Noiz hasi zinen komikiak egiten? Eta umorezko zintak?
Egin nuen lehengo komikia Irungo ikastolen elkarteak antolatutako lehiaketa baterako izan zen, 9 edo 10 urterekin. Eta hara non irabazi egin nuen. Agian horrek bultzatuta animatu nintzen nire istorioak asmatzera.
Umore zintak ordea, beranduxeago etorri ziren. Oroitzen dudan lehenengoa DBHn izan zen, irakasle baten karikaturarekin.
Baina modu serioago batean duela 5 urte hasi nintzen umore zintekin, Berria egunkariaren Matraka gazteentzako gehigarrirako egin nuen Euskal Frikia pertsonaiarekin.
Nondik datorkizu komikiak marrazteko zaletasuna?
Nire ustez txikitan denok marrazten dugu. Kontua da gero zaletasun hau galtzen joaten garela. Nik marrazten jarraitu dut, etengabe.
Era berean, egia da komikien zaletasuna etxetik datorkidala. Aita eta anaia marrazle onak eta komiki irakurleak dira. Urtetan joan izan gara elkarrekin Baionako komiki denda batera komikiak erostera.
Nolako komikiak egin ohi dituzu?
Azken aldian orribeteko umore edo gaurkotasun zintak egitea tokatu zait, baina hori baino lehen Euskal Herriko komiki txapelketa guztietara aurkeztu izan naiz eta gehienak 4 orrialdetako formatua izaten zuten.
Komiki hauek txuri-beltzean egiten nituen eta nabarmenki jotzen nuen zientzia fikziora. Uste dut nire gai kuttuna dela.
Zergatik aukeratu dituzu umorezko zintak erakusketa egiteko?
Batez ere egin ditudan azkeneko lanak direlako aukeratu ditut umore zintak. Esan dezagun erakustekoak lotsa gutxien ematen didaten komikiak direla!
Gainera, horrela erakusketari gai bat jartzeko aukera nuen. Erakusketan jarritako umore zintak marraztu baino lehen beste modu batetako komikiak marrazten nituela egia da, hortik erakusketaren izena: Umore zintak marrazten saiatu zen komikilaria.
Erakusketan ikusi daitekeenez, aldizkari desberdinetarako, umorezko zintak egiten dituzu. Ez al da zaila gaiari edo egunekotasunari mugatua egotea? Eta hain tarte txikian guztia margotu eta laburtu behar izatea?
Gaurkotasun gaiei mugatu behar izateak muga baino gehiago laguntza suposatzen du niretzak istorioak asmatzeko orduan, hasiera bat ematen dizutelako.
Gainera, gaurkotasuneko gai bat ez zuen istorio on bat bururatzen zitzaidanean inork ez zidan mugarik jartzen nahi nuena marrazteko, batez ere Matrakan eta Nabarra aldizkarian. Aldiri arkitektura aldizkariak gai konkretu bat izaten du ale bakoitzean eta nire zinta ere gai horri egokitu behar izaten zen.
Tarte txikian istorioa kontatu behar izatea ordea bai izan dela erronka bat niretzako. Beste formatu batetara ohitua egonda batzuetan orri bakarrean bineta gehiegi sartzen saiatu izan naiz, komiki eta umore zinta arteko nahasketa arraroak eginez.
Erakusketan marrazki eta zinten zirriborroak ere ikus daitezke, nolakoa da komikia egitearen prozesua?
Ekintza sortzaile oro bezala, buruan hasten da prozesua.
Komikia buruan nahiko argi izan baino lehen ezer gutxi marrazten hasten naiz.
Gero, story-board modura bineta solteak marrazten ditut irudi sekuentzia erabakitzeko.
Ondoren, zirriborro ezberdinetan aukeratutako binetak orrialde batean ordenatzen ditut orriaren forma egokia topatu arte.
Azkenik, komiki originala marrazten dut. Beti hasten naiz arkatzez, batzutan tinta gehitzen diot eta bukaeran ordenagailuz koloreztatzen dut.
Esan beharra daukat hasierako zirriborro guztien prozesua saltatu egiten dudala denboraz larri banabil.
Marrazteko estilo desberdinak, hau da, karikatura, errealista, etab. erabiltzen dituzu gaiaren arabera, ezta?
Bai. Komiki bakoitzak "tonu" bat du, eta marrazkien karkaturizazio maila honen arabera erabakitzen dut. Baina tonu honek komikiaren forma eta koloreak ere baldintzatzen ditu. Adibidez, Mikel Laboaren omenez egin nuen zintan estilo errealista eta kolore gama oso hitsa erabili nituen.
Zinta edo komikia egitean, marrazkia egin eta testua jartzea ez al da zaila?
Normalean komikigintza profesionalean komikiak marrazkilari eta gidoigile baten artean egiten dira.
Gertatzen dena da Euskal Herria oso txikia dela eta gure komikigintza oraindik txikiagoa, eta zaila da modu profesionalean horrelako talde sortzaileak elkartzea.
Beti nago gidoiak idatziko dizkidan idazle baten bila. Elkarrizketa hau irakurtzen duen idazlerik interesatuta balego, jarri nirekin kontaktuan beldurrik gabe!
Umorezko zintez gain, Jalgin kklrdo proiektuko komikia ere ikus dezakegu. Zer suposatzen du komiki horrek zuretzat?
Komiki horrekin umore zintak marrazten hasi baina lehenagoko gaiak eta formatuak berreskuratzen ditut bidean ikasitako guztia aplikatuta. Nire benetako estiloa kontsideratzen dut eta nire gogo guztiekin marraztu dut.
Komiki honen istorioa Lazaro Yak Boldo zinemagilearekin batera garatu dut elkarlanean, eta gainera, Berako nire lagun taldearekin web orrialde bat egin dugu komikia plazaratzeko: www.kklrd.com.
Nahi duenak bertatik deskargatu dezake komikia Creative Commons lizentziapean edo on-line irakurri Joseba Baleztena musikariak egindako soinu banda entzuten duen bitartean.
Eta orain zeintzuk dira esku artean dituzun proiektuak?
Orain buru belarri nabil kklrd web orrirako bigarren komikia marrazten.
Oraingoan Lazarok laburmetraia baterako egindako gidoia komikituko dut. Ariketa polita izango da, azkenean laburmetraia egin gabe geratu bait zen. Berak gidoia pasatzerakoan esan zidan komikia nik nahi bezala egiteko eta ez erakusteko ezer bukatu arte.
Beraz, elkarlan independiente bat izango da.