Plataformak Lasarte-Oriako Gobernuan ez parte hartzeko asmoa jakinarazi zuenetik, hainbat bilera egin zituzten Bildu eta EAJ elkarrekin gobernua osatzeko, baina momentuz Gobernu Batzordean ez egotea erabaki dutela jakinarazi zuten EAJko zinegotziek. "Ondo hausnartu ondoren Bilduri jakinarazi genion EAJk bi batzorderen ardura hartuko duela, Ogasuna eta Kultura, Hezkuntza eta Euskara, baina aldi batean gobernuan sartu gabe" eta aukera hori, gerorako utziko dutela, aurrerago, “eguneroko lanaren ondorioz hiru alderdien arteko funtzionamendua finkatzen denerako”. "Erabaki honetan ez da Lasarte-Oriarekin hartu dugun ardura saihesteko asmorik, eta horren adibide da Ogasun Batzordeko lehendakari Estitxu Alkorta izan dadin gogor saiatu garela negoziaketetan" esan zuen Alkorta berak.
Akordioaren ardatzak
Lasarte-Orian Gobernu aldaketa behar beharrezkoa zela uste du EAJk eta horregatik heldu zen Bildu, EAJ eta Plataformaren arteko akordioa, ekainaren 11n bertan. Alkatearen izendapenaren aurretik sinatu zuten 9 puntutako hitzarmenetik zenbait ardatz eta konpromiso nabarmendu zituen Estitxu Alkortak asteartean: bakearen eta giza eskubideen errespetuaren aldeko lana; udalaren kudeaketan gardentasuna; behar dutenentzako laguntza sozialei eustea; Udal kontuen auditoria eta soldaten egokitzapena; udalaren gastuetan zuhurtasuna eta hiru urtetarako ekonomi plangintza (2012an milioi bat euro eta 2013an bi milioi aurrezteko) eta azkenik herritarren parte hartzea bultzatzeko erakunde bereziaren sorrera.
Bildurekin EAJk dituen desadostasunen artean garrantzitsuena hiri hondakinen tratamenduarena da, baina alderdi honetako zinegotzien ustez, "adostasun maila handia da", eta ez da arazorik izango, "adostasun zein desadostasunetan leialtasunez lan eginez gero".
Konfiantzarekin aurrera egin beharra aipatu zuen Estitxu Alkortak, "helburuak lortzeko gehiengoa beharrezkoa da, baina baita hiru alderdien arteko lan leiala, Gobernu honek nahikoa egonkortasun izan dezan".