21_Lasarte-Oriako Ostalarien elkarte berriaren lehenengo pausuak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko uztailaren 21a

Herriko hemeretzi ostalariek bat egin dute asteburuetako giroa bultzatu nahian eta Lasarte-Oriako ostalarien elkartea sortu berri dute. Oraingoz San Pedro jaietan zozketa antolatu zuten, baina aurrerantzean hainbat ekintza egitea dute buruan.

Duela bi hilabete eman zituen bere lehenengo pausuak eta dagoeneko martxan da Lasarte-Oriako Ostalarien Elkartea. San Pedro jaietan eman zuten lehenengo pausua, baina ez da bakarra izango.
Elkarteko arduradunek azaldu digutenez, “inauterietan pintxo poteoak izan zuen arrakasta ikusirik, sortu zen ideia”.
Horren ostean, apirila eta maiatza aldera bilerak egin eta elkartea sortu zuten.
Hainbat helburu ditu, horien artean azpimarragarrienak, Lasarte-Oriako ostalarien artean batasuna lortzea eta herriko giroa bultzatzea dira, “jendea ez dadila beste herrietara joan edatera, gure herrian taberna ugari dago eta”.

Honela, gure herriko hemeretzi ostalari izan dira kaleak girotu eta biziberritzeko asmoz batu direnak: Abend, Andatza, Avenida, Buenetxea, Dakara Galiza, Ilargi, Illun, Insausti, Kantoi, Lurra XXI, Mendi Kafe Rock, Naiban, Sasoeta, Santxo, Sustrai, Trumoi, Udaberri eta Yolanda.
Beste ostalaririk parte hartu nahiez gero, astearteetan 21:30ean Buenetxea tabernara gerturatzea besterik ez du.