Ane Labakak X. Plazatik Gaztetxera bertso lehiaketako txapela jantzi zuen

Txintxarri Aldizkaria 2011ko uztailaren 18a

Bertsolari Gazteen X. Plazatik Gaztetxera txapelketaren finala uztailaren 1an, jokatu zen leporaino beteta zegoen Mutrikuko Gaztetxean.
Oihana Iguaran, Aitor Salegi, Peio Ormazabal, Ander Zulaika, Hodei Iruretagoiena eta Lasarte-Oriako Bertso Eskolako Ane Labaka herritarra, Beñat Iguaran amasarra eta Asier Azpiroz zubietarra izan ziren kantuan.
Hala baina, finalera iristeko sailkapen saioak gainditu behar izan zituzten Bertso Eskolako hiru gazteek.
Gipuzkoako txapelketa prestatzeko egindako lana ageria izan da txapelketa honetan. Beñat Iguaran eta Ane Labakak haien sailkapeneko saioan zuzeneko txartela lortu zuten. Asier Azpirozek, aldiz, bere saioan lortutako puntuengatik lortu zuen sailkapena.

Sailkapen saioak

Beñat Iguaran eta Asier Azpiroz ekainaren 17an egin zen Elgoibarreko sailkapen saioan aritu ziren.
Bertso saio polita izan zen Elgoibarrekoa. Honetan, Lasarte-Oriako bertso eskolako kideez gain, Mikel Olaizola, Ander Solozabal, Peru Vidal eta Adur Gorostidik abestu zuten.
Ofizioko lanean eta Zortzi handian ongi ibili ziren bertsolari guztiak. Asier Azpiroz bizi egon zen saio osoan eta Beñat Iguaran Zortziko txikian eta bakarkako lanean aritu zen fin.
Azkenean, Iguaran amasarra gora behera gutxien izan zituen bertsolaria izan zen eta horregatik, epaileek buruz burukoa jokatzeko aukeratu zuten, 199 punturekin. Bestalde, bertsozaleek Mikel Olaizola aukeratu zuten.
Biek hiruna bertso bota zituzten eta Iguaran izan zen garaile. Makila berezia eta sagardoa eraman zituen etxera gazteak.
Saio honetako sailkapenean Iguaranen atzetik, Asier Azpiroz zubietarra geratu zen 194 punturekin eta sailkapen saio guztiak jokatu ostean, puntu hauek baliagarriak izan ziren finalean egoteko.
Ane Labakak, aldiz, ekainaren 18an Soraluzen izan zuen sailkapen saioa.
Eneko Beretxinaga, Josu Urain, Eneritz Artetxe, Ion Mikel Mujika eta Enaitz Alustiza izan zituen arerio.
Saio polita, arina eta bizia izan zen. Bertsolari guztiek ondo egin zuten lan eta Anek maila oso ona erakutsi zuen.
Epaileek puntuaketa gehien eman zioten, 203 puntu, eta entzuleek aukeratutako Josu Urainen aurka egin behar izan zuen buruz burukoa.
Hamarreko txikian egin zituen Anek puntu gehien eta horregatik, sailkapeneko garaile izan zen. Oroigarri gisa, antzemateko moduko txapela eta txotxongiloa izan zituen herriko bertsolari gazteak.

Finala

Gauzak honela, finaleko saioan zortzi bertsolariak pareko ibili ziren eta nabarmentzekoak izan ziren Ane Labaka eta Beñat Iguaran.
Hala baina, epaileek lasarteoriatarra aukeratu zuten buruz burukoan egoteko, lan borobila egin baitzuen herriko gazteak 153 puntu lortuta.
Labakaren atzetik, Beñat Iguaran izan zen puntuazioan, 150,5, eta Azpirozek, berriz, 144,5 puntu lortu zituen.
Hala ere, ezin izan zen herriko bertso eskolako kideen arteko norgehiagoka ikusi. Publikoak, Aitor Salegi nahiago izan zuen, jokoa eman baitzuen saioan botatako bertsoetan.
Buruz burukoan, saio osoan zehar bezala, Ane izan zen nagusi. Aipatzekoak dira Labakak egindako kartzelako lana eta Saturrarango kartzelan gertatutakoari buruzko bertsoak. Honela, Plazatik Gaztetxera txapelketako irabazlea izan zen Ane Labaka.
Bertsolariek Mutrikuko gaztetxeko zapia eta “Gaztetxeak kontserba ditzagun” lelopean kontserba lata bat duen egur zati bana izan zituzten oroigarri moduan.