“Esperientzia berria eta berezia da”

itxaso-moreno 2011ko uztailaren 18a

Haritz Borda Etxezarreta lasarteoriatarrak bizitza erdia darama futbolari lotua. Errealean ibili zen, eta 23 urterekin Athletic-eko bigarren taldeko atzelari lanetan jardutera abiatu zen 2008 denboraldian. Ondoren Mirandes F.Tera egin zuen, bigarren mailara igotzeko play-off-a jokatuz. Denboraldi polita egin zuten berak eta taldekideek Mirandesekin. Momentu politak izan ziren jokalari eta afizioarentzat. Azkenean igoera lortu ez bazuten ere, Haritz bigarren mailan lehiatuko da aurten, Recreativo de Huelva taldean hain zuzen ere.

Urtetako ametsa bizituko du Haritz Borda lasarteoriatarrak. 26 urterekin bigarren mailan jokatuko du aurten atzelariak, hain zuzen ere Reacreativo de Huelvan. Uztailaren 11n aurkeztu zuten eta harez geroztik gogor dabil lanean denboraldian zehar postu bat eskuratu ahal izateko. Honetaz gain, Mirandesekin jorratutako denboraldi bikaina ere errepasatu dugu hurrengo elkarrizketan.

Noiz hasi zinen futbolean jokatzen?
Lizeo Santo Tomasen hasi nintzen, bertan ikasi bainuen. Hortik Errealera pasa nintzen, alevinetara. Ondoren denboraldi bat Real Unionen ibili nintzen, lagata. Urte hori amaituta Athletic B-ra pasa, eta ondoren Mirandesera. Denboraldi polit baten ostean, orain bide berri bati ekiteko garaia iritsi zait, Reacreativo de Huelva taldek fitxatu nau.

Huelvara zoaz aurten.
Aurrera pausu handia izango da nire karreran. Bigarren mailara egin dut salto eta orain indarrez beteta aurkitzen naiz nire bizitzako etapa berri honi hasiera emateko.

Zein espektatiba edo helbururekin zoaz Huelvara?
Ni hara jolastera noa, beraz helburu bakarra hasieratik gogor aritzea eta lehiatzea izango da. Nire aldetik ahal dudan guztia emango dut jolastu ahal izateko.
Ondoren, entrenatzailearen erabakia izango da taldeko alineazioa, baina bertan sartu nahi dut. Horregatik hasieratik, bigarren maila horretan konpetitiboa izatea daukat xede.

Norbait ezaguna topatuko al duzu?
Ez, dena berria izango da niretzat. Recreativo de Huelvan dauden jokalariekin ez dut inoiz jokatu, ez ditut ezagutzen. Gainera oraingoa lehenengo aldia izango da etxetik hain urruti jardungo naizela, esperientzia berezia eta berria izango da.

Nola hartu duzu erronka berri hau?
Etxetik urruti noa, baina buruan gauza bakar batekin, esperientzia berria eta itxaropentsua izango dela nire karrerarentzat. Futbolistikoki pausu handia izango da, baita bizitza pertsonalean, etxetik urruti gauza asko ikasiko ditudalako.

Orain Huelvara, baina hitz egin dezagun aurten Mirandesekin jorratutako denboraldi politari buruz.
Hasieratik esan ziguten ekipo polita osatzen genuela eta indarra geneukala goiko postu horietan ibiltzeko. Ekipo polita zen gurea, baina inondik inora ez genuen espero hain goian ibiliko ginenik denboraldian zehar.
Jokatzen hasi ginenetik lehenengo lau postuetan ibili gara, sorpresa ikaragarria izan zen guretzat.
Mirandes duela bi urte igo zen bigarren B mailara. Lehenengo urtean kosta egin zitzaien kategoria mantentzea eta aurten igotzekotan egon gara, urte ikaragarria afizioarentzat.

Nolatan hartu zenuen Mirandesera joateko erabakia?
Athletic-ekin kontratua amaitzen zen eta beste talde batera jo behar izan nuen. Hurbiltasunagatik eta ekipo ona zela uste nuenez Mirandesera egin nuen.

Bertan gainera euskaldun asko elkartu zineten, ez?
Bai, nik uste plantillako 12 jokalari edo euskaldunak ginen, entrenatzailea barne. Giro polita zegoen.

Nola sentitu zara denboraldian zehar?
Egia badinot, nire bizitza osoan egin zaidan liga azkarrena izan da Mirandesekin bizitakoa. Nahiz hilabete eta erdi luzatu play-off-a jokatu genuelako.
Goian zoaz, gauzak ondo ateratzen zaizkizu, jokalarien artean oso harreman ona geneukan... bazkari, afari pila bat egiten genituen, ordu ugari pasa ditugu elkarrekin eta hori taldearen dinamikan eta elkartasunean asko lagundu du, eta hori ere zelaian ikusteko parada egon da.

Eta zure burua nola ikusi duzu?
Oso ondo. Hasieratik entrenadoreak nirekin kontatu zuen. Orduan nire txanda izan zen, konfiantza hori bueltatu behar nion, pixkanaka hobetzen joan nintzen, gustura sentitu nintzen.

Nola izan da play-off-a?
Liga berezia izan da, baina play-off-a beste berezitasun batekin jokatu dugu.
Lehenengo kanporaketa Cadizen kontra egokitu zitzaigun eta etxera emaitza txar batekin iritsi baginen ere, 0-2, buelta eman eta 4-1 irabazi genien.
Azken kanporaketan, Guadalajararen aurka, dena gure alde zegoen. Han 0-1 irabazi genuen. Partidua ondo hasi bazen ere, bi jokalditan bi gol egin zizkiguten eta azken minututan igoera galdu genuen.

Eta zer moduz hartu zuten jarraitzaileak?
Mirandeseko afizioa ikaragarria da, ez da bigarren B mailako afizio ohikoa. Larunbatero edo igandero zelaira joaten da eta pilo bat animatzen dute. Kantiko ugari dituzte eta asko laguntzen dute taldea.
Play-off osoan zehar erantzun polita eman zuten. Azkenean igoera lortu ez bagenuen ere gurekiko jarrera paregabea eduki zuten. Partidu osoan animatzen ibili ziren, baita kanporaketa galduta genuenean ere.

Nola izan zen partidu amaiera hori?
Partidua amaitu eta leher eginda geratu ginen, etxera joan eta partidua ahazteko gogoak genituen.
Afizioak ospakizunetarako hainbat ekitaldi prestatutak zituen. Igoera ez lortzea kolpe gogorra izan zen, baina afizioak hala ere denboraldi bikaina ospatu nahi zuen.
Gogorik ez bagenuen ere, ospakizunak zeuden plazara abiatu ginen eta afizioa agurtu genuen.
Plaza beteta zegoen eta momentu orotan gu animatzen ibili ziren. Igoera lortu ez bagenuen ere, egindako denboraldia eskertu ziguten.

Mirandesekin denboraldi polita egin zenuen. Eta aurten ere Recreativon zure tokiaren bila.
Helburu horrekin noa, momentuz aurre denboraldian gogor aritu eta hamaikakoan sartzen saiatuko naiz. Gogoz nago!