Soldata jaitsiz hasi da lanean Bildu

jon-altuna 2011ko uztailaren 15a

Bilduko alkate eta lau zinegotziek prentsaren aurrean argitu zituzten EAJ eta Plataformarekin Gobernua osatzeko izan dituzten hartuemanak eta alkatetzan direnetik hartutako lehen erabakiak. Batetik, herritarren parte-hartzea bultzatzeko batzordea sortu dute Udalean. Bestalde, aurreko alkate eta zinegotziek jasotzen zuten soldata gehiegizkoa iruditu zaie eta hortik hasi dira aurrezten. Gainera, lehen bost aholkulari izatetik orain bakarra izatera pasatuko dira. Neurri hauekin urtean 246.290 euro aurreratuko ditu Lasarte-Oriak.

Bilduko Pablo Barrio alkateak, Nerea Sanchez, Gorka Lizarraga, Alaitz Mendizabal eta Tasio Arrizabalaga zinegotziek asteartean jakinarazi zuten krisi garaian gastuen politika zuhurra egingo dutela, eta hasteko udal ordezkarien soldatak jaisteko eta aholkulari karguak kentzeko erabakiaren berri eman zuten. Horrela Pablo Barriok, urtean Jesus Zaballosek baino ia 32.000 euro gutxiago jasoko ditu eta Nerea Sanchez alkateordeak Iñaki Mugicak baino 22.000 euro gutxiago. Udalean lan egingo duten zinegotziek ere askoz gutxiago jasoko dute eta bestalde, lehen PSE-EErekin ziren bost konfiantzako karguak kendu eta bakarra mantenduko da, eta horrela beste 171.364 euro aurreratuko dira.
Udal batzarraren ondoren emandako prentsaurrekoan Pablo Barriok Bilduren izenean zoriondu egin zuen Lasarte-Oriako herria beraiek izan direlako Udalean aldaketa posible egin dutenak. Barrioren iritziz Lasarte-Oriako Bilduren helburu nagusia, sortu zenetik, orain arte Udalean izan den joera eta jokabidea aldatzea izan da, "Udala herritarren bidelagun izan beharrean gainditu beharreko traba edo oztopoa zelako herritar eta herriko elkarteentzat".

Herritarren parte hartzea

Pablo Barriok adierazi zuenez, legealdi honetan Bilduren mugarrietako bat parte-hartzearena izango da "Udaletxea herri ekimenen galga izatetik indartzaile izatera pasatzea nahi baitugu". Eta horretarako hartu diren neurrien berri eman zuen asteartean: parte hartzea bultzatuko duen batzorde berria, eta berak dinamizatutako arlokako mahaien sorrera, Udaleko Batzorde Informatibo eta Plenoak arratsaldeko 18:30etara pasatzea "herritarren parte-hartzea errazteko" eta auzoetako elkarteekin elkarlanari bultzada "auzoko arazoen aurrean erantzun egoki eta azkar bat emateko".
Pablo Barriok alkatetzara eraman duen bidearen berri ere eman zuen asteartean eta jakinarazi zuen EAJ eta Plataformak Gobernu Batzordean ez egotea erabaki arren, lau urtetan gobernua babesteko asmoa behin eta berriz adierazi dutela.
Bestalde, hartutako lehen erabakien berri eman zuten Bilduko ordezkariek. Pablo Barriok esan zuenez "Krisi garaian gure gastuen politikak zuhurra izan beharko duela argi dugu. Alabaina ez ditugu pobreziaren marran direnen laguntzak arinduko, indartu baizik, eta horretarako gehien irabazten dutenei murriztu beharko zaie".

Gehiegizko soldatak

Eta Lasarteko Udalean politikarien soldata hasieratik "gehiegizkoa" izan dela iruditzen zaienez, hortik hasi dute murrizketa: "Ahokulari figura batzuk desagertuko dira eta politikarien soldatak %25ean jaitsiko ditugu oro har".
Horrela, Pablo Barriok, Jesus Zaballosek baino ia 32.000 euro gutxiago jasoko ditu urtean, 72.292 Zaballosek eta 40.640 Barriok, alkateordeak 22.000 euro gutxiago, lehen Iñaki Mugicak 56.300 eta orain Nerea Sanchezek 34.093. Zinegotziek ere orain lehen baino askoz gutxiago jasoko dute, lehen 43.160 eta 40.584 artean eta orain egun osoz daudenak 34.093 eta egun erdiz arituko direnak 21.138. Gainera PSE-EE bost aholkulari zituen, bat 53.833 euroko soldatarekin, beste hiru 39.176 eta beste bat 30.141 euroko soldatarekin, eta orain Bilduk izango duen aholkulari bakarrak 30.141 euro jasoko ditu. Beraz, kargutan 201.505 euro gastatzetik 30.191 eurora murriztuko da gastua, behinik behin, agian Pablo Barriok aurreratu zuenez, posible delako aurrerago beste aholkulariren bat kontratatzea.
Dena den, momentuz, guztira 246.290 euro gutxiago erabiliko dira herriko politikarien soldatatan, ehuneko 49 aurreratuko du Udalak, ehuneko 25 udal ordezkarien soldatatan, urtean 74.925 eta ehuneko 85 konfiantzazko karguetan urtean 171.364 euro guztira.
Gainera aldaketa handi bat emango da lehen aldiz Lasarte-Oriako Udalean, oposizioko alderdi batek liberatu bat izateko aukera izango du, PSE-EE oposizioko talde nagusiak alegia. Pablo Barrioren iritziz, "horrela, Udalak politikari eskola bezala funtzionatuko badu gure lehenengo irakaspena hau izango da".