Oria auzoko bizilagunek haien zaindari den Karmengo Amaren eguna ospatu zuten larunbat goizean.
Solano trikitilari eskolako gazteak, Kristiñe Solano gidari zutela, goizeko 10:00ak aldera hasi ziren kaleak girotzen eta haien doinu alaiez, auzotarrak Karmengo kaperan eguerdiko 12:00etan egin zen mezetara joatera gonbidatu zituzten. Mezara herritar ugari bildu ziren, esaterako Pablo Barrio alkatea, Jesus Zaballos alkate ohia eta hainbat zinegotzi.
Juan Luis Muruak zuzendu zuen oriatarren zaindarien meza, Xabier Andonegi eta Ramon Uribetxeberriaren laguntzaz.
Urtero legez, aurten hildako auzotarrak izan ziren gogoan.
Pilar Catalina sopranoak, Amaia Dorronsoro organoan lagun zuela, mezetako hainbat tarte musikaz girotu zituen, horien artean Ave Maria zoragarria eskaini zuen.
Elizkizuna amaitzerakoan, trikitilariek auzotarren irteera girotu zuten. Eta ostean, lunch gozo bat dastatzeko aukera izan zuten hurbildu ziren guztiek.