Aldaketak sumatzen hasi dira Lasarte-Oriako Udalean gehienbat euskaraz egin zen lehen osoko bilkuratik. Aipagarria da Bilduko ordezkariek erakutsi zuten eskuzabaltasuna, hauteskundeen emaitzei errespetua eta herritarrei zein Udaleko beste alderdietako zinegotziei parte hartzeko ateak ireki dizkiotela.
Gobernu batzordean Bildu bakarrik egongo da, EAJ eta Plataformak ez egotea erabaki dutelako, bestalde alkateak proposatuta, Udaleko batzordetan PSE-EEk hiru ordezkari eta zazpi boto izango ditu, Bilduk bi ordezkari eta 5 boto, EAJ eta Plataformak ordezkari bana eta bina boto eta PPko ordezkariak boto bat izango du.
Gainera, 246.000 euro baino gehiago aurreztuko du udal berriak karguak ezabatuta eta soldatak jaitsita. Aurreko legealdian PSE-EEk bost konfiantzako kargu izatetik konfiantzako kargu bakarra izatera pasatuko da Bilduk zuzentzen duen Udala, eta lehen sei politikari liberatuak PSE-EEk zituen bitartean, orain hobeto banatu dira, lau Bildukoak izango dira, bat PNVkoa eta PSOEk oposizioan egon arren bere liberatua izango du lan hori betetzeko.
Udal berriaren lehen bileran ikusi den beste aldaketa bat parte hartzeari bultzada izan da, parte hartze batzordea sortu baita, Bilduko Alaitz Mendizabal-en ardurapean, herritarrak Udal ordezkariengana hurbiltzeko helburuarekin. Gainera, herritarren parte hartzea errazteko Udal batzarrak arratsaldez egingo dira eta jada lehen batzarrean lehen baino herritar gehiago izan ziren.
Osoko bilkurak hileko bigarren asteartetan arratsaldeko 18:30ean egitea erabaki zuten astearteko bileran Bildu, EAJ eta Plataformaren aldeko boto, PSE-EEren abstentzio eta PPren aurkako botoarekin.
PSEko Jesus Zaballos-ek esan zuen asteartean bezala urte osoan herritarrak batzar aretoan izatea espero zuela eta PPko Vanesa Velez-i ere ondo iruditzen zaio aldaketa parte hartzea bultzatzeko bada.
Aurreko akta onartu eta gero, Gobernu Batzordea osatu eta alkateordeak izendatu ziren astearteko udal batzarrean. Alkatearekin batera, Nerea Sanchez, Gorka Lizarraga, Alaitz Mendizabak eta Taxio Arrizabalaga izango dira udal gobernuan eta eurak izango dira lau alkate ordeak hurrenez hurren.
Plataformak argi utzi du, Pablo Barrio alkate izendatu bai baina ez duela Gobernuan sartu nahi. EAJk aldiz, momentuz, ez parte hartzea erabaki du eta aurrerago berriro aztertzea.
Ondoren, berriro PSE-EEren abstentzioarekin, batzordetako lehendakariak izendatu zituzten: Bilduko Nerea Sanchez Hirigintza eta Ingurugiroa, Merkataritza eta Osasuna; Gorka Lizarraga, Ongizatea, Inmigrazioa, Kooperazioa eta Emakumea; Pablo Barrio alkatea Pertsonala eta Barne Araudia; Taxio Arrizabalaga Gazteria, Festak eta Kirolak; eta Alaitz Mendizabal Parte-Hartze batzodean; EAJko Estitxu Alkorta Ogasuna eta Boris Nogales Kultura, Hezkuntza eta Euskara batzordean eta azkenik Plataformako Ana Isabel Prieto arduratuko da Lanak eta Zerbitzu Publikoak batzordeaz. Ondoren, Añabe, Behemendi, San Marcos eta herriko eskoletako kontseiluetako ordezkariak aukeratu zituzten.
Azkenik, orain arte Gobernu batzordean hartzen ziren erabakiak osoko bilkuretara eramatea onartu zen eta baita liberatuak banatzeko alkatearen proposamena ere, hau da, bera barne sei izango dira, Bilduko hiru kide egun osoz, bi egun erdiz, eta PNVk zein PSE-EEk liberatu bana izango dute.