"Askatu zure burua, buruko gaixotasunen inguruko mitoak apurtu" kanpaina burutzen ari da Agifes Gipuzkoako elkartea sortu zenetik 25 urte bete direnean. Hain juxtu Vicente Rubioren pelikularen ardatzetako bat gaixotasun mentalei buruz dauden mito edo uste okerrak gainditzea da, esaterako, eskizofrenia duten gaixoak agresibitate edo indarkeriarekin lotzeko joera. Gaixo hauek eraso bortitzekin lotzea gizartean oso zabaldua badago ere, komunikabideetan horrelako kasuak ateratzen direlako, dokumentalean erakusten da kasu gehienetan ez dela horrela.
Vicente Rubiok, batetik, bere esperientzia kontatzen du, bestetik, hainbat sendagileren hausnarketak jasotzen ditu eta hainbat herritarrek gaixotasunari edo gaixoei buruz duten iritzia ere bai. Ordu eta laurden irauten duen dokumentalaren beste ardatzetako bat da tratamendu egokiak jarraituz eta batez ere maitasunaren bidez gaixoen desorekak kontrolatu eta gaixotasun psikikoak sendatu daitezkeela.
Filma ikusi ondoren bertan izan zirenen arteko esperientzia trukaketa hasi zen. Ikusle batzuek horrelako gaixotasunen bat duten pertsonen senideak ziren eta euren esperientziak kontatu zituzten.
Batzuei baikorregia iruditu zitzaien kontatzen zena, filmak ikuspegi oso itxaropentsua duela alegia, euren ustez kasu eta errealitate guztiak ez baitira berdinak edo hain gozoak, baina denek aitortu zuten oso interesgarria dela pelikula, eta horrelako kasuen aurrean izaten den nahasmenaren aurrean gauza asko argitzen dituela.
Agifes-eko arduradunek filmaren aurkezpenean eta ondorengo tertulian aipatu zutenez, gizartean herritarren ehunetik batek izaten du noizbait eskizofrenia arazoren bat, kasu berriak gutxi gorabehera zortzi mila biztanletik batek une konkretu bakoitzean eta buruko beste arazo batzuei dagokienez, depresio edo beheraldi, antsietate, estuasun, nortasun gorabehera edo desoreka,... herritarren laurden batek izaten ditu.
Nahasmen handia
Agifes gaixo eta senideen elkartea da eta bere helburua arazo hauek ulertu eta askotan gaiaren inguruan izaten diren uste okerrei aurre egitea da. Asko sufritzen dute pertsona hauek askotan beraien eta oro har gizartearen ezjakintasunaren ondorioz, eta beraz laguntza ezinbestekoa dela uste dute elkartekoek. Horregatik ematen du beharrezko harrera, laguntza eta informazioa, arazoa ulertu eta egoki erantzuteko.
1985ean sortu zen Agifes, ordutik hazten joan da eta irabazi asmorik gabeko elkarte honi jada onura publikoa aitortu zaio. Euren aurkezpenean adierazten dutenez, "maite ditugun pertsonen eta Gipuzkoako gizarte osoaren osasun mentalaz arduraturik gaude. Gaixotasun mentala dutenen eta euren sendikoen bizi kalitatea hobetzearen alde lan egiten ari gara". Donostian Antso Azkarra kalean 25, 1D zenbakian daude edota, bestela, www.agifes.org helbidean.