Aurten gainera, berrikuntza handiena, ekintza nagusien kokalekua dugu. Artisau azoka eta Parodia Okendo plaza berrian egingo dira berriro ere.
Artisau azoka
Gauzak honela, igandean, goizez eta arratsaldez, Udalak antolatutako artisau azoka egongo da plazan.
Eskulanez gain, elikagaiak probatzeko eta erosteko aukera ere izango dute azoka bisitatzen duten herritarrek.
Gainera, arratsaldean 18:00etatik aurrera, erromeriako doinuek girotuko dute azoka.
Eguneko ekitaldiak
Bestalde, asteartean, Santa Ana eguneko ospakizunak ditugu.
Ohitura denez, eguna 11:00etan, Brigitarren Komentuan egiten den mezarekin hasiko dira.
Ondoren, mezetara joan direnek eta Brigitarren plazara hurbiltzen direnek Ttakunek antolatutako luncha dastatu ahalko dute.
Eguerdi aldera, Udaletxe ondoko Santa Ana Karkaban ikurrina jarri eta Erketz Euskal Dantza Taldeko dantzariek agurra dantzatuko dute.
Kirola
Kirolerako tartea ere egongo da egun honetan.
Loidi-Barreneko frontoi berrian, 18:30etatik aurrera, Santa Ana txapelketako finala eta 3. eta 4. postua erabakitzen duen partida ikusi ahalko dira.
Desfilea
Gauean, berriz, 22:30ak aldera hasiko da Parodia. Baina aurretik antzezle eta laguntzaileak, laurogei bat lagun inguru, herriko kaleetatik barrena ikusteko aukera izango dugu.
Semblante Andaluz elkartean bapo afaldu eta Parodia igartzen duen desfilea egingo dute.
Herriko erdigunetik eta Zumaburu auzotik igaroko dira Okendo plazara egin baino lehen.
Omenaldia
Hona iritsitakoan, Santa Ana eguneko omenaldiaren txanda izango da.
Aurten 50 urte betetzen dituen Buruntz-Azpi elkartea izango da omendua.
Bere ibilbide luzean elkarteak kirol eta kultura mailan hainbat ekintza burutu eta herriko ekimenetan parte hartu duelako izan da aukeratua.
Parodia
Ostean, eguneko ekitaldi nagusiaren txanda izango da, Parodia.
Antzerki umoretsu honetan, azken urtean herrian eta gizartean gertatutako kontu garrantzitsuenak errepasatuko dituzte. Aurten gidoigintza lanetan Mailu Arruti, Pablo Barrio, Idoia Garzes, Jokin Ayerregaray eta Martin Anso aritu dira.
Epaileak, Santa Ana, San Joakin eta Basajaunek abokatuen eta testiguen adierazpenak entzun beharko dituzte lehenik. Ostean, akusatuak erreko dituzten edo ez erabaki beharko dute.