizi den bere ahizpari ere hizkuntz aitzindari honen nondik-norakoak erakusten dizkio.

Nolatan barneratu zinen Aisa programa honetan?
Langabezian nengoenez udaletxera jo nuen lan munduari buruzko informazio eskatzera eta orduan euskara ikasteko aukera proposatu zidaten. Hasieran nire helburua ez bazen ere, kontent nago.

Nolakoak dira klaseak?
Oso dinamikoak. Beste ikastaro batzuetan egon naiz eta oso teorikoak dira, hemen kaleko hizkuntza lantzen da.
Gainera klasekideekin oso ondo eramaten naiz, guztiak etorkinak gara eta elkarri laguntzen diogu.

Zer dio zure familiak?
Facebook bidez ahizparekin hitz egiten dudanean gauza asko galdetzen dizkit, nirekin batera ikasten dabil. Orain lotsa alboratu eta askatzeko gai izan behar dut.